Hiri askotako airea kutsatuta dagoela gauza jakina da. 2002an egindako ikerketa batean behatu zenez, karbono monoxidoa 1,1 ppm (milioi partikulako hainbat) handitzean hilkortasuna %1,7 handitzen da.
Berriki, Frantziako Montpellier eta Avignon-eko unibertsitateetako ikerlari talde batek arratoiak karbono oxido kopuru handi samarra –kutsatutako hirietan izaten den adinakoa– zuen gela batean eduki zituen lau astetan, eta arratoien bihotzetan ez-normaltasunak agertu ziren. Batetik, bihotzak handitu egin zitzaizkien, eta bestetik, askok arritmia izan zuten. Handik pixka batera hainbat arratoi bat-batean hil ziren, ziurrenik arritmien eraginez.
Arratoiekin egindakoa ezin da gizakiarekin egin, baina arestian aipatu ikerketa-taldeak gizakia bere habitat naturaletik irten gabe aztertu nahi du, behaketarako tresna aurreratuak erabiliz. Ziur daude hiri poluituetako pertsonen bihotzetan gertatzen denak arratoiei jazotakoarekin antz handia izan dezakeela.