Fikziozko literatura letzerik ez du merezi, Claude Ribbek eskaini kronika bezalakoak edukiz gero. Gaztelaniaz nahiz frantsesez eskaintzen du Voltaire Net guneak. Titulua du kronikak akats bakar: “Che Guevararen heriotza: lekukotasuna eta gogoetak. Haiti eta Bolivia. Regis Debray frantsesa, sasi-iraultzailea eta funtsean inteligentzi zerbitzuen sator informazio emailea”.
Panfleto merkearen usaina erantsi dio izenburuaren hautatzaileak, baina artikuluaren lehen esaldia irakurtzera ausartu denak ez du bake onik izango 36 folioak irentsi arte: “2004an Frantzia AEBekin adiskidetu zen Haitiko presidente Jean-Bertrand Aristide-ren eraisketan parte hartuz”. Regis Debrayz adina Haitiz eta Frantziaren kolonialismo ezin amaituaz da papera.
Claude Ribbe historiagile, filosofo eta idazle frantsesa da, 1954an Guadalupe uhartean sortua. Arraza beltzekoa, idazlanik ezagunenak ditu beste frantses beltzei buruzkoak, Iraultza garaian militar garrantzi handikoa izatera iritsi zen Chevalier de Saint George eta Alexandre Dumas idazle famatuaren aita Dumas general beltza aztertu ditu. Bestalde, azken urteotan jakobino berriek Frantzian hainbeste laudoriatzen duten Napoleon Bonaparteren kontra zorrotz aritu izan da Ribbe, korsikarraren beste krimen ugarien artean nabarmenduz Haitiko beltzen kontrako genozidioa.
Kolonialistek antzinako esklaboen ondorengoekin oraindik kitatzeke dauzkaten zorren aldarrikapena egin du sarritan Ribbek, mundu frankofonoan oihartzun handia lortu duten liburuekin. 2002an kanpainan sartuta zegoen, 2004an Haitiren independentziaren bigarren mendeurrena Amerikan adina Frantzian duintasunez ospatu zedin. Hor egin zuen Ribbek topo Regis Debrayrekin.
Irakurle zaharrenak memoriari eragin beharko dio sorbalda gaineko ganbaran Debrayren irudia aurkitzeko. Interneteko irudien artean egin lezake bilaketa, eta Debray idazle gaztea azalduko zaio 1968ko argazki zaharretan Boliviako poliziaz eta militarrez inguratuta.
Che Guevara eta haren gerrillariekin ibilia zen sasian aste batzuetan eta Europarako bidean arrestatu zuten. Egun gutxiren buruan hilko zuten Guevara. Denbora pasata, Debray indultatu zuen Boliviako Gobernuak eta hark Europara itzulita munduari esplikatu zion zertan ari ziren Kubako iraultza Amerika osora esportatu nahi zuten iraultzaileak.
Jainkoak libra gaitzala Debray juzgatzeko tentalditik. Guk ez ginen han. Ribbek, ordea, oso zalantza gutxi dauzka: ordurako zerbitzu sekretu frantsesekin ari zen intelektual sutsu hura eta Guevararekin ibili zenean agente bikoitzarenak egiten zituen. Ez du dudarik egiten Debrayk oihanetik ihes egiteko zeukan presagatik inguratu eta kalitu zutela boliviarrek. Baina hori guztia ez litzateke 68ko irakinaldi mitiko haiek sakon ezagutu zituztenen arteko zahar solasa besterik, baldin eta ez balu Ribbek Regis Debray topatu 2003an zertan eta Haitin Aristide agintetik kentzeko operazioa antolatzen.
‘Politesse’rik gabeko frantsesak
Duela zortzi urte AEB hasita zeuden Aristide bigarrenez boteretik kentzeko konspiratzen, Collin Powell ministroa buru. Frantsesek berriz, interes bat baino gehiago zeukaten hauteskundeak sekulako abantailaz irabazitako presidente beltza kanporatzeko.
Funtsezkoena hau: munduan zabaltzen hasia zela Frantziak haitiarrei kalteordainak paga ziezazkien eskea, independentzia lortu eta esklabismoa eragotzi zutenean nozitutako zigorren ordainetan. Aristidek berak 21.000 milioi dolarretan kalkulatu zituen kalteak.
2003an Dominique de Villepin zegoen lehen ministro Parisen, eta gaiari aurre egiten hasteko intelektual talde bat osatzea agindu zuen, Frantziaren historia koloniala era goxoagoan berridazteko, horretarako liburuak, aldizkariak eta zernahi argitalpen plazaratzeko dirua jarrita. Nor jarriko horren buru eta Regis Debray gorri zahartua.
Besteren artean Claude Ribberengana joko du Parisko gobernuak. Ziurrenik helburu bikoitzarekin, ahal bada bere alde lanean jartzeko eta bestela kontra egonik ere kontrolpean edukitzeko. Mendebaldean agintariek askotan egiten dute, gai nagusien aurrean aditu batzordeak osatzean.
