Tombstone, Arizona (AEB), 1881eko urriaren 26a. Arratsaldeko hirurak inguruan AEBetako duelu basatiena eta ezagunena gertatu zen O.K. Corral ukuiluaren aurrean. Aurrez aurre, Mendebaldeko pistoladun azkarrenak eta zehatzenak: zintzoen bandoan, Wyatt, Virgil eta Morgan Earp anaiak eta John Holliday; gaiztoen artean, berriz, Ike Clanton, Billy Clanton, Tom McLaury, Frank McLaury eta Billy Claiborne. Nola ez, legearen eta ordenaren ordezkariek gaizkileak menpean hartu zituzten eta Wyatt Earp, tiroketatik zauririk gabe irten ondoren, heroi bihurtu zen. Edo horixe kontatu digute, behintzat, gertakaria hizpide izan duten film gehienek:
My Darling Clementine (1946),
Gunfight at the O.K. Corral (1957),
Tombstone (1993),
Wyatt Earp (1994)...
Baina errealitatea oso bestelakoa izan zen. Hasteko, tiroketa ez zen gertakariari izena eman zion ukuiluaren parean izan. O.K. Corralen atzealdean izan zen, Fly’s ostatuaren, argazki estudio baten eta McDonald laborategiaren artean, eta Fremont kalean amaitu zen.
Alderdi sakonagoetara joz, zintzoen eta gaiztoen arteko borrokaren atzean lehia konplexuagoa dago. Earp anaiak Tombstoneko aguazilak ziren eta, zentzu horretan, egia da legearen ordezkariak zirela. Eta arerioek zenbait delitu burutu zituzten, ganadu lapurretan arituak ziren. Baina ez dirudi gaizkileak Tombstonen gorrotatuak zirenik, besteak beste Johnny Behan sheriffaren babesa baitzuten. Herritar askoren ustez, aguazilak herriaren interesen aurka eta beren onurarako legea inposatzen zuten arrotzak ziren. Zenbait historialarik aurreko belaunaldiak bizitako Gerra Zibilaren arrastoak ikusi ditu gatazka honetan; earptarrak gerra irabazi zuten yankee-en oinordekoak lirateke, eta besteak konfederatuen bandokoak.
Bestalde,, tiroketaren bederatzi protagonistak ez ziren inola ere westernek erakutsi dizkiguten tiratzaile trebeak. Virgil Earp eta Billy Claiborne ez beste guztiek, orduko hartan hartu zuten lehen aldiz parte tiroketa batean. Gainera, Claibornek ez zuen bere esperientzia erabili, tiro bat bera ere bota gabe ihes egin baitzuen duelutik. Ez dago garbi nor izan zen sua hasten lehena, baina 30 segundo ingurutan 30 tiro bota zituzten. Tiratzaileen abilezia eskasa kontuan hartuta, Wyatt Earpek zauririk ez izatea ez da miraria. Harritzekoagoa da McLaury anaiak eta Billy Clanton hil izana eta Morgan Earp, Virgil Earp eta John Holliday zauritu izana.
Baina halako ikuskizun tamalgarriak ez luke ondo emango zinema pantailetan.
Hemen behean, Gunfight at the O.K. Corral filmaren zati bat: