"Ezin dut bertsolari izan emakume feministaren kontzientziarik gabe"

  • ...ta handiago bilakatuko zara etorkizunean, zure txikitasunean...

    [Elkarrizketaren bertsio osoa da sarekoa]
Ainhoa Agirreazaldegi
Ainhoa AgirreazaldegiDani Blanco

Bertsolaritza gizartearen maketa txikia omen da. Zertan?



Tematikan eta roletan, adibidez. Bertsolaritza gizartearen errepresentazioa izan daiteke oholtzaren gainean ze, beste arte batzuekin konparatzen baldin badugu, antzerkiak, zinemak edo literaturak fikziorako leku gehiago daukate, baina bertsolaritzak nahiko tematika errealista erabiltzen du fikzioaren barruan ere, beti momentuan sortu eta momentuan ulertu behar den neurrian. Horregatik, bertsolaritza bada gure inguruko jendartearen errepresentazio bat: ze gai agertzen diren, ze pertsonaia agertzen diren eta zer rol betetzen dituzten... Rol horiek ere erreprodukzioak dira.

Hala ere, nik uste, batzuetan ez garela konturatzen gugan dagoen botereaz, boterea bere zentzurik positiboenean, bertsolaritzak bai baitauka momentu batzuetan aukera gizartea baino pausu erdi aurreraxeago joateko. Gaiak gai-jartzaileen esku daude, eta gaien garapena bertsolarien esku. Hor badago erabakiak hartzeko espazioa. Ez dauka zertan gizartearen parean edo gizarte-mugimenduen atzetik joan beharrik. Ez dut esango lau pausu, baina pausu erdi bat aurrerago joatea gure esku dago eta horretaz kontzienteago izan behar genuke.

Hau lehenengo interpretazioa da, azaleko geruza, errepresentatzen diren rolena, baina barrurago joaten bagara, pertsonaien mugimenduez gain bertsolarien mugimenduak daude, norbanakoa sartzen da jokoan, eta bertsolaritza norbanakoarentzako maketa txiki edo ispilu erraldoi izan daiteke. Askotan ikusi izan dut oholtza nire buruaren ispilu erraldoi bat balitz bezala: indarguneak handiagotu egiten ditu, baina baita ahuluneak ere.


Bat ez da emakume jaiotzen, emakumea egin egiten da (S. Beauvoir). Nola egin zara zu?



Beste ezer baino lehen emakume egin egiten gaituzte, jaio aurretik ere bai. Nire kasuan gurasoek ez zekiten zer sexutakoa izango nintzen, mutila espero zuten gainera, baina, jakin gabe ere, gurasoak sabelean dagoen haurraren nortasuna eraikitzen hasten dira, komunikazio mota bat irudikatzen, eta haurra jaiotzen denean bere sexua kontuan hartuta komunikatzen gara berarekin, ez diegu berdin hitz egiten haur mutilei eta haur neskei, eta ez dugu batzuen eta besteengandik erantzun bera espero. Sortze momentutik, ingurukoak etengabe ari dira zure sexu identitatea eraikitzen, eta hori aurrera doa, aurrera, aurrera... anai-arreben artean, gurasoekiko harremanetan, eskolan, lagunekin... aurrera, aurrera... bikote-harremanetan, lanean… zuk horri buruz gogoeta egitea erabakitzen duzun arte.

Jende askok bizitza osoa igaroko du bere nortasunaren zati handi bat kanpotik eraikia izan dela pentsatu ere egin gabe. Eta ni, ia orain arte, batez ere, kanpotik egin nautela esango nuke. Pertsona guztiak ez dira berdinak, baina ni Ainhoa, nire familian nitaz espero zutena naiz neurri handi batean. Nire familian balio konkretu batzuk izan nitzan borrokatu dute, eta ikasketak izan nitzan, pertsona kognitiboki indartsua eta independentea izan nendin, eta espero zen hura garatu dut nigan, pentsatu ere egin gabe beste ze aukera zeuden.

Identitatearekin gertatzen da, askotan, pertsonari ez zaiola burutik pasa ere egiten zenbat aukera erreal dauzkan. Jaiotzen garen lekuan, herrialdean, familian, ingurunean... jaiotzen gara eta, badirudi, pertsonok, gauden lekuan gaudela, gugandik espero dena egiteko joera dugula. Baina edozein pertsonak, jaiotzen den momentutik, hautatzeko botere handia dauka beregan. Problema da ez digutela erakutsi botere hori erabiltzen.

Gugandik espero duten hura bihurtzen bagara, zugandik zer espero zen bertsolari gisa?



Ba, seguru asko, lehenengo eta behin ez zen espero ni bertsolaria izaterik, ez bainintzen ez bertsolari familian, ez bertso giroan jaio. Suertez, aita bertsozalea da, eta gurasoek bertso-eskolara bideratu ninduten, hizkuntzaren bidetik bertsolaritzarenetik baino gehiago, eta inork ez zuen espero ni bertsolari aterako nintzenik. Eta inork espero ez duenean zuk ere ez duzu espero bertsolari izaterik.

Baina nerabetan neskok ondo funtzionatzen genuen eskolarteko txapelketetan. Teknika ikastea ez zitzaigun zaila egiten, eta 14-18 urteko tarte horretan gizonezkoak baino helduagoak izaten garenez, txapelketen esparruan, joko arau horietan, ondo funtzionatzen genuen. Teknika espero zenean ondo funtzionatzen genuen, joko-arauak bizkor ikasi genituen, eta hor ondo erantzuten genuen, baina orain badakigu bertsolari izatea hori baino askoz ere gehiago dela, eta 18 urtera arte oso ondo funtzionatu duten bertsolari askok gero ez dutela jarraitu. Bertsolari izatea ez baita bertsotan ondo egitea.


Betsolaritzak zertan eragin du zure identitatearen eraikuntzan?



Bertsolaritzak, neure burua Euskal Herrian kokatzeko modu ezin hobea eman dit: kulturgintzan, herrigintzan… Horrezaz gain, bertsolaritzari esker izan nuen nire emakumetasunaren lehenengo kontzientzia inportanteena: gizonezkoa ez izatearen ondorioez ohartu nintzen. Ordura arte maila inkontzientean banekien emakumea nintzela, eta bertsotan nire feminitatearen hainbat ezaugarri tapatu ohi nituen. Bertsolaritzak erakusten zidan bazegoela zerbait funtzionatzen ez zuena, bazegoela zerbait imitatzen ez nekiena, oso nabarmena zena, eta imitatuta ere berdin funtzionatzen ez zuena. Niri azkar joan zitzaidan imitatzeko gogoa ere, ez bainuen biderik ikusten hor, baina bertsolaritzak erakutsi zidan ordura arte sinestarazi zidatena ez zela egia osoa.

Jendarteak, sistemak sinestarazi zidan gizonezkoen berdina nintzela: eskolan gizonezkoekin ibili ginen, bertso-eskolan ere bai, lagunartean... eta bazirudien azken 20 urteetan emakumeok aukera eta eskubide asko irabazi genituela eta gizonezkoen aukera berdintasunean geundela, baina ez zen egia, horren azpian geruza asko zeuden, askoz ere sotilagoak zirenak, eta ez zen erraza gezur horiez ohartzea. Beharbada, anai-arrebarik ere ez neukalako, baina ez zen erraza ohartzea alabak eta semeak ez gintuztela berdin tratatzen, ez parrandak egiterako orduan, ez eskolan... Aukera askatasuna ez zela bera.

Orduan oraindik egiteko nengoen, eta bertsolari jardunetik kanpo ez nituen sexuen arteko diferentziak garbi ikusten, baina oholtzan bai, eta baita oholtzatik jaitsi orduko jendarteko harremanetan ere.


Oholtzan ohartu zinen ez zinela gizonezkoa, baina oholtza ispilu izateaz gain, eskaparate ere bada, eta oholtzatik kanpo egiten zenituen mugimendu txikiak, oholtzatik kanpo ia ikusezinak zirenak, oholtzan handitu egingo ziren. Zure mesederako erabil zenezakeen.



Baina mugimendu txikiek ez zidaten balio barneratuta ez baldin baneuzkan. Itxurakeria ziren. Nire pertsonaren irudi osoagoa ikusi dudanean, orduan balio izan dit oholtzak aldaketetarako eta esperimentaziorako, baina ordura arte, oholtza indargune handia zen arren, ez zidan zentzu horretan ezertarako balio. Momentu bateko argi izpia bakarrik zen, interpreta nezakeen rol indartsu bat, baina ez zen interpretazio integrala. Ez dago pertsona indartsurik bere ahuldadeak ezagutzen ez dituenik, eta nik ez nituen ezagutzen emakumeon “ahuldadeak”. Beraz, erabil nezakeen oholtza, sinetsi nezakeen momentu batez indartsua nintzela, baina nire pertsona, nire barrua ez zen indartsua. Oso azaleko geruzak ziren mugitzen zirenak.

Sistema honek baloratzen dituen baitako urratsak ziren, baina norbere barrua ez da oholtzako hiru bertso anekdotikorekin elikatzen. Nik 16 urterekin bertso-saio batzuk egin nituen bertsolari ezagunekin, baina horrek ez zidan bihotza elikatzen, barrua landu gabe baineukan. Gertatzen zitzaidan guztia oso azalekoa zen buruarekin bakarrik lotua zegoen neurrian, eta sistemak gertatzen zitzaidan hura txalotu egiten zuen arren, buruarekin bakarrik bizi denari bihotza gogortu egiten zaio, eta bihotza gogortzen denean alferrik dira pausuak.

Eta feminismoak nola eraiki zaitu (bat ez da feminista jaiotzen, egin egiten da…)?



Feminismoa nire burua ezagutzeko abiapuntu handiena izan da eta, psikologiarekin batera, erreminta gehien eman dizkidan alorra. Haurra nintzela gizon-emakumeok berdintasunean bizi ginela sinetsi nuen nik. Kontzientzia sozial handia transmititu zidaten etxean, Euskal Herrian ere, oro har, kontzientzia sozial handia dago, Bertsozale Elkartean ere bai eta, ustez, oso jantzita edo kezkatuta nengoen alor horretan. Baina, hain juxtu, feminismoa da kontzientzia sozialean tapatuen dagoen mugimendua, eta inork ez zidan bistarazi nik haren behar handia sentitu nuen arte, eta feminismoari esker ulertu nuen nondik nentorren, ze haritan kokatzen nintzen. Betaurreko berriak janztea bezalakoa izan zen: nire buruari, pertsonen arteko harremanei, jendarteko harremanei... beste era batean begiratzeko eta ulertzeko. Nire buruari, lehen aldiz, kanpotik begiratzeko aukera ere bazen. Kanpotik ikusteko non mugitzen nintzen eta zergatik mugitzen nintzen mugitzen nintzen bezala.

