argia.eus
INPRIMATU
Kua kua doinuak alfonbra gorrian
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2010ko martxoaren 24a
Ahate pasa. Zuzendari eta gidoilari: Koldo Almandoz.
Aktoreak: Anade Ahate, Jesús Cuenca, Nagore Aranburu, Peru Almandoz. Euskal Herria. 12 minutu.

Divo samarra da Anade Ahate, errodajearen gogortasunari aurre egiteko bufanda eztarrian eta managerra gertu. Dotore eta tente ibiltzen da gainera, ahateek berezkoa duten pose itxuroso horrekin. Azken finean, aktore handi guztiek dute divismo ukitu bat, eta antzezle handiak dira ahateak. Hala onartu dute dokumental honetan Polanski, Winterbottom, Fincher edota Kusturica zuzendari ospetsuek: gehitxo edaten dutela dio Fincher-ek, baina ideia propioak dituzten aktoreak direla, pertsonalitate handikoak, eta hori eskertzekoa da.

Fitxa teknikoaren arabera, duckmentary bat egin du oraingoan Belarra eta Amuak film laburren autoreak. Ahate pasa izeneko teknikaren garrantzia aztertzen du film laburrak, plano batetik bestera salto egiteko ahateen paseotxoa baliatu duten pelikulak alegia, eta egia esan, makina bat dira halako adibideak zinemaren historian. “Belaunaldiz belaunaldi pasa den abilezia” omen, Anade Ahateren hitzetan. Ironia bikainarekin, luma zuriko izarren merituak eta bizimodua pantailaratu ditu Koldo Almandozek. Eszena onenetakoa, naturaltasun osoz mintzo den albaitariari egindako elkarrizketa (irudian), aktore berezi hauen dietaz, makillajeaz, arduraz...

Kimuak egitasmoko azken edizioan parte hartu du Ahate pasak, jaialdi ugaritan izan da eta izango da, eta sariak ere jaso ditu dagoeneko. Normala, hegaztien ibilbide zinematografiko oparoa ezagutu ostean, nik ere beste era batera begiratuko ditut Iruñeko Taconeran eta Bilboko Ahateen Parkean mokoka aritu ohi diren animaliatxoak.