argia.eus
INPRIMATU
Ontsa lehiatzeko
Luis Alberto, 'AmatiƱo' Aranberri 2010ko martxoaren 24a
Saudi Arabiako Industria ministroari galdetu diote zein ote bere etorkizun-estrategia. Baita azkar erantzun ere: “Energia asko behar izango duen industria motaren aldeko apustua”. Mendebalde osoak ahalik eta energiarik gutxieneko industria amesten duen artean, Arabiak justu bestelakoa du helburu. Arrazoia guztiz ulergarria da, alegia: energia gero eta garestiagoa izango denez gero eta erreserbarik handienak arabiar penintsulan bertan egon, saudi industria izango da lehiakorrena energia asko behar duten sektoreetan.

Beste muturrean,  Euskal Autonomia Erkidegoa da –Luxenburgo, Malta eta Zipreren ondotik– kanpoko energia-menpekotasunik handiena duten europar herrialdeetakoa. Eta industria gure kontsumoaren %46,5 da, EB-27an %27,6 den artean.

Beraz, lehiakorrak izaten jarraitzekotan, energia urriago behar izango duen industriaren apustua egiteaz gainera, guk geuk izan beharko dugu –jarreraz, prestakuntzaz eta ezagutzaz– gero eta lehiakorragoak, oinarrizko energia kanpotik ekartzen jarraitu beharko baitugu luzaro.