Izugarrizko tresna izan da, izaten ari da, nire burua ezagutzeko eta besteek nirekiko eta nik besteekiko nola jokatzen dudan ulertzeko. Prisma honetatik ikusi nuen, baita ere, bertsolaritzako plaza-sistemak indarguneez gain ze ahulune zituen.

Nola josi da hiruko hori (bertsolaria+emakumea+feminista) zure identitatean?



Kontzientzia hurrenkera horretan etorri zen: lehenengo bertsolari, gero emakume eta gero feminista; baina, gaur egun, bertsolari atzean jarriko nuke: orain ezin dut bertsolari izan emakume feministaren kontzientziarik gabe. Kontzientzia horrek jarri nau orain bertsotarako nire lekuan. Nire pertsona ezagutu eta ulertzerakoan etorri zait indarra bertsotan hortik abiatzeko. Hiru kontzientzia horiek behar nituen nik, beharbada, garai hauetan bertsolari sentitzeko, neure burua ertzetik zentrora ekartzeko. Agian hemendik 20 urtera ez dira beharko, baina nik behar nituen. Ezin nuen bertsolari gisa jokatu nire identitatea, eta identitatearen barruan nire feminitatea kokatu arte. Ezin nuen. Ez-gizona sentitzen nintzen, eta hortik zer eraiki behar nuen? Falta batetik abiatzen nintzen, besamotzaren beso motzetik. Baina une batean galdetu nion neure buruari: nolakoa zatekeen bertsolaritza gizonek garatu beharrean emakumeek garatu izan balute? Orduan dena aldatu zen. Galdera horrek izugarrizko arnasa eman zidan, ze ordurarte bazirudien bertsolaritzak zen bezalakoa izan behar zuela eta, ez, ez, bertsolaritza bertsolaritzan parte hartu nahi dugun pertsonok nahi dugun bezalakoa izango da.

Ni lehengo moldean ez nintzen kabitzen, eta seguru asko nire inguruko beste asko ere ez. Ez ginen konturatu gure esku zegoela horri buelta ematea. Nik daukadan penarik handiena da ez jakin izana egoeraren analisi psikologiko eta feminista garaiz egiten, ze nik garaiz egin izan banu, nik eta beste askok, noraezean jira-bueltaka igarotako urte asko aurreratuko genituzkeen. Ze, nora zoazen ez badakizu ezin zara inora heldu, eta guk ez genekien ondo nora gindoazen, galduta genbiltzan.

Gazte sariketa gehienetan txapela jantzi zenuen garai hartan, eta plazaz plaza ibili zinen bertsolari zailduenen artean. Ondoren, ezkutatu egin zinela esan daiteke. Ezkutatu, zergatik? Zer gertatu zen?



Nekatu egin nintzen. Niretzako hasieran bertsoa espresio bide bat zen. Baina jendaurreko bertsolaritza, batez ere, buru lanetik ulertzen zen urte haietan, nik, inkontzienteki, pertsonen arteko bestelako harremanak bilatzen nituen, bai oholtza gainean eta bai oholtzatik kanpo, bai sorkuntzan eta bai bertsolarien artean.

Harreman maskulinoak ziren, niri azalekoak iruditzen zitzaizkidan gauzez hitz egiten zen eta ondorioz kantatzen zen, eta uste dut konturatu gabe urrutiratzen joan nintzela. Ez zen erabaki kontzientea izan baina ni ez nintzen beteta sentitzen: burua izugarrizko maratoi batean ariko balitz bezala baina bihotza hutsik, eta ez nuen orekarik topatzen. Azkenerako, ia nahi gabe, distantzia hartu nuen, sinesteraino nik oholtzan ezingo nuela nire lekurik topatu eta elkar ondo ulertuko genuen bertsokiderik ere ez nuela topatuko.

Poliki-poliki emakume dexente joan dira desagertzen, orain nitaz ari naiz, baina printzipioz gaitasunak zituen edo teknikoki ondo funtzionatzen zuen emakume talde handi xamarra desagertu zen nirekin batera. Haiek ere, seguru asko, ez zuten beren burua topatu harreman sare hartan. Bertsolaritza bizitzeko modu asko daudenez, beste gauza batzuk egiten hasi nintzen, ikerketaren alorrean gehiago. Kontua da, nonbaiten egokitzen ez zarenean sekula ez dakizula zenbateraino den zure gaitasun eza eta zenbateraino den sistemaren akatsa, baina jende asko desagertu da benetan bere gaitasunak zein ziren jakin aurretik, gizonezkoak ere bai, baina emakumeak asko, emakumerik gehienak.


Errautsetatik sortzen ari zarela esan liteke, Fenix txoria bezala. Desegin zenuenetik ari zara egiten. Zerk motibatu zaitu berrasmatzeko gogoa pizteraino?



Abiapuntua, batez ere, ikastaro batek eman zidan, Donostian izan zen: “emakumeak eta umorea arte eszenikoetan”. Hainbat emakumezko sortzaileren eskutik, arte eszenikoen esparruan umorea egiteko zein bide zeuden aztertzea zen ikastaroaren helburua. Baina ondorioa bertsua zen esparru guztietan, ondorio tristea: emakumeek sortutako umorezko obrak oso gutxi dira, eta horietatik gehienak, eredu maskulinoak imitatu dituztenak. Sorkuntzarako gure buruak ezagutzeak duen garrantziaz jabetu nintzen, kolektibo gisa gure buruak, gure tabuak ezagutzea oinarrizkoa zela ikasi nuen. Azken batean, bertsolaritzan umorea da %60-70, eta umorea egiteko ondo katalogatuta izan behar da zertaz egingo den umorea, zeintzuk diren gure erreferentziak, gure tabuak, benetan inporta zaizkigun gauzak, ezkutatzen ditugunak… Baina emakumeok ez garenez plazan aritu, jendaurrean oso gutxi aritu garenez, gure tabuak zeintzuk ziren ez genekien, bizitzan ere oraindik ibilbidearen heren bat bakarrik eginak, eta ez genekien gure umorea zein zen!

Analisi hori ikusi nuenean erabaki nuen ezagutu nahi nituela zeintzuk ziren gure tabuak, gure buruari barre egiten ikasi nahi nuela, eta emakume entzuleari bere buruaz barre egiteko konplizitatezko soka bat luzatu nahi niola. Emakumeok ez gaituzte umore sortzaile gisa hezi, asko jota umore hartzaile gisa hezi gaituzte: gizonezkoen umore hartzaile. Orduan sentitu nuen, bertsolaritzan urte asko neramazkien arren, oso gaztea nintzela oraindik eta parte hartu nahi nuela guretzako mundutxo hori eraikitzen, nire buruari opari txiki hori egin nahi niola, eta ahal baldin bazen, oholtzan. Nahiz eta badakidan askotan ez dela erraza izango.

Virginia Imazek grazia izatea eta komikotasuna bereizten ditu. Grazia kulturala eta kapotik definitua dela dio, eta komikotasuna barne prozesu baten ondorio. Oro har, zergatik iruditzen zaigu emakumeok grazia gutxiago dugula?



Bertsolari grazioso asko ezagutu izan ditugu, baina denak gizonezkoak. Grazia kulturala denez, imitazioz eta mimetismoz ikasten da, eta gu ez ginen graziosoaren rolean eroso sentitzen. Emakumeongandik ez zen graziarik espero, eta guk ere gehienetan ez genion gure buruari grazia egiteko bideak urratzea baimentzen, eta saiatu arren inguruko inork ulertu gabeko graziak izaten ziren sarritan. Denok ezagutzen ditugu jaiki orduko, ahoa ireki baino lehen jendea barrez jartzen duten bertsolari batzuk, baina denak dira gizonak.

Zer imitatu asko falta zitzaigun, guk gure burua ez genuen gizon graziosoekin identifikatuta sentitzen, eta emakume graziosorik ez genuen erreferente gisa. Gainera, umoreak lotura zuzena du estereotipoekin eta ertzekin, eta emakumeok bete ditzakegun estereotipoak oso murritzak dira eta ertzik ez zaigu onartzen: emakumeak bere lekuan egon behar du, erdian, ez goxoegi ez zakarregi, ez beldurtiegi ez ausartegi… Ez geneukan umorea egiteko tarterik! Nik garai batean pentsatzen nuen, sinetsi nuen, bertsolari gisa funtzionatzeko estereotiporen batean enkajatu beharra zegoela. Pentsatzen nuen hainbat gizonezko horregatik ez zirela aurrera atera, ez zutelako estereotipo bat aurkitu beren buruarentzat. Gerora ikasi dut garrantzitsua ez dela grazia, komikotasuna baizik. Beste kontzeptu bat da, askoz ere barruragokoa, eta norbere buruari barre egiten jakitean du oinarria. Baina horretarako norbere burua ezagutu behar da, eta niaren kontzientzia taldean hartu ohi da lehendabizi.

Guk gaztetan emakume kontzientziriak ez geneukanez ez genuen gure burua emakumeen taldean kokatzen. Gainera, nortasuna adinean aurrera egin ahala joaten da eraikitzen, eta guk ez geneukan aurreko belaunaldiekin lotuko gintuen katerik, ez geneukan amonarik, ez amarik bertsolari zenik. Nora begiratu? Nolako umorea egingo lukete amona bertsolariek? Hor kokatzen ez ginenez, gaztaroa oso garai zaila zen geure burua ezagutzeko eta komikotasuna ateratzeko. Ez da kasualitatea Maialen Lujanbio puri-purian orain egotea, 33 urterekin, bizitzan eta bertsotan bidetxoa egin ondoren.

Bertsolarien umorea hierarkikoa izan dela esango zenuke, goitik beherakoa?



Bertsotan binakako lanei temakoak deitu izan zaie eta temako edo enfrentaziozko lan horietan ere normalean umorea ez zen bilatzen pertsonaiak bere buruaz barre egin zezan, baizik eta parekoari barre egin ziezaion. Bertsotako ahalegina parekoari ematea izan da, kolpea jotzea. Gainera, bertsolarien artean onartzen zen ona zela pertsonaia batek besteari ematea ze, zenbat eta kolpe gogorragoa jaso, altxatzen jakiteak askoz balore handiagoa zuen. Baina besteri barre egitea, grazia egitea da, hori ez da komikoa izatea. Komikoa izateko zeure buruari egin behar diozu barre, eta jakina, pertsonaia batek egin diezaioke barre bere buruari, baina are komikoagoa da entzuleek pertsonaiaren barruan pertsona-bertsolaria ikusten badute bere buruari barrez.

