argia.eus
INPRIMATU
Txelui Moreno
"Lubakiak estali eta zubiak eraiki behar dira"
  • Iruñea, 1958. Burlatarra da. Burlatako zinegotzi izana. Ezker abertzaleak Altsasun aurkeztu zuen agiria irakurri zuen azaroan. Ezker abertzaleak adimenez eta arduraz jokatzeko unea dela adierazi digu, baita uneon prozesu demokratikoa gauzatzeko baldintzak daudela ere.
Mikel Asurmendi @masurmendi 2010ko martxoaren 25a
Txelui Moreno
"Jon Anza hila izan dela argitzen bada, zer? Gobernuari ez zaio galdetu behar? Prozesu demokratikoan ez du eragiten?".Josu Santesteban
ETAk Parisko inguruetan jendarme bat hil aitzin solastu ginen Txelui Morenorekin. Ondoren, Dammarie-Les-Lys herrian gertatutakoari buruz ezker abertzaleak egin duen balorazioarekin bat egiten duela adierazi digu solaskideak.

Zutik Euskal Herria agiria bi unetan ezagutzera eman zenuten: urrian eta otsailean. Zein testuinguruan kaleratu zen gogoratzen al diguzu?


Urrian eztabaidarako txostena argitara eman zenean ez zen espero genuen bezala egin. Urriko atxiloketen [Otegi, Diez Usabiaga, besteak beste, Donostiako LABeko egoitzan] eraginez kaleratu zen, poliziak agiria hartu baitzuen. Agiria hedabideetan zabaldu zenerako Alfredo Rubalcabak eskuetan zeukan. Agiria kontsentsuatua zegoen baina oinarriek ez zuten irakurria. Halabeharrez, nahi baino lehenago atera zen prentsan, hainbat hedabideetan ematen ari ziren manipulazioak ekiditeko.

Agiriak balorazio ugari jaso du. Zein da zurea?


Ezker abertzaleak debate bat egin du, ez edozein debate, debatea maiuskulaz baizik. Orain arte eztabaidatu ez ziren aldagaiak beste era batez landu ditugu. Ez arazorik gabe, egoera ez baitago normalizatua. Ezin izan dugu hedabideetatik balorazioak egin askatasunez. Aitzitik, poliziak gure bilera asko deuseztu du. Halere, 7.600 lagunek parte hartu dute debatean, egoera oso zailetan. Legez kanpo dagoen erakunde batek, ia klandestinoa, jazarria eta jipoitua dena, jende kopuru hori mugiarazteak ezker abertzalea bizi-bizirik dagoela erakutsi du.

Geroago, Arnaldo Otegik idatzitako eskutitza eta ezker abertzalearen beste agiri bat zegoela aipatu zen zenbait hedabidetan.


Bai. Intoxikazioak. Hasteko, espetxean dauden atxilotuen eskutitza aintzat hartu behar da, prentsan atera zena. Atxilotuak izanda ere, eurek hasitako lanean eta ildoan jarraitzea gonbidatu zuten. Arnaldorena omen den eskutitza dago bestalde, poliziak prentsara bidali duen filtzazioez osatua. Badago ere Gakoa agiria. Diario de Noticiasek argitaratua, kide historikoek idatzia, diotenez. Inork ez daki baina nor diren kide horiek. Lotsagarria dena da, aurkitu omen dutena argitaratzea egileen baimenik gabe. Lotsagarria da kazetaritzaren kode deontologikoa haustea. Ustezko egileekin kontrastatu gabe, poliziak filtratu duenari men egiten diote. Hara, dagoen bakarra ezker abertzalearen txostena eta Altsasun publiko egindako agiria dira.

Batzuek ETArentzako hitzak espero zituzten agirian.


Bai, baina agirian ez ditugu PSOE edo Espainiako Gobernua ere aipatzen, eta horiek ere eragile politikoak dira. Kontua ez zen hori. Kontua da ezker abertzaleak erabaki duela debatea egitea, agirian finkaturiko oinarrietan. Horiek dira ildoak eta horien araberako izanen dira ondorioak.

