Eszena berriak tradizioaren dantzan

  • Euskal dantzaren alorrean, tradizioa eta sorkuntza kontzeptu bateraezinak bailiran erabiltzen ditugu maiz. Baina gaur tradizioa dena noizbait sortua izan da, eta bidean mila aldiz moldatua, etengabe birsortua beraz. Ondorengo lerrootan ikusiko denez, euskal dantza tradizionalaren errepertorioan ia ezer ez da uste ohi dugun bezain “betidanikoa”.
Dantza
Arrateko Amaren dantzak, Eibarko Kezka taldeak 2005ean lehenbiziko aldiz aurkeztuak. Kezkak ex novo sortutako dantza da, Gipuzkoako eta Markina inguruko tradizioan oinarrituta. Dagoeneko guztiz tradizionala dela aldarrikatzen du Oier Araolazak, dantzaren sortzaileetako batek.Dantzan.com
Otsagabiko dantzak eta Kukaik taularatutako azken lana parez pare jarrita, zailtasun handirik gabe jakingo genuke esaten bi horietatik zein den tradizioa eta zein den sorkuntza, biak euskal dantza izanik. Baina mugak ez dira horren argiak, askotan hala nahi genukeen arren. Edo hobe litzateke esatea tradizioaren eta sorkuntzaren arteko bereizketa egitea alferreko lana dela, Euskal Herrian horren oso zale garela jakinda ere.

Oier Araolaza adituarekin berba egin dugu kontu hauetaz, dantzan.com elkartearen egoitzan izandako solasaldi luzean. Abiapuntua argi du Araolazak: “Nik ez dut tradizioa ulertzen sorkuntza gabe, eta iruditzen zait, gainera, tradizioaren oinarrizko ezaugarrietako bat dela sorkuntza”. Zaharra eta berria, lehengoa eta oraingoa, purua eta kutsatutakoa... binomioak izen asko har ditzake, eta badu nolabaiteko indarra gurean. Baina binomio faltsua da. Gaur egungo euskaldunok ez dugu orain dela 100 edo 200 urtekoek bezala dantza egiten. Ezta saiatuta ere.

Tradizioa pelikula batekin konparatzen du Araolazak. “Pelikula horretan fotogramak daude, eta fotograma bakoitza aurrekoaren desberdina da, desberdintasuna agerikoa ez izan arren. Baina bi metro harago dagoen fotogramari begiratuz gero, orduan bai, konturatzen gara zerbait aldatu dela. Eta batzuetan eszena osoa aldatzen da”. Arazoa da ez daukagula pelikula horren kopia osoa inon gordeta. Sarritan puska handiak falta izaten dira, eta irudi bat baino ez da gelditzen, momentuko argazkia. “Argazki zaharrenera bueltatu nahi izaten dute batzuek, den-dena hor ageri den bezala egin, baina pelikula ez da alferrik igaro”. Araolazaren ideiak guztiz bat datoz 60ko hamarkadan Juan Antonio Urbeltzek, Argia dantza taldearen bitartez, zabaldutako filosofiarekin. Rikardo Arregi zenak beste Argia batean, esku artean duzun honetan bertan, egindako elkarrizketan, honelaxe aldarrikatu zuen Urbeltzek: “Gaur egungo euskaldunek bezala dantzatu nahi dugu”. 1967. urtea zen.

Urbeltzen pentsamoldeak berebiziko garrantzia du afera honetan. Azken batean, gaur egungo euskal dantza tradizionalaren errepertorioaren zati esanguratsu bat Argia taldeak 60ko hamarkada hartan hasitako berreskuratze lanean oinarrituta dago. Adibiderik ezagunena Jaurrietako dantzak dira: Urbeltz kantutegi batean aurkitutako doinu batetik abiatu zen, inork ez zuen gogoratzen dantza nolakoa zen. Gaur egun ondo ezagutzen ditugun urrats horiek duela 40 urte asmatutakoak dira, baina ez edonola, “tradiziotik apailatuta baizik”, Oier Araolazaren hitzetan. Alegia, logika baten menpe. Lehenengo zatia Baztango mutil-dantzen urratsak dira, eta bigarren partean, kontuan hartuta Jaurrieta Pirinio aldean dagoela, eta Iparraldetik gertu, Zuberoatik hartutako beste mugimendu batzuk daude. Urbeltzek, “gaur egungo euskaldunok bezala dantzatu nahi dugu” esan zuenean, berehala erantsi baitzuen beste hau: “Baina horretarako gure aurrekoek nola dantzatzen zuten jakin behar dugu”.

Hutsuneak betetzeko, sortu

Jaurrietakoa bezalako adibide gehiago dago. “Uste zabaldua da Argiak erreskate lan hutsa egin zuela –azaldu digu Oier Araolazak–, erabat arkeologikoa; arkeologoak lanak izaten ditu bildutako zeramika puskak elkarri behar bezala itsasten, baina gainera, maiz, puska osoak ere falta zaizkio, eta zuloak bete behar izaten ditu”. Argia taldeak, Urbeltzek nahiago baduzue, beldurrik gabe ekin zion lan horri. “Zilegi al den hori? Nik ez nuke zilegitasunaz hitz egingo, arduraz baizik. Urbeltzek dio, eta bat nator, gure ardura dela daukagun ondarea zaindu eta gutxienez jasotako kalitate berarekin transmititzea. Eta ahal bada, hobetzea. Jasotakoa hobetzen ez duen berrikuntzarik ez zait interesatzen”, diosku Oier Araolazak.