Orain arte komikotasuna gutxi landu dela esango nuke, nahiz eta azkenaldian, batez ere bertsolaririk ibilienen artean, ikusi dudan halako saltotxo bat komikotasunerantz. Izan dira bertsolari komikoak, Unai Iturriagak barre asko egin dio bere buruari, Jon Maiak ere bai, baita Sarasuak eta Lazkao Txikik ere... baina hainbesteko pisua zeukan besteak, grazia egiteak, nolabait itzalean geratzen baitzen komikotasuna. Esplizituki behintzat, oso gutxi landu da.


Sentsibilitatea lantzen eta hori bertsotara ekartzen denbora asko behar da, irakurri genion Amets Arzallusi. Azken txapelketa nagusian ahalegin berezia antzeman dizugu alde horretatik. Zein izan da zure lanketa? Norantz egin nahi duzu bertsotan?



Orain dela hiru bat urte konturatu nintzen zein urruti zeuden pertsonaren burua eta sabela, eta bizitza bera, oro har, sabeletik gehiago eta burutik gutxiago bizitzen hasi nintzen. Barruak bertsotan ere hala egiteko eskatzen zidan, baina sistemak ez dizu beti zure barruarekin konektatuta egoten uzten. Orain dela 3 urte, Gipuzkoako Txapelketan momentu batzuetan sentitu nuen nire buruarekin oso konektatuta ari nintzela bertsotan, aletxo batzuk baino ez ziren izan, baina niretzat esperientzia berria zen. Ez zen burutik, maila arrazionaletik bertsoak eraikitzea, baizik nire oso barrutik, eta bide horri heldu nion. Nire nortasunaren kontzientzia hartzen joan naizenetik eta munduan nire kokapena ulertzen hasi naizenetik gehiago saiatzen naiz.

Niretzako garrantzitsua izan zen, adibidez, ikustea gai bakoitzaren atzean gai asko zeudela, geruza asko zeuzkala gai bakoitzak. Eta nik une horretan gehien motibatzen ninduena aukeratu behar nuela. Txapelketako Leitzako saioan, adibidez, gai hau jarri zidaten: “Diru asko eskaini dizute. Baina ez zaude prest”. Nire eguneroko bizimoduan nahiko fikziozko gaia zen hori, urrutikoa. Eta benetan gertatzeko moduko egoera bat bilatu nuen. Motibatuta kantatzeagatik, batez ere. Neuretik zerbait emateagatik. Bi gizonezkok osatutako bikote batek “alokairuko ama” izateko eskaintzaz kantatu nuen. Nigandik gertu zegoen gaia zen hori, baina bila eta bila arituta aurkitu nuen. Ez neukan urrutiko fikzioa egiteko gogorik.

Orain, bertsotan, gai bakoitzari motibatzen nauen zirrikituren bat aurkitzen saiatzen naiz, fikzio hori non kokatuko dudan erabakitzen. Ametsek esaten zuen bezala, bide luzea da. Beste arte esparru batzuetan autoreek beren buruari ibilbide tenporal luzeagoak markatzen dizkiete, obra batek idazle baten kasuan bizpahiru urte iraun ditzake, edo gehiago. Baina bertsoa inprobisazioan oinarritzen denez eta bertsolaria astero-astero dagoenez oholtza gainean, sarriegitan aukera gutxi hartzen dugu geure buruari epe luzeagora helburu batzuk markatzeko. Kokapen berri honetan, nire buruari helburuak jartzekotan epe ertain eta luzera jarri behar dizkiodala ikusi dut, pentsatu bizpahiru urte barru ze puntutan egon nahi nukeen bertsotan, eta harantz abiatu. Orain askotan gaiaren kokapen errealistegiak ateratzen zaizkit, fikzioa landu nahi dut gehiago, baina nik neurtutako fikzioa. Eta ikasi dut ezin dudala neure burua saio bakoitzaren bukaeran neurtu, ibilbide horren baitan egin behar dudala balorazioa: orain bi urte non nengoen? Orain non nago? Eta prestakuntza ere horrela bideratu, epe luzeagoekin.

Gu askotan oso zorrotzak, zorrotzegiak izan gara geure buruarekin, eta momentuan zerbaitek ez bazuen funtzionatzen, zerbait gaizki ateratzen bazen asko estutzen ginen. Denbora eman behar diogu garapenari, denborarekin agertzen baitira fruituak eta, batzuetan, oso gaizki pasarazi dizun bertso-saio bateko momentu bat izan daiteke zure ibilbidean oparirik handiena, inflexio puntua izan baitaiteke. Gertatzen dena da gazteagoa nintzenean ez nuela horrela interpretatzen, nire interpretazioa “saio txarra egin dut” zen, eta ez nion nire buruari galderarik egiten: zergatik iruditzen zait saio txarra egin dudala? Zer gertatu zait? Nola sentitu naiz? Zergatik blokeatu naiz? Ez nuen hori dena pentsatzen. “Saio txarra egin dut eta kito” zen. Baina ez, ikasi behar dugu bertsotarako dauzkagun aukerak, ondo eta gaizki atera zaizkigunak, gure eboluziorako erabiltzen.

Bertsolaritzaren egiturek (txapelketek, barneko arauek, funtzionamenduak, erritmoak...) nola eragiten dute norbanakoaren garapenean?



Kontua ezberdina da egiturak jaten zaituenean edo egituraz kontziente izanik zeure burua bertan kokatzen duzunean. Arriskua askoz ere txikiagoa da egitura hori erabiltzen asmatzen baldin baduzu. Gertatzen dena da bizitzan, oro har, egiturek janda gauzkatela eta ez garela ohartzen egiturak norbanakoari gain hartzen dionik, baina bizitzan ematen ditugun urrats gehienak egiturek bideratuta ematen ditugu, guk geure erabakiak hartzen ditugula sinetsi arren. Bertsotan ere berdin. Bertsolari batentzat astez asteko ibilera, maiztasun handiko txapelketak… itogarriak izan daitezke egiturak ezustean harrapatzen badu bertsolaria, baina norbera bada egituraren gainean kontzienteki jartzen dena, izugarrizko aukera da egitura hori astero-astero norbere burua probatzeko.

Nor dagoen noren gainetik, hori da gakoa: egitura dagoen zure gainetik ala zu zauden egituraren gainean. Ausardia behar da, baina ausardia ere oso diferente interpretatzen da momentuan momentuko balorazioa egiten badugu edo ibilbide osoa kontuan hartzen baldin badugu, momentuan ez asmatu arren ausardiak beti bere emaitzak dauzka. Orain, unean uneko interpretaziora bakarrik ixten bagara, ausardiak hil ala biziko kontua dirudi, eta bertsotan, asmatzea edo ez asmatzea ia txiripa kontua izan daiteke momentu batean, hainbat faktorek baldintzatu dezakete bertsoaldi ona. Norberak bere bidearen kontzientzia izan behar du eta nik uste bertso-eskoletan ez digutela irakatsi bertsogintza bide gisa ulertzen, momentuko emaitzetan kokatu gara asko. Eta ez gaituzte pertsona bezala kokatu, bertso-eskoletan ez dugu askotan aditu “beno, zu lasai, oraindik gaztea zara, bidea eginez joan behar duzu” esaten.

Orain dela gutxi nortasunaz eta autore bertsolaritzaz hizketan ari ginela, plaza asko egiten ari den gizonezko bertsolari gazte batek adierazi zigun hau guztia entzunda berak beldurra sentitzen zuela, eta bertsolari zaharrago batek esan zion: “hi lasai, hi oraindik titiko umea haiz”, eta klaro, 22 urterekin, ezinbestean, asko sufritzea tokatzen zaio edozein bertsolariri, gizon nahiz emakume izan, oraindik pertsona egiteko baitago, eta momentu askotan oraindik bizi izan ez dituen gaiei erantzun behar izaten baitie, eta bere bertsoak maila oneko bertsolarien bertsoekin alderatu eta sufritzea normalena da...

Pertsona hori inkontzienteki konturatzen da uneoro burutik ari dela, jakina, barrutik oraindik ez badituzu hainbat bizi-esperientzia izan, burutik kantatzea beste erremediorik ez daukazu, eta burutik kantatzeak nekatu egiten du, baita fisikoki ere, noraezean sentitzen zara, eta gainera gutxi elikatzen zaitu, ez da energia berriztagarria. Bertso-eskoletan ez digute esaten “lasai, halako eta halako fase hauek pasatzen ditu bertsolariak”, agian 30 urtetik aurrera iristen da bertsotan egiteko garairik onena, baina zer gertatzen da? 30 urte bete aurretik hainbat bertsolari erretiratu egiten direla beren buruaren kontzientziarik ez zutelako, sistemaren barruan ez zutelako beren burua aurkitzen, beren buruaz barre egiten ez zekitelako...

Aita asko eta ama gutxi izan ditugu bertsolaritzan?



Semeak aitari begira ikasten du, batez ere, gizon izaten, eta alabak, amari begira ikasten du, batez ere, emakume izaten. Eta guk, alde horretatik, ez dugu ez amonarik, ez amarik izan, eta ahizpak ere, gutxi. Horrek guztiak eragin egiten du, ez badaukazu zer imitaturik, zer kopiaturik, ez baitaukazu zer apurturik ere: ereduak puskatzeko ereduak behar ditugu lehenbizi. Gazteen artean haustailea izatea da arrakasta izateko moduetako bat, baina ez baduzu eredurik, ez duzu zer hautsirik.

Gazte eta emakume izatea ez zen erraza bertsolaritzan. Gaztearentzako bi aldiz zen zaila, baina zer imitatua baldin badaukazu, gutxienez, hari horretan funtzionatzen ikasten duzu, kode hori ikasten duzu, bertsolariaren eta entzulearen arteko komunikaizo kodea, kode hori gizonen arteko komunikazio kodea zen... Puskatzeko ere hortxe zeukaten. Guk ez geneukan gure arteko koderik publikoki funtzionatzen zuenik... Emakumera batua ez zen existitzen.

Zer da emakumera batua?