Intrigazko istorio beroa da Ribberena. Ikusi lehenik Parisen eta gero Haitin bertan, Port-au-Princen, Regis Debray, frantses enbaxadorea eta Dominique de Villepin ministroaren arreba Veronique (Albanel jeneralaren emaztea, eta beraz haren abizena daramana) Aristideren kontra konspiratzen. Pierre Claude Duvalier diktadore ohia ere bai itzaletik, 1986tik Frantzian ondo babestuta.
Tarte horretan, Ribbek izan zuen Jean-Bertrand Aristidek haren liburuetako bat irakurtzeko zortea, eta harremana piztu zen bien artean. Geroztik, 2004ko otsaileko estatu kolpea, zuzenago esateko, AEBen eta Frantziaren esku hartze lotsarik gabea, batzuek nola antolatzen zuten eta bestek ahal bezala nola oztopatzen ikusteko pribilejioa eduki du Ribbek.
Eszena gogoangarriak daude Ribberen kronikan. Bi aukeratzekotan, izugarria Port-au-Princen kanpo arazoetako ministroaren eta negoziatzera etorri diren frantsesen arteko bilkura baten kontakizuna: frantsesak sartu eta denak eseriko dira mahaian bi ez besteak, bi horiek zutik geratu dira eskua bularrean daukatela –357 Magnum pistola bana ukituz– ateak blokatuz. Mehatxu lotsagabeagorik...
Bestean kontatzen du 2003ko abenduaren 11n Villepinen arreba eta Regis Debray Aristideren jauregira nola iritsi ziren, harekin bakarka egotea exijituz. Han eman zioten ultimatuma: edo alde egiten duzu edo atera egingo zaituzte. Mezu bera bidalia zion egun gutxi lehenago Collin Powellek: “Batzuetan hobe da norbera joatea eta ez zain geratzea ea nola ateratzen duten arrastaka helikopteroraino”.
Lau egun geroago hasi ziren istiluak Haitiko leku batzuetan, Dominikar Errepublikatik mertzenario bandak sartzen hasi ziren. Komunikabide handien laguntzarekin Aristideri ohorea asasinatu zioten, ondoren errazago kendu ahal izateko: ustelkeria, magia beltza...
2004ko urtarrilaren 1ean hasi ziren Haitiren independentzia ospatzeko festak. Mendebaldetik ia inor ez zen azaldu, ez zen ezagutu. Hegoafrikako Thabo Mbeki izan zen lehenbiziko esklabo herri askatuari ohore egin zion bakarretakoa. Berak hartu zuen etxean gero Aristide, hilko ez bazuten. Eta Claude Ribbe intelektual frantses beltza ez dago ez ahazteko, ez barkatzeko.
Argazki oina: Ezkerreko irudian Jean Bertrand Aristide Haitiko presidentea Nazio Batuen Erakundeko biltzar batean hizlari. Gaur Hegoafrikan bizi da, Johannesburgeko unibertsitatean eskola emanez. Aristideren alderdi berekoa eta adiskidea den Rene Preval presidentea ez da ausartu hura berriro Haitira eramaten. Eskubian goian, elkarrizketa egin zion Frantziako telebista publikoaren webgunetik hartutako argazkian, Regis Debray bere azken liburua Fraternité aurkezten. Hirugarren fotoan Claude Ribbe idazlea ageri da, Alphée Jean-Paul Bertrand argitaletxean sortu duen Ethiopica saila aurkezten. Historiako liburuez eta antzerkian aurkeztutako obrez gain, Ribbek lan garrantzizkoak plazaratu ditu arrazismoaz, Jean Paul Sartrek defendatu negritude auzitan jarriz.
Informazio gehiago:
* Claude Ribbe-ren El francés Régis Debray, seudo-revolucionario y auténtico informador-topo saboteador de los servicios de inteligencia Votaire Net gunean gaztelaniaz eta Régis Debray en Bolivie et en Haïti frantsesez.
* Jean Bertrand Aristide 2005eko elkarrizketan Claude Ribberi estatu kolpea kontatzen, YouTuben
* Aristideren “Tout homme est un homme” liburua.
* Claude Ribberen webgunea.
* Claude Ribbe frantsesezko Wikipedian.
* Regis Debray frantsesezko Wikipedian.
Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]
Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]
Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]
Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.
Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]
Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]
HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.
Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]
Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]
Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]
Ez dut maite aterkia partekatzen ez dakien jendea. Ez dut maite azkarregi ibiltzen den jendea, ni ez naizenean; ez eta polikiegi ibiltzen dena ere (tira, horiek pixka bat bai, baina pixka bat bakarrik). Ez dut maite autobusean pasilloaren aldeko eserlekuan esertzen den jendea... [+]
Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.
Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]
Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]