argia.eus
INPRIMATU
Marroi pixka bat?
Ixiar Rozas 2010ko martxoaren 24a
Lehenengo argazkia mural baten kronika da. Goizeko 8:30ak, asteburua, Errenterian. Bi emakume kalean, tresnak eskuan, Emakumeen Mundu Martxarako murala margotzeko prest. Ertzaintzaren hiru auto agertu dira berehala, baimen eskean. “Udalaren baimena dugu, baina lanean gaude eta ez dizut erakutsiko”. “Identifikazioa, orduan”. “Ezetz, ez naiz eskaileratik jaitsiko, lanean nagoela esan dizut, prentsa saltzaileari egunero eskatzen diozu lizentzia?”. Handik gutxira, herriko udaltzaingoa: “Zer, etorri zaizkizue, ezta?”. “Baietz, papera etxean ahaztu zaigula. Ondo dakizue baimena dugula”. “Marroi pixka bat hemen?”. “Bai, eta hemen beltza”. Bizitza artelan bilakatu. Hori lortzen dugu emakume askok eta askok mundu osoan zehar gure eguneroko lanarekin. Utz diezagutela erabakitzen gure bizitzekin eta gorputzekin egin nahi duguna. Hori bederen.

Bigarren argazkiak tximuekin zerikusia dauka. Gizon bat atxilotua izan da Gipuzkoako errepide nagusi batean, autoan lau tximu zeramatzala, kirol poltsa batean, osasun egoera txarrean. Egunkarian kaiola batean agertu dira lau tximuak. Bederatzi bat urte nituenean, ez dakit zein kirolariren eraginez, tximu bat erosteko eskatu nien gurasoei, sorbaldan eramaten den txiki horietako bat. Jakina, ez zidaten erosi, garestiegiak ziren gainera.

Hirugarren argazkiak Iruñeraino narama. Iazko uztailean Falange y Tradición talde ultraeskuindarra Defentsa Ministerioak Iruñean duen egoitzan bildu zen. Joan den abenduan Iruñean izan nintzen aspaldiko lagun batekin, larunbata zen. Azoka eguna San José plazan. Postu batean geratu ginen, antigoaleko argazki kamerei so. Zur eta lur geratu ere bai bitrina batean esbastikak eta nazien ikurrak ikusterakoan. Ez bat, ezta bi ere: mahai oso bat nazien ikurrekin beteta. Jende dezente igaro zen bertatik, inongo harridurarik gabe, larunbateroko kontua balitz bezala. Erosleak ere izan ziren. Eta han ez zen deus gertatu.

Nafarroako Unibertsitatean ikasteak sena moduko bat eman zidan muturreko eskuindarrak atzemateko, baita metro batzuetara ere. Orrazkera, arropa, begirada opakua, gorputzik ez dutela dirudi. Falangistekin zailagoa zait, beren looka hibridoagoa baita. Beharbada horregatik, beren looka ez delako hain finkoa, ez dituzte kaiolatzen. Webgunea dute beren ekintzen berri xehetasunez emateko, hauteskundeetara aurkezten dira, egoitzak dituzte. Bistan da: kaiola batzuentzat beti prest, besteentzat ordea ez. Esan beharrik ez dago Falangekoak fetuen defendatzaile sutsuak direla. Ume berriak munduratu behar dituzte beren tropelak ziurtatzeko.

Azken argazkia. Peter Friedlen Bilbao Song dokumentalaren harira mintzagai izan da berriro ere Errekalde aretoa. Artea esanahi bilaketa bat da, eta Friedlenek bere erabaki estetikoak eta etikoak hartu ditu euskal historiaren erretratu kritikoa egiterakoan. Hemen ez dira artista baten kontzeptua eta irizpideak ere errespetatzen. Hemen oasi moduko bat eraiki nahi da, non gizarte osasuntsu batean berezkoak diren tentsioak lifting etengabe batean ezkutatu nahi diren, power balance pultserak medio. Berriro diot, subjektibitate bereziak eta singularrak behar dira, identitate finkoetan oinarrituta ez daudenak. Subjektibitatea laborategi bat da, non unibertso batzuk sortzen diren eta beste batzuk, berriz, diluitu. Transgenerazionalak. Transideolojikoak. Eta transgenerikoak.