argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2010ko martxoaren 30

Joana Itzaina (Itsasu, 1981) da Bertsularien Lagunak Iparraldeko bertsolari eta bertsozale elkarteko lehendakari berria. Ortofonista ikasketak egin ditu Itzainak, eta 2006an hasi zen gai-jartzaile lanetan. Txapelketa Nagusian lehenengoz parte hartu zuen iaz.

 

Seiren musika talde bizkaitarrak bigarren diskoa kaleratu du: Marraren beste aldean zu (Brian's Records). Lan berria aurkezteko birari apirilaren 23an ekingo dio, Mungiako Olalde aretoan. Hurrengo egunean Zornotzako Zelaieta zentroan eskainiko du kontzertua.

 
 

Ander Olaizola argazkilari goizuetarrak Baso baten egunerokoa argazki liburua autoekoiztu du. Betidanik ezagutu dituen basoetan bizitako sentsazio eta esperientziak jaso nahi izan ditu irudi eta testu laburren bidez. National Geographic, Pirineos edota Naturfoto argitalpenentzako lan egin izan du Olaizolak (www.anderolaizola.com).

 

Sagarroi musika taldeak agur esan du hamar urte bete eta gero. “Kontzertu kutunez beteriko hamarkada oso bat izan da”, diote Iñigo Muguruza eta konpainiak euren webgunean, “Euskal Herria, Katalunia, Galizia, Madril, Alemania, Kuba, Suitza, Kroazia, Eslovenia, Serbia, Italia, Errusia eta Japoniako eszenatokietan”. Bost disko plazaratu ditu Sagarroik: Meatzaldea (Metak 2001), Euria ari duela (Metak 2003), Toulouse (Metak, 2004), Baleike (Kasba, 2006) eta Haikua (autoproduzitua, 2008).

 
 

Udaberri Teatroa konpainiak Shyllock Gallerie obra estreinatu du. Ana Miranda, Ander Vildosola eta Jorge Carrero aktore donostiarrek taularatu dute, Mirandaren zuzendaritzapean. Shakespeareren Veneziako merkataria obran oinarritua, margolari gaztearen, galeria bateko jabearen eta arte kritikariaren arteko harreman istorioa kontatzen du, ikuspegi ziniko batetik.