Hizkuntza batu guztiak erabat zureak izan gabe zure hizkuntza bera darabiltenekin hobeto komunikatzeko sortzen diren hizkuntza berriak direla esango nuke. Batua edo unifikatua den hizkuntza berri bat. Beraz, emakumera batua izango litzateke emakume guztiok edo asko elkar ulertzeko kode bat, eta elkar ulertzeko ezinbestekoa da emakumeon ardatza nolabait kokatzea. Baina horretarako gure gaitegia ere ezagutu behar da. Zein dira emakumeon bizitzako etapak? Zein dira gure lorpenak eta gure dramak? Horiek ezagutu eta komunak direla publikoki adostu gabe ez dago emakumera baturik sortzerik. Esaterako, askotan kantatu da gizon ezkonduaz, eta gizonkera batutik txiste asko egin dira, publiko orokorrak erraz ulertzeko modukoak. Baina sorkuntzako zein inertzia jar ditzake martxan emakume ezkonduaren papera egin behar duenak? Hori falta zitzaigun, hori garatzeko, gure garaietara egokitzeko gero. Emakume ezkondu desberdinen ahotik kantatzera iristeraino. Emakumera batua existituko balitz, neutrotzat eta unibertsaltzat daukagun gizonkera batua bezalaxe, bertsotarako helduleku garrantzitsu bat izango genuke bere garaian. Baina orain ez dut uste lehentasuna emakumera batua sortzea denik, topikoetan oinarritzen diren lengoaiak ez zaizkit interesatzen. Barne-koherentziazko bertsokera egin beharko dugu aurrerantzean emakume eta gizonek.


Zuri entzunda bi gauza etorri zaizkit burura. Batetik, nork kontrolatzen duen nor: pertsonak egitura ala egiturak pertsona, eta konparazio bat eginda, iruditzen zait bertsolari askok gaztetan unibertsitate karrera bat hasten den bezala bizitzen duela bertsolaritza: tituluaren bila. Izan ala ez izan. Eta badirudi zuk heldutasunean eman duzula izena beste ikasketa batzuetan, hortik ahalik eta gehien ikasteko eta plazeretik aritzeko. Gainera, aipatu duzu 22 urteko bertsolaria oraindik titiko umea dela, baina bertsolaritzako erreferente nagusiak 30 urteren bueltan dabiltza. Beste edozein artetan erreferente nagusiak edo hilda daude edo adinez nagusiak dira.



Hori, seguru asko, gaur egungo gizarte sistemaren ondorio da, ze lehengo bertsolariak beren bizitzetako azken faseetan ezagutu genituen onenean: Txirritaren oso bertso onak gogoratzen ditugu bere azken txapelketan, hil baino hilabete batzuk lehenago; Lazkao Txiki hil baino astebete lehenagora arte plazaz plaza zebilen eta izugarri bertso onekin; Joxe Agirre bera hor daukagu sekula baino gehiago esaten eta, seguru asko, egungo gizarte sistema helduekin edo zaharrekin hain injustua den bezala, injustua da bertsolaritza bertsolariekin ere.

Horretan eragin handia dauka txapelketen sistemak ere, txapelketetarako zer esana baino garrantzitsuagoa baita askotan borrokatzeko gaitasuna, eta pentsatu beharko genuke horretaz. Zergatik bihurtzen diren ikusezin, entzunezin bertsolariak hain juxtu esateko gehien daukaten garaian.

Sebastian Lizasok seguru orain duela 20 urte baino askoz gehiago daukala esateko, baina ordukoa zen plaza gehiago egiten zituena, oihartzun handiagoa zeukana. Gogoeta egin behar genuke. Bestalde, plazaz plaza asko dabiltzan bertsolarientzako oso erritmo nekagarria da eta ez dakit zenbateraino aukeratzen duen sistemak eta zenbateraino pertsonak, baina sistemak eragin eta pisu handia duela dudarik ez dago.

Mari Luz Esteban antropologoak gorpuztasunetik egin zuen bertsolaritzaren analisia, eta bertsolariaren gorpuzkera sendoa, pieza batekoa, indarraren erakusle izan ohi zela ondorioztatu zuen. “Nexka gazte txiki polita” zinen zu bertsotan hasi zinenean, eta ahots finekoa, gainera. Nola bizi zenuen zure gorpuztasuna, zure presentzia?



Nexka gazte txiki polita eta ahots finekoa diminutibo gehitxo dira bertsolaritzan aurrera egiteko, batez ere, hala ikusten zaituztela sinesten baduzu. Nik bertsotan hasi nintzenean neure burua ez neukan nexka gazte txikitzat, baina konturatzen nintzen hala ikusten nindutela, eta ez nuen asmatu nire irudi propioa egiten. Txapelketetan horrek ez zeukan eragin nabarmenik, garai hartan txapelketa bertsotan teknikoki ondo egitea baitzen batez ere, baina oholtzan erreferenterik ez edukitzeak eta gaztetasunak, pertsona bezala osatuta ez egoteak, ez zidan aurrera egiten utzi. Nekatu egin nintzen. Nire beharren kontzientzia hartzen eta horien alde borrokatzen asmatu izan banu, nik uste, bidetxoa egin ahal izango nukeela, baina ez nuen asmatu nire izateko modua bertsotara eramaten. Eta, azkenerako, erretiratu egin nintzen, poliki-poliki.

Eta ahotsari buruz... Nik orduan eta orain ahots tonu beretsua daukat, baina problema ez da kanpotik zure ahotsa nola entzuten den, baizik eta bakoitzak bere ahotsaren oihartzuna indartsu ala ahul entzuten duen, eta nire ahotsaren oihartzuna momentu hartan ahula zen. Hori izan zen erretiratu ninduena, ez nuen nire buruarengan sinestu, ahalmenak ahalmen. Barne ahotsa ahula denean ezin da ondo funtzionatu oholtzan, eta hori da bertso-eskoletan landu beharko litzatekeena, barne ahotsa sendotzea.


Emakumeari, bertsotan, maskulinotzat jotzen diren ezaugarriak izatea baloratzen zaio gehien: erantzuteko arrankea, sendotasuna, ziurtasuna, kontundentzia, lotsagabekeria, ez kikiltzea… (Maialen Lujanbio). Zure ezaugarri maskulinoak nabarmenduz eta femeninoak ezkutatuz hasi zinen bertsotan?



Bi erreakzio diferente nituen ezaugarri maskulinoekiko. Esaterako, konturatzen nintzen ziurtasuna, oinarrizkoa zela bertsolari batengan, baina nik ez nuen ziurtasunetan sinesten, batez ere, eguneroko gaiez kantari ari ginenean. Gai politikoetan eta sozialetan askoz ere bertsokera eta bertso bukaera kontundenteagoak erabiltzen genituen, eta halakoetan ziurtasunez kantatzen nuen, baina pertsonen arteko harremanei buruzko gaiak askoz ere labainkorragoak iruditzen zitzaizkidan, eta ez nuen egia absoluturik ikusten. Nik ez nuen gai horietan ziurtasunik topatzen, ziurtasunak ez zitzaizkidan erakargarri.

Erantzuteko arrankearekin ere berdintsu, azkenerako nekagarria egiten da erantzun dialektika hori, ez baita benetako dialektika, zuk niri eman eta nik zuri eman, eta eman eta eman eta zer eman diogu elkarri hainbeste emanda? Beraz, batetik, erakargarri ez ziren ezaugarriak zeuden. Eta bestetik, adieraztera ausartzen ez nintzenak. Lotsagabekeriarekin, adibidez, ez nintzen ausartzen. Iazko txapelketan Leitzan kantatu nuen agurrean eman nion lehen aldiz neure buruari kontzienteki txiste lotsagabe bat egiteko baimena. Gizon batentzako agian oso erraza eta oso tipikoa izango zen, eta zenbait neskarentzako ere bai, baina ni ordura arte ez nintzen mikrofonotik halakorik esatera ausartu. Oso niretik kantatutako agurra zen. Bost mutil eta seiok ginen, eta zera kantatu nuen:

Nire animali sena erakutsi
nahi dut txapelketa hontan
izan naiteke hartzakumea
elur gaineko jokotan
otso emea amorru biziz
bere haurren alde borrokan
sugegorria negu osteko
gosea ase asmotan
ta zergatik ez arkakusoa
beste bost hauen potrotan
gaur da eguna jarri dezadan
fauna txiki bat bertsotan...

Ordura arte bertsotan agertu gabeko Ainhoa jostaria, borrokalaria, gosetia, zirikatzailea… atera nahi nituela adierazi nahi nuen. Baina “arkakusoa beste bost hauen potrotan…” txikikeria izango da askoren begitara, baina nik lehendabiziko aldiz baimendu nion neure buruari halako zerbait esatea. Nik ez nuen bertsotan sekula zakarrarena egin, baina beste bertsolariek askotan egiten zuten. Eta funtzionatzen zuen! Beraz, bazeuden ezaugarri batzuk nire buruari baimentzen ez nizkionak, eta beste batzuk betetzen ez nindutenak, ziurtasuna, adibidez.

Baina era berean ez nekien zalantza bertsotara modu erakargarrian ekartzen. Ze, adibidez, Sarasua ez zen batere bertsokera ziurrekoa, ziurra edukitan, esan nahi dut: Sarasuak bertso bakoitzean zazpi galdera planteatzen zituen, baina bere galderak planteatzeko moduan ziur zegoen. Zalantza, identitate bihurtu zuen. Baina pertsona helduagoa zen, beste adin bat zeukan eta beste argitasun bat ere bai, jakin egin behar da horiek ondo barneratzen eta ondo ateratzen, ni oraindik umetxo bat nintzen, gaztetxoegia zer egin nahi nuen jakiteko.


Terminologiari dagokionez, bertsolarien kasuan Draag King izatea plaza gizon izatea dela entzun genion Maialen Lujanbiori, baina harritzekoa da Draag King-aren figura zerbait urruneko, artifizial eta mozorro-antzekotzat dugun bitartean, emakume bertsolariek nolako naturaltasunez esan izan duten bertsotarako plaza-gizona izan behar da, adibidez.



Oso barneratuta dauzkagu termino batzuk, eta ez gara konturatzen hainbat kontzeptu zenbateraino diren kate eta kartzela. Zorionez, euskarak ez dauka, hika hitz egin ezean, sexu bereizkuntzarik eta horrelako terminologiak gutxiago entzuten ditugu, baina gazteleraz ari bagina, etengabe, los bertsolaris esango genuke geure buruaz. Horrek emakumeoi zenbaterainoko mugak jartzen dizkigun konturatzea oso garrantzitsua da. Behin irakurri nuen hiztegietan dena dela alfabetikoa generoa salbu, hau da, hitz guztiak alfabetikoki ordenatuta daude zorrozki, baina gato eta gero dator gata, edo abogado eta gero dator abogada. Horregatik, emakumeok are zailago daukagu hizkuntzak baimentzen ez digun terminoetan gure buruarentzako lekua badagoela ikustea, eta plaza-gizon da horietako termino bat, bertsolari plaza-gizonen sinonimo zen bitartean oso zaila zen emakumeok geure burua definizio horren barruan ikustea, sentitzea.

