ELAko sindikalistek alarma jo dute. Sestaoko La Navaleko erregulazio espedientea, enpresa behin betiko ixteko lehen pausoa litzatekeela diote, edota gehienez ere, 100 edo 150 langilerentzako ontziola izango litzateke. Gaur egun 415 langile ditu eta beste 1.200 dabiltza enpresa laguntzaileetan. Bere lurrekin espekulatzeko egingo den operazioaren bezperan egon gintezke, edo hizkera arruntean esan ohi den bezala “pelotazo urbanistiko” baten atarian. Sestaoko La Navalek hainbat fase izan ditu eta orain arte ontziola bezala jarraitu izan du lanean. Azken pausoa 2005eko pribatizazioa izan zen. Construcciones Navales del Norte (CNN) elkarte pribatuak lortu zuen, CCOO eta UGTren babesaz, ontziola bereganatzea hiru milioi euroren truke. Hiru urtean 36 milioiko onurak izan zituen, soilik SEPI enpresa publikoak utzitako lan karga ateraz. Kontratu falta aitzakia hartuta, enpresak erregulazio espedientea mahai gainean jarri du orain, eta ELA sindikatua horren kontra azaldu da.
Administrazioko arduradun politikoek, erregulazio espedientea onartzeko orduan, kontuan izan behar lukete espekulatzeko aukera hori. Ondo begiratu beharko lituzkete egin daitezkeen maniobrak, 2012ko abenduan jabeek ontziola itxi baitezakete eta pelotazo urbanistikoa antolatu. Ez litzateke lehenengo aldia izango Ezkerraldean. Hor daude AHV, BW edota Sefanitro-Fertiberiako itxierak. Orain merkataritza gune handi, supermerkatu, etxebizitza eta aisialdirako zentroak daude lur horietan. Pribatizazio akordioaren arabera, 2012ko abenduaren 1etik aurrera ontziolaren jabeek eskuak libre dituzte nahi dutena egiteko bere etorkizunarekin. Ondorioz, sindikatuek, langileek eta administrazioek kontuz ibili beharko lukete, CNN elkarte pribatuaren mugimenduei adi.