Galdera hau ere egin dizute: “ETAk atentatu bat egingo balu?”


Eta esan diet: “Zer nahi duzue ETAren atentatu bat, zein helburuz ari zarete? Guk adierazi dugu nola nahi dugun prozesu demokratikoa garatzea: biolentziarik gabe. Rubalcabari galde diezaiotela ea agiriak dioen terminoetan garatu nahi duen prozesua. Ez diote galdetu.

Areago, zuk esan duzu ez dela ETAren atentaturik izanen.


Nik ezagutzen dudana ETAk prentsan esana da. ETAk prozesu demokratikoaren alde egiten duela esan du. Prozesua hasten denean, eragile guztiek badakite prozesuak badituela ezaugarri zehatzak, borroka modu zehatzak, argi eta garbi gure agirian espezifikatuak. ETAk ere bere azken agirian prozesu demokratikoak Euskal Estatura eramanen gaituela berretsi du. Nik ulertu dut beraiek badakitela zer ahalegin egin behar duten prozesuak aurrera egin dezan. Horiek horrela esan dut nik esan dudana.

(...)


Eta ulertzen dut ere puntu hori elkarrizketa guztietan azaltzea, baina batzuek ito nahi gaituzte puntu horrekin. Hara, eta Jon Anza torturatua eta hila izan dela argitzen bada, zer gertatzen da? Gobernuari ez zaio errepresioaz galdetu behar, horrek ez du prozesu demokratikoan eragiten? Atxiloketak etengabeak izaten dira. Horietako bat hilik balego komisaldegian, zer? Tortura ez da geratu.


Euskal Estatura eraman gaitzakeen prozesu demokratikoa gauzatzeko ildoak bide daude. Zergatik daude orain? Zergatik ez ziren lehenago?


Arjelen, Lizarra-Garazin, Loiolan... asko ikasi du ezker abertzaleak. Esperientzia horietatik ikasia praktikara eramaten ari gara. Akatsak egin ditugula? Bai. Autokritika zorrotza egin dugu. Baina dabilenari gertatzen zaio. Beste batzuek ez dute akatsik egiten. Parlamentuan eseri, egitasmo hau edo hori proposatu, baina ondoriorik ez. Gatazkaren ebazpen prozesuan urratsak ematen dituzunean hanka sartzen duzu, noski. Guk asmatu dugu eta huts egin ere bai. Horien arabera ari gara, Euskal Herriaren onarpena lortzeko.


Baldintzak badaudela diozue. Zein?


Duela 30 urte, ezker abertzaleak salbu, indar politikoek egun indarrean dagoen joko esparru politikoa onartu zuten. Egun, besteak beste, ELAk edo EAk bira eman dute, bide subiranistaren bidean daude, erabakitzeko eskubidearen alde. Hori lorpen bat da. Herri honetako gehiengoa, ñabardurak ñabardura, erabakitzeko eskubidearen alde dago, irtenbide demokratiko negoziatu baten alde. Areago, nazioarte mailako komunitateak onartzen du gurea bezalako askapen prozesu demokratikoa.

Ezkerreko indar abertzaleen artean adostasunen bat lortu daiteke?


Nik errespetu osoa eduki nahi dut indar politiko guztiekin. Uneon lubakiak estali behar dira eta zubiak eraiki, poliki-poliki bateratzen joateko. Ezkerreko espazio abertzalea atomizatua egoteak fabore gutxi egiten dio gure herriari. Prozesu demokratikoa bururaino eramateko ezinbestekoa da indarrak metatzea eta herria aktibatzea, eta horretan gabiltza. Lortuko ditugun lorpenak izanen dira politika praktikoa egiteko bermea. Beraz, ezkerreko abertzale diren guztien parte-hartzea beharrezko da. Baina, denbora beharko da.


Zubiak ba al daude, esaterako Aralarrekiko?