Bertso-eskoletan nola landu daiteke aipatzen ari zaren guztia?



Clown ikastaroetan ikasten den aurreneko gauza pertsona bakoitzaren barruko clowna bilatzea da. Zein da zure clowna?, da aurreneko galdera. Nolakoa da? Zeri egiten dio barre? Ze ahulune ditu? Nola jokatzen du?... Egia da clown eskola gehienak helduentzakoak direla, baina kuriosoa da, guk ez daukagu helduen bertso eskolarik kontzepzio hauetan. Gure helduen bertso-eskoletan haurren bertso-eskoletan egiten den antzeko zerbait egiten da, bertsolaria teknikarekin formatzen jarraitzen dugu, ez da izaeraren baitako formazio pertsonalik egiten. Inoiz ez dugu galdetzen zein da zure barruko bertsolaria?, eta artista izateko eta, are gehiago, komiko izateko norbere burua ondo ezagutu beharra dago eta, clownek esate baterako, zenbat eta desberdinago izan besteengandik, orduan eta zuku gehiago ateratzen diote beren komikotasunari. Batzuentzako ahuldadea izan daitekeena, esaterako, gizonezko txiki bat... indargune bihurtzen dute. Zenbat eta ahulune gehiago bilatu, orduan eta aberatsagoa da clowna. Ahuldade horiei egiten baitiezu barre. Nik uste horretatik zer ikasia badaukagula: clowna ere inprobisazioan oinarritzen da, komikotasunetik asko du, bertsolariengandik ez dago urruti, esango nuke gaur egungo bufoi izateko modu bat dela eta bertsolaria ere badela gizartearekiko bufoi rola hartzen duen figura, eta interesgarria izango litzatekeela gauza horiek lantzea, pertsona diferenteek beren ahuldadeak landu eta horiei indarra eta zukua ateratzea oholtzan. Eta seguru nago publikoa ere askoz ere identifikatuago sentituko litzatekeela. Badago sektore bat esaten duena, eta arrazoi pixka bat badutela esango nuke, oso bertsokera teknikoa, literarioa, formala, politikoki zuzena... nagusitu dela, barrutik gutxi pasatzen dena.

Lehen galdetu didazu inor pasatu ez den bidean zer egin ote daitekeen, eta nik uste inportantea dela sentitzea inor pasa ez den bide hori ere bidea dela. Mendi buelta bat ematera banoa bide nagusia ikusten dut, eta baita beste bidezidor batzuk ere, baina oraindik zelaia den eta inork zapaldu gabeko belarra dagoen lekutik ere joan naitekeela sentitu dezaket, hortik joateko beharra sentitu dezaket, eta ikusiko dut hor ere badagoela bide bat. Baina zelaia bide bihurtzeko beharra sentitu behar du pertsonak, eta bidea norantz dagoen egiteko? Ba, barne koherentziarantz. Nik uste inertziak eta kanpotik ezarri dizkiguten identitateak deseraiki behar ditugula. Horretarako konturatu egin behar dugu nolakoak garen, ez garela besteek espero duten hori, edo ez hori bakarrik, eta barne koherentziaz lan egin, kode berri bat asmatu, komunikatzeko kode berri bat asmatu behar dela esango nuke, gaur egungo garaiekin koherentea dena.

Bertsolaritzaren inertziak aipatu izan dituzu maiz. Zein inertzia azpimarratuko zenituzke?



Alde batetik, arrazoiketa potoloaren inertzia egon da, gai sozialak eta politikoak bertsotan asko agertu direnez, nolabait, ia-ia diskurtso politikoak ziruditen bertso asko joan dira. Beste inertzia bat umore burlatia izan daiteke, bestearen kontura edo besteari barre egitea. Eta hirugarren inertzia garrantzitsu bat bertsotarako burua bakarrik erabiltzea izan da. Bazirudien bertsoa ingenio kontua bakarrik zela, burutik bakarrik landu beharreko zerbait, eta seguru asko emakume gehienok ez gara hiru inertzia horietan heziak eta trebatuak izan. Batez ere hirugarren hori, emakumeok oro har emozionalak gara.

Gizonek era zuzen eta laburragoan hitz egiten dute, esan nahi dutena transmititzeko, eta emakume askok berriz gauza guztiak beren kontestuan kokatu behar izaten ditugu, gertaera bat kokatzeko batzuetan oso atzetik hasten gara kontestua emanez eta emozioetatik hitz eginez. Non zeuden orain arteko bertsolaritzako benetako emozioak? Lepotik gora ezagutzen genituen bertsolari gehienak, baina ez dut uste emozio asko transmititzen zutenik. Eta horren ondorioz, jakina, bertsokera bat agertzen da, eta bertsokera hori bukaerako arrazoian dago oinarritua. Arrazoian, hitzak berak esaten du. Sistema horretan arrazoia izatea da inportantea. Bertso-eskoletako bertsoa irakasteko teknika aztertuko bagenu makina baten funtzionamenduari buruz ari garela dirudi: bukaera pentsatu, oinak bilatu... Bertso bat=arrazoi bat esaten ziguten. Ez zen bertso bat=sentimendu bat, ez zen bertso bat=begirada bat... Bertso bat=arrazoi bat zen, batez ere, oholtza gaineko bertsolaritza garatu zenean.

Guri hala erakutsi ziguten: Egañaren bertsokera, bertsoaldian hiru arrazoi botatzea zela. Makina baten funtzionamenduaren traza hartzen nion nik bertsotan egiteko modu horri, eta kolore gutxi ikusten nion.


Eta egituraren inertzia? Lehiarena?



Lehiaren inertzia, bai. Nire buruari bertsolaritza emakumeek garatu izan balute nolakoa zatekeen lehenengo aldiz galdetu nionenan, ez nuen txapelketaz betetako bertsolaritza imajinatzen. Lehia oso ezaugarri maskulinoa da, besteak baino gehiago izan behar hori, eta gainera kontraesankorra ere bada, gure buruari sinestarazi nahi izan baitiogu bertsolaritza elkarlana dela, eta eskerrak. Nik uste, bertsolari askok ulertzen duela bertsolaritza gizarte hau eraikitzeko modu bezala ere, eta hortik kanpo, neurri handi batean, zentzua galduko lukeela, baina zer behar daukagu hainbeste txapelketa egiteko? Edo lekuena, beste inertzia bat izan daiteke orduena eta lekuena. Frontoi batean eta publikoari kantatzea, beti altu eta kanpora begira. Pentsatu izan dut beharbada bertsokera intimoago bat garatuko zuketela emakumeek, bai edukiz eta bai formaz. Kantitatea kalitatearen aurretik jartzea ere arrakastaren sistema honen baitako inertzia da...

Beste arte eszeniko batzuetan ezagutzen ditugu bestelako artista batzuk, gune mimatuagoak bilatu izan dituztenak, beren burua ondo sentitzea bilatu izan dutenak... Bertsolari askorentzat bertsolaritza oso gogorra izan dela uste dut, oso erritmo eta bizi-estilo gogorra. Gauza batzuetan, prostituzioarekin alderatzen dut, leku guztietan erantzun behar hori, berdin du zu ondo zauden ala ez zauden, berdin du aste horretan lanez lepo ibili zaren eta zenbat saio izan dituzun... Nik uste bertsolari askok ez diotela beren buruari lekurik eman beren bizitzetan, erabat kanporako bizi izan direla, eta horregatik diot eredu maskulinoa izan dela, sistema honen baitako eredua: lana, lana, lana eta lana. Eta non dago hor zure buruarentzako lekua? Egin al daiteke ondo bertsotan zu ondo ez bazaude? Bertsolari on asko ezagutu ditugu azken 15 urteotan, baina bertsolari horiek beren burua gehiago zaindu izan balute zer bertsokera garatuko zuketen ba al dakigu?

Nola eman soluziobidea kontraesan horri? Nola uztartu autore-bertsolaritza eta gaur egungo egiturak eta erritmoak?



Ertz batetik bestera igaro garela esango nuke. 80ko hamarkadan dena zen gizartearentzako eta, gaur egun, dena dira yoga zentroak, gimnasioak, psikologoak... Tai-chi eta kinesologia zentroak beteta dauzkagu. 68ko maiatzean psikologoen kontsultak hustu egin omen ziren, gizarte mugimenduek bete zuten ordura arteko bakardade sentsazioa, bizitzei zentzua eman zieten, jendeak ilusio konpartituak zituen... Gero 80ko hamarkada etorri zen eta Euskal Herrian oso garai mugitua izan zen, eta seguru pertsonek gaur egun baino beheraldi gutxiago izaten zituztela, kolektiboaren zentzua gaur egun baino askoz ere handiagoa zen...

Tira, ondo pentsatuz gero, agian gizonetan bai baina emakumeetan ez hainbeste, emakumeak etxetan isolatuta zeuden. Kontua da bizitza publiko kolektibo hori ere ertzeraino eraman zela, dena baitzen soziala eta kanpora begirakoa, eta pixkanaka jendea beren barruetara begiratzen hasi zen..., eta gaur egun beste ertzean gaude. Bakoitza bere zilborrari begira. Eta esango nuke erdibideetan dagoela gakoa, orekan. Bertsolari bakoitzak erabaki beharko du kanpoa eta barrua nola orekatu nahi dituen, baina inportanteena da konturatzea zure partez besteek erabakitzen baldin badute zu zer erritmotan biziko zaren, lehenago edo beranduago lehertu egingo zarela. Eta 20 urterekin, oraindik egiten ari zarela, oso erraza da besteen erritmora makurtzea, eta bertsolari asko dira oholtzaz oholtzako ibili frenetikoan dexente sufritutakoak. Ez dakit hurrengo belaunaldiek zer erabaki hartuko dituzten bizimodu honen aurrean.

Bide horretan zenbaterainokoa da taldearen garrantzia?



Nire niaren kontzientzia hartzen joan ahala, beste pertsona batzuk ere beren niaren kontziantzia hartuz topatu ditut, eta horrek dexente batu gaitu elkarrekiko. Esaterako, Hamaika Bertute taldearen bueltan, pertsonen arteko ezagutza handia lortu dugu, eta babes handia. Talde horretan bertsokideak eta gai-jartzaileak egon gara eta, elkarren izaerak, interesguneak, kezkak eta motibazioak ezagututa, beste era batean kantatzea lortu dugu. Gai-jartzaileak bertsolari pertsonari eta sortzaileari, biei begiratu behar die. Publikoak ere, hobeto ulertzen du bertsolariek esaten dutena haien arteko konexioa sumatzen duenean, are gehiago jendeak espero ez zuen bide batetik jotzen dutenean. Bi, hiru edo lau bertsolari bat eginda baldin badaude, desberdinak izan arren elkar ulertzen badute, publikoari mezua iritsi egiten zaio, errazago onartzen eta ulertzen du esaten ari zaiona, boteprontoan espero zitekeena ez izanda ere.

