argia.eus
INPRIMATU
Denbora
Xabier Letona Biteri @xletona 2010ko martxoaren 24a
Lizarra-Garaziko prozesuan behar besteko pazientziarik ez izatea leporatu zitzaion ezker abertzaleari, besteak beste. Berdin Loiolako prozesuan. Eta akusazio horietan ez da arrazoirik falta. Bi bake prozesuen izaera desberdina izan zen eta, beraz,  azterketa desberdina merezi dute, baina argi dagoena zera da, herri honetako historian ETAren orria pasatzea asko kostako dela. Edozein kasutan ere, denbora giltzarri dela, pazientzia itzela behar dela eta erlojuari ere bere lekua egin behar zaiola edozelako prozesutan.

Hori da “Zutik Euskal Herria”-ren bultzagileek orain behar dutena, denbora. Denbora ezker abertzalearen baitan indar korrelazio berria eta borroka armatua alboratzeko erabakia han-hemenka zabaldu eta sustrai dadin. Denbora beste eragileek ere ikus dezaten apustua serioa dela. Denbora ENAMek politika eta soilik politika egin ahal izan dezan.

Bitxia bada ere, aurreko bake prozesuetan denbora gehiago eskatzen zutenek ez dirudi orain oso prest daudenik ezker abertzaleari denbora hori emateko: “Gaitzetsi dezatela”, “aldendu daitezela”, “ez da nahiko”, “ez da berrikuntzarik”...
Zalantza handiak daude ENAMek hartutako bide berriaz, baina akaso ez ote ziren zalantzak Lizarra-Garazikoan edo Loiolakoan? Edozein modutan, zalantzak argitzeko komeni da gertaera bakoitza bere lekuan jartzea.

Jean-Serge Nérin frantziako poliziaren heriotza bere testuinguruan aztertu behar da, enfrentamendu baten ondorioa izan da eta ez ETAk eragindako atentatu bat.

Ezker abertzaleak agiri bidez ETAri egindako eskakizuna ez da ohikoa izan, ETAri eskatu baitio urtarrilean prozesu demokratikoa-rekin erakutsitako konpromisoa berretsi dezala. Tankera horretako eskaerak urriak dira ENAMen historian, baina  eduki aldetik bakarretakoa da prozesu demokratikoak bidea biolentzia barik egin behar dela adierazten duelako.

Bihar bertan ETAk adieraziko balu desagertzen dela are eta hobeto. Bere borroka aspaldi da borrokatzen dituen helburuen aurkakoa. Hala pentsatzen dugu ia ehuneko ehunak Euskal Herrian, baina armak ETAk utzi behar ditu.

Badira adierazleak pentsatzeko ENAMen baitan badirela Altsasuko Adierazpenaren aurkako jarrerak, gutxiengoa izanik ere. Bada arrazoirik pentsatzeko Loiolako bake prozesuan ETA inposatu zitzaiola Batasunari. Bada arrazoirik pentsatzeko tentsio horrek hor dirauela. Egia da ez dela ondo ulertzen ETAk bat egitea ezker abertzalearen gehiengoak dioenarekin eta ondoren hornitze lanarekin jarraitzea; eta ulertzen bada, presioa eta tutelaren ikuspegitik ulertzen dela, prozesu demokratikoa-rentzat batere mesedegarria ez dena.

Prozesu eta saio berri honetan badira zalantza eta argilunak, duda barik, baina urrats izugarri garrantzitsuak ere bai, eta hauei bere garrantzia ematea funtsezkoa da egungo egoera politikoan errealitate printzipioak interes politiko hutsaren aurrean lekurik galdu ez dezan. Elikatze horri begira, orain ETAk behar bezala erantzun beharko lioke ezker abertzaleko eskakizunei eta hilabeteak pasatzen utzi gabe su-etena aldarrikatu.
                                                                                                                                                                
Jon Anza auzian ez da berrikuntzarik, egun batzuetan Parisko poliziaren hilketak kasua ezkutatu du, baina pentsatzekoa da Frantziako agintariek agindutako ikerketak  aurrera jarraitzen duela indar osoz.  Itxaron beharko da, beraz, baina  Tolosako Purpan ospitaleko arduradunek gauzak bere lekuan jarri zituzten joan den astean: hiru bider jakinarazi zitzaion poliziari ezezagun bat zutela ospitalean, bai hil aurretik bai ondoren. Zergatik ez zitzaien jaramonik egin ospitalaren jakinarazpenei? Hauei eta beste galdera askori egoki erantzuteak bakarrik uxatuko ditu susmoak, ez Rubalcaba barne ministroaren mehatxuek.
                                                                                                                                                                                                                                       
Eloy Velasco epaileak kinka larrian jarri ditu Espainia eta Venezuelaren arteko harremanak. Hilaren 22ko artikuluan José Yoldi El Pais-eko kazetariak gogor egin zuen Velascoren aurka, bere akusazioak funtsik gabekoak direlakoan, batez ere FARC eta ETAren arteko balizko harremanetan Venezuela eta Hugo Chavezen babesari dagokionez. Zeharka bada ere kazetariak Chavezi arrazoi ematen dio honek Velasco epailea eta Aznarren arteko lotura egiten duenean, eta datuak eskaintzen ditu horretarako: Eloy Velascok  ongi etorria eman zion FARC-eko buruzagietakoa zen Raul Reyes gerrilariari, FARC eta Kolonbiako gobernua egiten ari ziren negoziazioen barne Valentziara egindako bidaia dela eta. Garai horretan Eduardo Zaplanaren PPko gobernuaren justizia zuzendari nagusia zen Velasco.