Egun aldea nabarmena da. Guk, gure agiriaren debatean ez zuela ezerk eragin behar erabaki genuen, ez Estatuak ez gure herriko beste eragile politikoek ere. Erabakiak unilaterala izan behar zuela pentsatu dugu uste osoz. Alderdi eta sindikatuekin kontaktuak lantzen hasi gara. Denon aldetik gauzak garbi daudenean, hasiko gara zubiak altxatzen.

Antza, EArekiko hurbilago zarete.


Guk dakigunez, Aralarrek printzipioz ez duelako polo subiranistaren aldeko apustu egiten. Gure ustez, Aralarrek bere burua indartzearen helburua lehenetsi du, elkarlanerako baldintzak jarriz. Ulergarria eta legitimoa da. Ni ez nator bat, noski. EA bestela ari da.


Batzuen ustez, EAk hautu hori ere halabeharrez egin du.


EAk duela urtebete zuen posizio erosotik gaur eguneko posiziora jauzi egin izana baloratzekoa da. Ez dio bide errazari ekin eta horren adibidea dugu jasaten ari den presio politiko eta mediatikoa


Mapa politikoa argitzeko dago, beraz.


Bai. Eta guk ez dugu zatituta jarraitunahi, guk elkarlana sustatu nahi dugu. Prozesu demokratikoa garatu ahala, gogoetak buruarekin egin behar ditugu, ez erraietatik.

Zer balorazio egiten duzu Hamaika Bil Gaitezen ekimenak Iruñean antolatu zuen manifestazioaz?


Manifestazioak NaBaik egun barnebiltzen duena baino espazio ahaltsuagoa dagoela erakutsi zuen. Denoi erakutsi digu, denoi, ezker abertzaleari, NaBairi eta ezkerreko eta independentista guztiei posible dela bidea elkarrekin egitea. Nafarroako ezkerreko familia abertzale guztiak bildu baitzituen.

Artean, datorren urteko hauteskundeetan ageriko al dira aliantzak?


Guk debatea landu dugu, baina ez Nafarroako Parlamentuan aulki bat gehiago lortzeko. Gure funtsa eta xedea aldaketa politiko eta soziala gauzatzea da. Hauteskundeak garrantzitsuak dira, baina gure ustez momentu honetan garrantzi handiagoa hartzen du aldaketarako klabeak zeintzuk diren guztion artean argitzeak. Hemen goi ikuspegi zabalez ekin behar dugu. Uneon benetako aukerak daude aldaketa politiko eta soziala eragiteko. Ekin diezaiogun.

Aralarrek NaBain parte hartzeko gonbidatu zaituzte.


Bai, indar harreman joko baten barruan. Zatozte, diote. Ez. Kontua ez da gu joatea edo haiek etortzea. Kontua bilgunea aurkitzea da. Ez gaitezen errentagarritasun kontuetan sartu. Nik hau irabazi... zuk hori. Ez. Fase hori iragana da. Fase politiko berri batean gaude. Denok umilagoak izan behar dugu, denok gauzak argitasun gehiagoz planteatu behar dugu. Oraindik ere badago elkargune abertzalea osatu nahi duena, baina gu kanpo utzita.


Aralarrek beste moduz jokatzeko zantzurik ikusten duzu?


Iritzi kontraesankorrak dituzte. Patxi Zabaletaren azken deklarazioak eta Txento Jimenezenak ez datoz bat. Honek EAri hau esan dio: “Polo subiranista ala NaBai” Zertan ari dira. Argitu ditzaten euren jarrerak.


EAren jarrera argiagoa al da?


Ezta ere. Nafarroan ez behintzat. Baskongadetan polo subiranistara bide egiten ari dela dirudi, aliantza estrategiko baten alde, baina Nafarroan enkistatuta dago. EAko kide kualifikatu batzuek sinatu dute ezker abertzaleak ez duela gainerako abertzaleekin izan behar. Beraz, zein da EAren jarrera? Argitu dezaten jarrera hauek ere.