Bakarkako bideak oso zailak dira.

Kontua da elkar ondo ezagutzeko zorte hori, orain arte, plazan asko dabiltzan bertsolariek bakarrik zutela. Guri gertatu zaigu jende dexente elkartu garela (tira, guretzako hamar lagun jende dexente da), bai neska eta bai mutil, gure identitatea eta gure lekua bilatu nahian, eta ondo ulertu dugula elkar. Abiapuntu ezberdinetatik, ibilbide bertsua egiten ari gara zenbait lagun, eta horrek babes handia eman digu, ikusi beharko da orain horrek bertsotan, sorkuntzan zer bide egiten duen.

Jakintsuak ilargia seinalatzean, inozoak hatzari begiratzen dio. Maialen Lujanbioren buruan dago orain Euskal Herriko txapela. Txapela hatza bada, zer da seinalatzen duena?



Bide bat. Egindako ibilbidea garbien antzematen zaion bertsolaria dela esango nuke, gaztetxotako Maialenen bertsokeratik oraingo Maialenen bertsokerara dagoen bidea bihurria eta pausu askokoa dela iruditzen zait. Lehen hitz egin dugu ahots finaren ajeez... Maialenek ahotsa findu egin du, esaterako, eta bere aldeko prozesuan erabili du. Nik ez dakit bere buruan ibilbide hori nola banatzen duen berak, ze etapa ikusten dizkion... baina Maialenek esana da pertsona bezala ez zela oso gustura sentitzen bertsolaritzan zeuden inertziekin eta horiei buelta ematen saiatzen hasi zela.

Eta bigarrena, niretzat oso gauza fundamentala egin du, gizarte honetan erakusten ez diguten gauza bat: bere buruari sinestaraztea ordurarte zegoena ez zela derrigor gerora egon behar duena. Bertsolaritzaren tradiziotik hainbat gauza ikasi dituela uste dut, baina bere buruari baimena eman dio ikasitako zenbait gauza ateratzeko, bere barrua husteko, eta berriz betetzeko beretzako nahi zituen ezaugarriekin. Eta nik uste dut hori pertsona guztiok egin behar genukeela. Hau da, Andoni Egaña txapelduna zelako ezin genuen bertsolari guztiok Egañaren moldeak imitatzen aritu; orain Lujanbio txapelduna delako ezin duguna da denok bera imitatzen aritu, baizik eta norberak pentsatu beharko du bere zer ezaugarrirekin bete nahi duen bertsolari moldea, pitxarra. Horretarako lan handia, sotila eta konstantea egin behar da, eta ez ditu emaitzak gaurtik biharrera ematen, hori ez da bertso-eskolara joan eta hiru hilabetean ikasten.

Askoz ere integralagoa da prozesua, bide luzea da, eta ez dakizu zein emaitza konkretu emango dituen, baina emaitzak azkenerako ikusi egiten dira bertsokeran, islatu egiten dira. Ez da zerbait konkretua, nortasuna da, norberaren digestioa, mundua ulertzeko modua, sabeletik pasatutakoa, norbere goxotasunetik, norbere amorruetatik... azkenerako bertso bateko hitz-aukeraketan agertuko dena, baita hitzak lotzeko moduan ere. Nik Maialeni, kantatzen duenean, digestio hori sumatzen diot, eta garrantzitsuena da hustu egin duela, eta denbora bat eman diola bere buruari hustutzeko eta betetzeko.

Tximeletatik ornitorrinkorako bidea aipatzen du Lujabiok (egituraren barrutik leku eginez mugak zabaldu eta zerbait sailkaezinera, definigaitzera iristea)



Sailkaezinarena aldarrikapen modura ere bizi izan duela esango nuke, edo nik behintzat hala ulertu nion. Behar handia izaten dugu beste pertsonak sailkatzeko, sailkatuta dauzkagunean kontrolpean baitauzkagu eta seguruago sentitzen baikara. Gure segurtasun sentsaziorako sailkatzen ditugu besteak.

Emakume bertsolari bat, esaterako, seguru asko, mundu maskulinoak bazeukan berak emakumeentzako zeukan lekuan kokatzeko beharra, sailkatzeko premia, eta nik Maialeni ulertu niona zen, uzteko ateratzen atera behar duen guztiari, ez baitakigu pertsonaren baitatik zer atera daitekeen. Maialenek 33 urte ditu orain eta dituen bizipenak ditu, edo Ornitorrinkus egin zuenean 31 zituen, eta hamar urte barru, pentsa, 43 urteko emakumea izango da, oraindik ere bizi-esperientzia gehiagorekin... ezin da denboraren joanean pertsona berdin sailkatu. Gizarte honentzako badirudi pertsonok ez dugula eboluzionatzen, badirudi 20 urterekin pertsona ausarta zena 40 urterekin ere ausarta izango dela, eta ez du zertan, pertsona batek erabaki dezake ausardia nekagarri zaiola eta beste ertzera pasatzea edo erdibide bat topatzea edo ausardia beste era batera ulertzea...

Badirudi orain dela 20 urteko Iturriaga eta oraingoa berdinak direla, eta ez, Iturriagak eboluzionatu egin du, baina neurri batean orduan ezarri zizkioten adjektiboekin gelditu da. Beraz, bertsolaritzaren kritika eta teorizazio arloan, aldiro-aldiro, errepasatu egin behar genituzke bertsolari bakoitzaren ezaugarriak eta aportazioak, bertsolari bat, bere ibilbidea bukatutzat ematen ez duen artean, garatuz baitoa.

Eta tximeletarena zer den? Zure buruari hegan egiteko baimena ematea hain itxiak eta hain zurrunak izan daitezkeen egituren barruan. Batzuetan, ez dugu hegan egiten sinestarazi digutelako ez dakigula hegan. Elefantearen ipuina kontatzen du Jorge Bucayk: txikitan kate bat jarri zioten hankara lotuta elefante kume bati, eta elefante kumea saiatzen zen ibiltzen, baina ezin zuen, katea astunegia zitzaiolako. Handitu zenean, ordea, katea oso txikia zen elefantearentzako, baina ordurako ikasia zeukan ez zela kate hartatik askatzeko gai, eta ez zen saiatu ere egiten. Horregatik, oraindik gazteak garenean, nortasuna osatu gabe daukagunean, oraindik indarrik ez daukagunean, ezin dugu hegan egin, ezin dugu hainbat gauza egitera ausartu, baina bizitzan aurrera goazen heinean, nahi badugu ikusiko dugu sinestarazi zizkiguten lotura batzuk ez direla benetako loturak.

Zergatik izan da, hain zuzen emakume bat ibilbide hori guztia egin duena? Bere nortasuna kokatu duena, gauzak egin eta izateko zerbait berria ekarri dituena? Izan zitekeen gizonezko bat… baina ez zuen modu berean egingo. (Ion Ansa)



Ez da, inondik inora, bere buruari espazio berriak eraiki nahi izan dizkion lehen bertsolaria izan, asko izan dira tradiziotik edan arren tradizioa urrunegi edo estuegi geratzen zitzaienak baina, beharbada, espazio horietan itoen sentitzen zena emakume bat izatea ez da harritzekoa, ze beste guztiak, gutxienez, historiaren kate berean zetozen sexuari zegokionez. Gauza inportante bat bazuten besteen berdina eta hari baten segidan koka zitezkeen. Maialen, ordea, ertz batean zegoen sexuari zegokionez, eta bertsolariak bere burua ez badu zentroan kokatzen... Baina, jakina, gizonezkoen munduan emakumea ertz batean ikusten du mundu guztiak, 50etik bat zen Maialen, eta Maialenek bere burua erdigunera eraman ahal izateko espazio berriak ireki behar izan ditu. Ez da harritzekoa bera izatea bide hori egin duena. Zorionez, asmatu du aldaketak egin bitartean, edo eginez joan ahala, gizonen munduan beste motibazio batzuek aurkitzen ere. Beti topatu izan du zirrikituren bat bere buruarentzat baina, batez ere, 2001etik 2009ra egin duen aldaketa horretaz ari naiz ni: ez dakit zer gertatu zitzaion barruan bere buruari estiloz hainbeste aldetzea baimentzeko. Izugarrizko poza ematen dit berak sentitzeak bazegoela bere buruarentzako espazio berri bat.


Publiko orokorra, heterogeneoa, masa... da bertsolariena. Ez da arte esparru askotan ikus daitekeen publiko espezializatua. Nola eragin orokortasunean?



Alde batetik, bertsolaritza herrigintzan kokatuta, oso inportantea da publiko nahastu hori egotea, horrek ematen dio bertsolaritzari gaur egun daukan lekua. Baina, aldi berean, iruditzen zait, gero eta bertsolari gehiago izango direla, tarteka bada ere, beren bertsokerarekin bat egingo duten uneak eta guneak bilatuko eta sortuko dituztenak. Publiko guztiarentzako kantatzen duzunean oso modu orokorrean kantatu behar duzu, edo bestela ez da posible denentzat kantatzea, eta gaur egun gero eta gutxiago, gero eta anitzagoa baita publikoa. Hor bertsokera pertsonal bat garatzea ez da erraza, nahiz eta gure publikoa oso esker onekoa izaten den.

Uste dut bi esparruak lotu behar direla: alde batetik norberak bere gustuko bertsokera garatzea eta horretarako norberarekin bat egingo duten lekuak eta entzuleak bilatzea, eta bestetik, bertsogintzaren herri kulturako ezaugarriak mantentzea. Entzule orokorraren aurrean zenbateraino puskatu? Batzuetan puskatzailea izatea ahizpa edo anaia zaharra izatea bezalakoa da, esker txarrekoa norberarentzat, baina agian ahizpa zaharrenak egindako borroken ondorioak, berak bizi gabekoak, gazteenak jasoko ditu. Momentuko emaitzari soilik begiratuz gero hori gerta daiteke, baina zure burua ibilbide batean kokatzen baduzu, ez da gauza bera 15 urterekin alaba esanekoa edo alaba puskatzailea izatea, 25 urterekin igarri egingo baita 15ekin alaba esanekoa ala puskatzailea zinen. Igual ez duzu momentuan nahi duzuna lortuko, baina norbere mugimenduek ingurua ere mugitzen dute, beti. Inportantea dena da epe luzera begiratzea, aldaketak ibilbide luze batean kokatu ezean zure lanaren uzta jasotzen hasterako erre eta erretiratu egin baitzaitezke.

