Reyerta en la Feria
Léo Malet / Jacques Tardi
Norma Editorial (1. edizioa: 1997)
78 orrialde, zuri-beltzean
Atsegin dut liburutegira joan eta Berrienak apaletik bi pausora, komikiari eskainitako gunean, Reyerta en la Feria moduko klasikoak aurkitzea. Heldu berri diren liburuei begiratu azkarra eman ostean, denbora gehiago pasa ohi dut gustuko aleen artean saltseatzen, sarri, nobedadeekin arriskatu baino, nahiago dugulako aseko gaituela badakigun liburua hartzea. Oraingoan ere merezi izan du.
Léo Malet (Montpellier, Frantzia, 1909-1996) idazleak sortutako Nestor Burma detektibe pribatua da Reyerta en la feria komiki beltzeko bi protagonistetako bat. Pipa erretzaile amorratua, Georges Simenon (1903-1989) nobelagile belgikarrak sortutako Maigret komisarioaren antza du. Hura, ordea, Frantziako polizia judizialeko komisarioa zen eta Burma, Frantziako polizia judizialaren mesfidantza sortzen duen detektibe ipurterrea.
Bigarren protagonista nagusia 1950eko hamarkadako Paris da, zuri, beltz eta grisezko hiriburu euritsua. Jacques Tardi (Valence, Frantzia, 1946) komikigileak zehaztasunez marraztu ditu autoen faroek argiztatutako eraikin eta etorbide eleganteak, berdin euriak bustitako galtzada harritsuak, Nazioaren Plazako feria ahaztu barik, noski.
Hantxe abiatzen da istorioa, Burma detektibea emakume eder baten pausoei jarraitzen hasi eta Super zortzia izeneko atrakzioan gizon batek eraso egiten dionean. Zergatik? Burmak ez du erantzuna berehalakoan aurkituko. Poliziak, txupa beltzeko gazte borrokazaleak, enpresari aberatsak, maitaleak, feriako artistak, 150 kilo urre eta hildakoak, hildako franko aurkituko du bidean.