argia.eus
INPRIMATU
Talidomida, pozoi izatetik itxaropenera
Joxerra Aizpurua Sarasola 2010ko martxoaren 24a
Lepraren kontra erabil daiteke talidomida.
Lepraren kontra erabil daiteke talidomida.
Orain 50 urte, haurdun zeuden emakumeei talidomida hartzeko aholkatzen zieten, gorakoak kentzeko eta lasaitzeko. Horren ondorioz, 10.000 ume baino gehiago akats genetiko eta fisiko larriekin jaio ziren, hankarik, eskurik edo belarririk gabe.

Merkatutik desagertu zenerako gizartean arrasto nabariak utziak zituen talidomidak. Orain arte ez dugu ezagutu farmako hark umekiengan zuen eraginaren zergatia, baina martxoaren hasieran, Science aldizkarian argitara emandako artikuluan, Hiroshi Handa-k eta Tokioko Teknologi Institutuko bere kideek argibide interesgarriak eman dituzte. Arrain eta oilaskoekin egin dituzte probak eta talidomida injektatu ondoren sortutako enbrioiengan nabariak ziren malformazioak, baina ondoren CRBN deitu proteina injektatu eta hara non hazten diren hankak, hegalak eta bestelakoak garatzen.

Beraz, talidomida pozoia da bere horretan, baina arestian aipatu CRBN proteinarekin batera pozoi izatetik medikamentu izatera igarotzen da, lepra eta hainbat odol-minbiziren aurka eragiteko balio duena.