Kontua ez da, gainera, apurtzeagatik apurtzea, koherentzia baten barruan haustea baizik. Zerbait puskatzen duzunean agian ez dizute ulertuko, baina zuk benetan hori puskatu nahi bazenuen, baldin bazenekien zergatik eta zertarako puskatu duzun, azkenerako, ulertuko dizute. Jendeak ez ditu inkoherentziak ulertzen, baina koherenteak diren bideak bai, nahiz eta puskatzaileak izan. Esate baterako Sarasua puskatzailea zen, baita Iturriaga eta Andoni Egaña ere. Andoni bertsotan hasi zenean ez zen kanonen barruan sartzen zen bertsolaria, eta publikoak izugarrizko onarpena eman dio, bide koherentea egin duelako. Edo Iturriagari, esate baterako, hasiera batean zenbait bertsozale oldartu egingo zitzaizkion, baina begira zenbat estimatzen duten orain. Bide koherenteak izan dira.


Pertsona adina feminitate mota izan daitezkeela kontuan hartuta, zenbateraino zabal da gama hori gaur egun plazetan?



Ez da maskulinitatearen gama den beste zabal, ez daudelako, hasteko, gizonezko bertsolariak adina emakumezko bertsolari. Maskulinitatearen gaman onartuak izateko ere izugarrizko lana egin behar izango zuten batzuek. Gizonezko askok ere borroka handia egin dute, eta ahalegin handiena egin dutenak, maila handiena eman dutenak punta-puntara iritsi dira. Gu, momentuz, hor gaude, bidea egiten oraindik, eta momentuz, aurre-aurrean, 30 urteko langa pasatuta, Maialen daukagu plazaz plaza. Nik uste, hurrengo 10 urteetan gauza asko argituko zaizkigula, eta seguru nago aterako direla emakume eta feminitate gehiago.

Orain arte ez zaigu baimendu, eta guk ere geure buruei ez diegu baimendu erdigunean egotea, baina emakume bertsolariok ere ari gara gure buruari bestelako aukera batzuk ematen. Asko ari gara hitz egiten gai hauei buruz, ari gara sentsibilitate hau lanbro bat bezala zabaltzen, eta publikoa ere ari da diskurtso hauek entzuten. Gainera, txapelketa asko daude, eta horrek gauza bat ere badu ona: bertsolariei eta publikoari, nolabait, politikoki zuzenak izatea eskatzen zaie txapelketetan, eta publikoak badaki emakume batek transgresio bat egiten badu gizonezko bati bezain ondo hartu behar diola politikoki zuzena izango bada. Eta hori gure alde erabil dezakegu, txapelketak transgresio gune garrantzitsuak direla esango nuke.

Iazko txapelketa nagusian saio bakoitzean emakume bertsolari bat egon izana eta, tarteka, bi emakumezko bertsolariren artean egindako bertsoaldiak egon izana oso inportantea dela uste dut, eta horrek emaitzak utziko dituela plazetan.

Feminitateen gama momentuz estua da, gaiak ere oraindik ez daude erabat garatuta, gaiek ez dute emakume abaniko zabala erakusten. Ez digute inoiz gaia jartzen zu emakumezko langabetua zara... plazaz plazako ia ahots gehienak gizonezkoenak dira oraindik, eta langabeziari buruzko problematika batez ere gizonezkoen ahotik entzun dugu, nahiz eta datuek esaten duten langabeziak gehien kolpatu dituenak emakumeak izan direla. Bertsolaritzan kantatu da krisiari buruz, EEEei buruz... baina ez emakumeen ahotik. Eta gero, tematiketan emakumeen rolak gizonezkoenak baino askoz ere gutxiago garatuta daude. Gainera, emakumezko bertsolariak gutxi izanda, gutxi horien artean garatu behar izaten ditugu feminitate mota diferenteak, eta hori izugarrizko lana da, izugarrizko ardura eta pisua.

Bestalde, bertso-saioak eta, batez ere, bertso-bazkari-afariak, oraindik tonuz, jarreraz... oso lotuta daude lehengo moldeekin, eta hor oraindik lan handia dago egiteko. Ondo funtzionatzen du erantzuten dakien eta ziurrarena egiten duen emakumeak, baina xuabea izan nahi duenak ez du futzionatzen, lotsatia denak ez du funtzionatzen, sentiberegiak ez du funtzionatzen... eta badaude beste feminitate mota batzuk funtzionatzen ote duten ere ez dakigunak: funtzionatzen ote dute emakume zaharrek? Probokatzaileek?... “Emakume” hitzari adjektibo itsusiak gehitzen dizkiogunean jendeak barne aztoramendu bat bizitzen duela sentitzen dut, emakume mozkorra esaten duzu eta jendea deseroso sentitzen da. Emakumea+adjektibo itsusia=deseroso. Haurrak abandonatu dituen ama? Deserosoa da. Emakumea eta egoista? Hori ere deserosoa da. Eta horiek entzuleak ez ditu ondo asimilatzen, feminitatearen gaman oso tarte estua da onargarritzat jotzen dena.

Gizonen kasuan aita txarrarena egitea graziosoa da, urteak pasa ditugu aita txarraren eta senar txarraren txisteei barre eginaz, baina emakumeoi ez zaigu rol hori onartzen. Emakumeak ama txarraren parodia egitea ez da graziosoa. Emakumea asko epaitzen dugu, eta bertsolaria ere publikoak epaitu egiten du ideologikoki eta estetikoki. Oso epaituak gara eta gainera gure burua ere asko epaitzen dugu. Oraindik lan handia dago egiteko. Entzuten ditugun emakumezko bertsolari guztiak politikoki politak direla esango nuke, bai pertsonei begiratuta, bai sortzen dituzten pertsonaiak eta rolak aztertuta ere. Oro har, emakumeen artean itsusitasuna ez da onartua, ez da behin ere kultur aldizkarietako azaletara eramaten. Gizonezko transgresoreen ereduak badauzkagu gure buruetan, baina emakume transgresore eredugarrien irudirik bururatzen al zaigu boteprontoan?

Buruan dauzkagun apurtzaile gehienak, transgresore gehienak gizonezkoak dira, eta horiek ere itsusiak izango ziren beren garaian. Baina testuinguru batean eta borroka sozialen barruan kokatzen ditugu, eta justifikatuak geratzen dira beren transgresioak eta itsusitasunak. Emakumeen transgresioak, ordea, ez ditugu ulertzen, ez dugu ulertzen emakume batek aldarrikatzen duenean hankak depilatu gabe ibili nahi duela, ez dugu ulertzen hori borroka bat dela, borroka sozial eta politikoa dela, ez dugu onartzen , eta gure erreakzioak deserosotasunean kokatzen ditugu. Ez zait gustatzen esaten dugu, eta kitto. Eta emakumeok halako borroka txiki asko dauzkagu egiteko. Pentsatzen dut 15 urte barru egoera bestelakoa izango dela, baina gutako askok eta gure ondorengoek lan asko egin behar izango dute, borroka guztietan bezala. Batzuetan umorez eta besteetan haserretuta, baina geure burua ulertuz eta sistemaren akatsak antzemanez.


Feminismoa, generoa, emakumeak, feminitateak... hitz berriak dira bertsolaritzaren munduan. Nola ari dira integratzen? Zein ari da izaten inguruaren erreakzioa?



Badaukat sentsazioa batzuetan oso baikorra naizela gure inguruan pertsona batzuen erreakzioa nahiko positiboa izan delako, bai emakumeena eta bai gizonena. Emakumeen aldetik, publikoen aldetik eta beste esparru batzuetako emakume sortzaile batzuen aldetik esker ona eta konplizitatea jasotzen ari gara, esaten digute bertsolaritza gauza batzuetan bide urratzaile izaten ari dela, eta esker on eta babes handia ari gara jasotzen. Gizonen aldetik batzuetan badaukat sentsazioa bertsolariari Euskal Herriarekin gertatzen zaiona gertatzen zaidala, hau da, gu euskaraz hitz egiten den eremuetan mugitzen garenez edo gure ingurura euskaldunak inguratzen direnez, iruditzen zaigu Euskal Herri osoa euskalduna dela, ze guk bertsotan ia-ia Euskal Herri osoan egiten dugu. Eta ez da hala, jakina, ilusio optikoa da. Ba, uste dut antzeko zerbait gertatzen zaidala gai honekin ere. Baina uste dut aurrerapausuetan sinestu behar dugula, gauzak alda daitezkeela sinestea ezinbestekoa baita benetan aldatuko badira.

Guk gauza hauek modu inkontzientean bizi genituenean ez genuen ezer komunikatzen, ez ginen ausartzen, gure barruko zerbait bezala bizi genuen, gure izaeraren ondorio balira bezala. Orain, problematika eremu kolektiboan kokatu dugunean, formazio teorikoan indartzen ari garenean, sentitu dugu nahiko ziurtasun hau guztia komunikatzen eta trasmititzen hasteko. Beharra ere bageneukan, gure inguruko gizonezko bertsolariekin gustura egongo bagara elkar ulertu beharra daukagulako. Niretzako interesgarria izan da, aldi berean, gizonezko horietako batzuek esatea gurekin oso identifikatuta sentitu direla eta euren gizontasuna kuestionatzeko beharra sentitzen dutela.


Iraultza honek, inertziei alto esate honek... gaur arte garrantzitsutzat jo izan diren hainbat gauza kuestionatzea lekarke. Bertsolaritzaren mundua zalantzen itsasoan murgiltzeko prest ikusten duzu?


Ez, nik uste bidea poliki-poliki egingo dugula. Hau guztia masan ulertuko bagenu, eta gizonezkoek ere ulertuko balute benetan, emakumeoi zenbat muga jartzen zaizkigun, hori benetan barneratuko bagenu, ez genioke geure buruari onartuko, eta bihar bertan hasiko ginateke gauzak aldatzeko mugitzen. Baina orain artean gizonak ez ditugu aktibo ikusi, oso gutxi batzuk ikusi ditugu beren burua aldatu nahian. Hau da, nolabait, herrialde pobretuekin gertatzen dena: benetan sentituko eta sinestuko bagenu pobrezia hori guk sortua dela, bihar bertan hasiko ginateke mundua aldatzen, baina ez dugu hala sentitzen! Ez zaigu komeni sinesterik, ze horrek guretzat hartu ditugun eskubide asko zalantzan jartzera eramango gintuzke, eta pribilegioak uztera, eta ez dugu nahi. Ez dakigu pertsonekin beste barruko maila horretan konektatzen.

