argia.eus
INPRIMATU
Erretretaren afera
Jose Inazio Basterretxea 2010ko martxoaren 31
Antton Olariaga
Pau izozte eta lau haizetetako herria zen hura; mundu honetan direnen artean, hotzena. Abendurako hasten ziren jada hozte eta afrontuak: ilgoretan, elurtea suertatzen zen; ilbeheretan, erauntsia.

Hotzak hartuta, kikilduta eta uzkurtuta, lurpean bizi zen jendea; berariaz egindako kobazuloetan motelduta. Buztinetan zulatutako etxe modukoak ziren hango batzuk, arbeletan egokitutako egoitzak ziren beste batzuk; eta, bazen lastozko babesetan negua igarotzen zuenik ere.

Hotza eta horma, haizea eta ufada ziren herri hura guztiz erotzen zutena. Zeren hura, herri eroa baitzen; mundu honetan direnen artean, burugabeena.

Zaharren itxialdia. Garai gogorra bizi zuten herri hartako denek neguan, baina batez ere zaharrek. Domusantuak hurbildu ahala, haiek ziren haiek, ordezko hortzen dardarazikoak. Amabirjina abendukoetan, haiek atzamar mamietako hozkaminak. Nahikoa zuten zaharrek neguari aurre egitez.

Baina, urte malapartatu batean, goia jo zuen neguetako eromenak. Zigor guztiz larria ezarri zien herri hartako Gobernuak zaharrei: hil arteko lanaldia. Ezin izango zuten erretretarik hartu zaharrek, harik eta urak errekan gora egin arte.

Azkenerako, matxinatu egin ziren zaharrak. Eta, deliberatu zuten erretreta hartzea modu unilateralean, eurek euren kabuz. Gobernuak igorritako lau armadaren aurka egin, eta erabaki irmo eta aldebakarrekoa hartu zuten: “Fabrikara berriz, ez!”.

Zaharretxea hartu zuten erretretarako zoko eta txoko. Salda egin zuten bertan, eta ozen esan, entzun nahi zuen ororentzat: “Ez gaituzue hemendik aterako. Egin zuek lana!”.

Atea itsutu zuten. Zaintza eta guardia jarri leihoetan. Herri berri bat eraiki zuten lau horma gotor haien baitan.

Denboraren lana. Bildu zen Presidentea fabriketako nagusiekin. Bildu, sindikatuekin. Baina alperrik ari zen. Deliberamendu serioa hartua zuten zaharrek, eta “Nahikoa da!” zioen pankarta bat atera zuten balkoira.

Kafesnea prestatu zuten gaubeila luzeetarako. Ondo gozatua; zeren hagin postizoa besterik ez duenak, beldurrik ez azukreari.

Ezin eramana zuten batzuek zaharren konportamendua, eta hasi ziren, hasi, gazte batzuk zaharren aurka protestaka. Ziotenez gazte horiek: lan egin behar zuten zaharrek, berdin eragiten baitzien krisiak zaharrei nahiz gazteei. Harrika egin zioten balkoiari, pankarta hautsi arte.

Joan ziren elurrak. Joan ziren haizeak. Joan, hotzak eta afrontuak. Eta heldu zen, heldu, ordutegia aldatzeko festa, martxoaren bukaeran egiten zen hura. Leihoa ireki eta pankarta berria eseki zuten orduan zaharrek balkoitik; honela zioen: “Gustu badu, Hark egin dezala lan, Presidenteak!”.

Zakurrak bere buztanari kosk: udaberriak uda ekarri zuen; udak, udagoiena; eta jakina, abenduak izotza. Guztiz tenkatu zen giroa neguaren usainetan, zeren zoroagoa bihurtzen baitzen herri ero hura hodei beltzak hurbiltzen zirenean.

Eta hola, hamaika negutan luzatu zen enfrentamendua. Bitartean, bere lana betez joan zen erlojuaren denbora, isilik. Herio etorri zen zaharren bila. Banan bana eramaten zituen: gizonezkoak astelehenetan, emakumezkoak ostegunetan.

Azken agurearen bila etorri zenean, pintada bat aurkitu zuen Herio delako horrek komuneko paretan: “Hik erretreta hartuko bahu, guk zertan harturik ez!”.