Nik benetan sentituko banu munduan momentu honetan zenbat pertsona dagoen goseak, ez nintzateke naizen bezain kontsumista izango. Ba, uste dut gizonezkoei eta emakume askori halako zerbait gertatzen zaiela. Eta gauza bera alderantziz: diruz pobreak diren herrialdeetan benetan sinestuko eta sentituko balute beraien egoera munduaren beste zati batek probokatua dela eta eskubideak kendu dizkietela, oldartu egingo lirateke, baina uholdeka matxinatu! Baina ez dira matxinatzen, sinestu egin dutelako hori dela beren lekua munduan. Elefantearen katea. Gizonak, norbanako bezala ez dira zapaltzaileak, ez dute zertan izan, baina sistema bezala bai, badira. Eta hori sentituko balute benetan hasiko lirateke beren burua birplanteatzen, eta birplanteatzen bertsokerak, tonuak, lekuak, orduak, maiztasuna, formatuak... Emakumezko bertsolariak eta publiko femeninoa kontuan hartuz, beren burua ere gehiago entzunez, eta denon elkar ulertze bat bideratuz. Eta nik ez dut halakorik aurrikusten, aldaketa, emango bada, eta uste dut emango dela, poliki eta pixkanaka emango da.


Bertsolariaren bizimodua ez da egokiena familia, zaintza, pribatutasuna... eta bertso jarduna uztartzeko. Bertsogintza ereduaz gain bertsolari eredua ere jarri behar dugu zalantzan? Eredu berriak behar dira?



Ez dut uste hemendik aurrera bertsolaritza orain arte ulertu den bezala ulertuko dugunik, ez emakumeok ez gizonek. Bertsolaritzaren alde dena emateko superbibentziazko joera hori apaltzen joango dela iruiditzen zait, uste dut oso prezio garestia izan duela orain arteko bideak, eta uste dut denok ari garela gauza batzuek birplanteatzen. Kontua da bertsolaritza ez dela sistema isolatua, eta eredu askori eman behar zaiela buelta: feminitate ereduari, maskulinitate ereduari, kontsumo ereduari, arrakastaren ereduari... baina lehen esan dugun bezala, gauzak poliki aldatuko diren arren, bertsolaritzan badugu jendartea baino pausu erdi bat aurrerago joateko aukera, eta aukera hori aprobetxatu behar dugulakoan nago.

Zerrendatu egin behar genituzke etorkizunerako eman beharreko pausuak, eta norberak kokatu dezala bere burua bide batean ala bestean: gaietan ahalegin handia dago egiteko; emakumezko bertsolariok elkarrekin kantatzea ere inportantea da -eta gai-jartzaileek kontuan izan behar lukete hori, oholtzan eman diezagutela elkarrekin kantatzeko aukera, nahiz eta gure hikuntza eta moldeak sortzen ari garenez, agian, oraindik punta-puntako saiorik egingo ez dugun, baina elkarrekin kantatuz baino ez ditugu gure bideak sortuko-; bertso-eskoletan ere irakasleek oso kontuan izan beharko dituzte sortzez dauzkagun baldintzapenak eta ikasle bakoitzaren nortasuna; komunikabideetan ere ahalegin berezia egin beharko da hain tipikoak ez diren bertsokerei lekua egiteko... Barruko belarriekin entzuten ikasi beharko dute profesionalek, ze, molde bat egin gabe dagoenean, kodeak egin gabe daudenean, esaten denaren atzean esan nahi izan dena dago, intentzio sakona, eta horri entzungor egitea errealitatea ukatzea litzateke. Gauza hauek heziketa kontua direnez, bertsolaritzarekin lan egiten duten pertsonek beste begirada batekin eta beste belarri batzuekin begiratzen eta entzuten badute, publikoak ere ulertuko du aldaketaren nondik norakoa. Kritikoek, epaileek, gaijaitzaileek, irakasleek... arreta berezia jarri beharko dute.

Etorkizunari begira, bertsolari feminista gisa, ze erronka ikusten dituzu?



Lehenbizikoa emakume bertsolariok orain arte egin dugun ibilbidea behin eta berriz errepika ez dadin neurriak hartzea, ez dezagula gehiago horma bereberen kontra talka egin, inkontzientziatik atera behar dugu. Bertsolariak izan daitezela kontziente, bai emakumeak eta bai gizonak, pertsona bezala, emakume eta gizon bezala dauzkagun karga historikoez eta dakartzagun inertziez, ohartu gaitezela bertsolaritza nondik datorren, ze molde eta inertzia dauden, ze makulu dauzkagun. Ezagutu dezagula hori, ez gaitezen galduta sentitu 18-26 urte bitarte horretan, zer gertatzen zaigun asmatu ezinda. Bertsolari gazteagoek jakin dezatela beren aurrekoak nondik pasa diren eta zer gauza bizi izan ditugun, eta gero egin dezala bakoitzak bere bidea, baina gutxienez egon dadila transmisio hori.

Erronkak? Profesionalek ardurak hartzea, eta horretarako tresna egokia izan daiteke Bertsozale Elkartea. Beti izan dugu oso kohesio ona gure inguruko profesionalekin, bide inportatea dago hor. Orain arte, gogoetak eta lanketak proposatu izan direnean jendeak erantzun egin izan du, eta uste dut badauzkagula baikor izateko motiboak.

Eta hirugarrenik, maila pertsonalean bertsolariek eta gai-jartzaileek egin beharko duten lana dago, lana koherentziazko kode berriak sortzeko, bertsokera berriak eta bertsolaritza bizitzeko modu berriak sortzeko. Eta hori ez denez bi hilabeteko lana, prozesu luzetan eta elkarlanean aritzen ikasi beharko dugu. Zailena, hau dena gero sorkuntzan islatzea da eta, horretarako, bertso-eskoletan ere prozesu berriak ireki beharko dira, bai haurrentzako eta bai helduentzako, eta bertsogintza eta bertso sorkuntza interpretatzeko sistema berriak sortu beharko dira. Ez hain 10/8, ez hain makina itxurako metodologiak baizik eta lanketa modu berriak, pertsonaren barruko geruzetara bideratuak. Gai bakoitzak hainbat geruza dituen bezala, bertsolari bakoitzak ere hainbat geruza ditu eta horietatik abiatuta bertsoa sortzeko hamaika modu desberdin izan daitezke. Horiek analizatu beharko dira, autore-bertsolaritza esaten dugunean kontuan hartu beharko dugu autore bakoitzak bertsoa sortzeko modu diferentea izango duela. Horiek teorizatu eta ikasleei hainbat bide eskaintzea inportantea da, teknikarekin egoskortu beharrean.

Bertsotan antzera ikasi zuten arren Igor Elortzak, Beñat Gaztelumendik, Miren Artetxek, Unai Muñoak eta Maddalen Arzallusek ez dute bertsoa berdin eraikitzen, baina ez dakigu bakoitzak nola eta nondik sortzen duen bertso bakoitza, motibazioa non aurkitzen duten, gai bakoitzaren atzean bakoitzak zer ikusten duen... Izaera horien azpian bertsoak sortzeko zer modu dauden aztertu eta abaniko zabalagoa erakutsi behar genuke, eta seguru gauza interesgarriak aterako lirakeela.
Off the record - Proportzioan
Proportzioan distantzia bera omen dugu denok burutik, bihotzera; bihotzetik sabelera. Proportzioan ez omen ditugu denok berdin erabiltzen burua, sabela eta bihotza. Ingelesek bihotzez ikasten dituztenak (by heart), buruz ikasten ditugu guk. Nondik ateratzen ditugu hitzak? Nondik, ahotsa? Ezpainetarako bidea burutik, bihotzetik ala sabeletik hasten dugu? Zein noranzkotan? Bidea zuzena, sigi-sagakoa ala kiribila da? Behetik gorako bidea proposatzen du Ainhoa Agirreazaldegik, goragale kreatiboa: tripako minak bihotzerrea eta bihotzerreak buruhausteak sendatuko dizkigulakoan. Orekatuagoak izango ginatekeelakoan, proportzioan.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Lore Lujanbio
“Zaintza lanak ez dira jarduera zehatz bat; produkzio-erlazio patriarkalek ekoizten dituzte”

Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


2024-12-20 | June Fernández
Saioa Baleztena eta Nel Santacruz
“Frustrazioa eragin dezake bularra ematearen onurak azpimarratzen dituen diskurtsoak”

Askotariko edoskitze ereduak ikusarazten ditu Todas las lactancias (Txalaparta) liburuak. Erakundeek bularra ematea gomendatzen dute, baina ez dituzte nahikoa baliabide eskaintzen eskubide hori bermatzeko. Ondorioz, edoskitzea nahi dutenek zein biberoia ematea  erabakitzen... [+]


Atzerritartasun legearen erreforma, Regularización Ya taldearen borroka alboratzen duen sasi-konponbidea

Fernanda Callejasek, Tatiana Romerok, Leo Bueriberik eta Vanessa Uyiguosak parte hartu dute Pikara Magazinek antolatutako "Emakume migratuen lana eta egoera ekonomikoa" eztabaida-mahaian.


Bortxaketaren kultura epaitzeko plaza bihurtu dute Mazango auzia

Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]


Emakume zientzialariek esperientzia okerragoa dute komunikabideetan eta sare sozialetan

Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” izeneko txostena argitaratu du FECYTeko Science Media Centre Españak (SMC), EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta batean oinarrituta. Emaitzen... [+]


2024-12-11 | Julene Flamarique
Lezoko eraso matxista salatu eta ekintza zuzena aldarrikatu du mugimendu feministak

Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.


Madame Birrots
“Emakumeok ez dugu izan beharrik super onak musika sortzeko"

Baztango Madame Birrots taldea emakumez osatuta dago. Landa eremutik eta ikuspegi feministatik mintzo dira.


Ikusezin

Tabernan zaude, barran, eskatu nahian. Mostradorean beste pertsona batzuk ere berdin. Laster izango da zure txanda, baina zuri tokatu arren, zerbitzariak ez dizu galdetu ea zer nahi duzun, salto egin dizu eta zure atzean etorri den gizona atenditu du. Ergel aurpegia geratu... [+]


Teknologia
Mundu digital bortitza

Bilbon bazterkeria arriskuan dauden kolektiboekin lanean aritu nintzen bost urtez, arrakala digitalaren inguruan, batez ere emakumeekin. Bidean, bortizkeria matxistekin eta beste arazo askorekin aurkitu nintzen. Oso modu organikoan, indarkeria matxista pairatzen zuten... [+]


Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Eguneraketa berriak daude