Argia taldeak beste gauza garrantzitsu bat egin zuen: bere lan egiteko era zabaldu zuen Euskal Herrian. Berreskurapena eta sorkuntza uztartuz ondutako errepertorioa inguruko taldeei irakatsi zien, eta haiek beste talde batzuei... Zirkulu zentrukide horiek Euskal Herri osotik hedatu ziren, eta zenbait taldek, ikasi ez ezik, arkeologia lanari ekin zioten eurek ere. Garai hartan asko zegoen berreskuratzeko, eta horregatik 60ko hamarkadan hasitako olatu hark arrasto nabarmena utzi zuen dantza tradizionalaren corpusean.

Olatuak segida izan du gerora ere. Eta askotan, uhinak osmosiz zabaldu dira, Araolazaren berbak erabiltzearren. Esan nahi baita, herri batek antzinako dantza berreskuratu –hau da, hein handi batean birsortu– eta berehala hasten direla aldamenekoak gauza bera egiten. Adibiderik ez da falta. Hala gertatu zen, esaterako, Erriberako paloteado-ekin, 70eko eta 80ko hamarkaden artean. Jaurrietako adibidetik hurbilago, Zangozan Corpus-dantzak sortu zituzten XXI. mendearen atarian. Abiapuntua, orduan, doinua baino gutxiago izan zen: noizbait dantzari batzuei ordaindu izanaren aipamen historikoa baino ez.

Pelikularen hurrengo fotograma filmatzeko ez zen asko behar: dantzak ex novo sortzea, aurretik ezer existitu gabe. Egia esan, Zangozakoa baino pixka bat lehenago –1997an– egin zuten lehenengo urratsa, Iruñean, San Lorentzoko dantzak sortuz. “Ez zeukaten aurrekaririk, baina ez zuten behar”, dio Oier Araolazak, “urtez urte leku eta egun berean dantzatzeko dantza batzuk behar zituzten, eta baita sortu ere”.

XXI. mendeko euskaldunen tradizioa

Iruñekoa akuilu izan zen Araolazaren taldearentzat, Eibarko Kezkarentzat. Beraiek ere sumatzen zuten zerbait asmatu beharra. “Urtero herriko jaietan egiten genuen agerraldia besterik ez geneukan. Tradizio propiorik ezean, zer geneukan guk eskaintzeko Eibarretik kanpo?”. Kezka horrek bultzatuta, Arrateko Amaren dantzak sortu zituen Kezkak, 2005ean. Ordutik, urtero antzeztu dituzte irailaren 8an, Arrateko Ama Birjinaren egunean. Ezpata-dantza bat da, Gipuzkoako elementuak hartuta, baita Markinakoren bat ere. Bistan da euskal dantza dela, baina tradizioa da? “Bai, noski. Guk garbi geneukan gurea tradizionala izango zela, berria izanagatik. Hori bai, guztiz berria izateak askatasuna ematen du”. Askatasun horretaz baliatuz, ahalik eta jende gehien parte har dezakeen dantza sortu zuten, gizonak eta emakumeak modu berean hartzen dituena. Alegia, XXI. mendeko euskaldunek bezala dantzatu nahi dute. Dantza errituala da, jantzi erritualekin egindakoa, ez da Beyonce, baina XXI. mendekoa da. Eta garrantzitsuena: hemen ere funtzionatu du osmosiak. Apurka, Gipuzkoa osotik zabalduz joan da Kezkaren eredua. Han-hemenka, ezpata-dantzak sortuz joan dira, betiere ezaugarri nagusi batekin: genero-diskriminaziorik ez dute. Eszena berria hasi da, baina lehengo pelikularekin koherentea. Horra, tradizioaren definizioa.

Azkenak
Maiatzaren 10ean Sorionekuak ekimenak zubi eta ate zeharkatuko ditu euskara nafar guztiona dela aldarrikatzeko

Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.


2025-04-11 | ARGIA
Lekeitioko musika bandaren zuzendariak jazarpen salaketak jaso ditu

Lekeitioko Udalak jakinarazi du bandako zuzendariak tratu txarrak eman izana jaso dutela, hainbat testigantzaren bidez. Udalak azaldu du, Eusko Jaurlaritzaren aholkuak jarraituta, hainbat pauso eman dituztela, besteak beste, zuzendariarekin hitz egin, eta testigantzak jaso... [+]


Turismo bidaiak antolatu ditu Israelgo Armadak Siriari lapurtutako lurretan

Zibilentzat antolatutako txangoak igande honetatik aurrera egin ahal izango dira, printzipioz astebetez, eta egunero bi ateraldi antolatu dira. Sarrerak berehala agortu dira.


Erdi Aroko emakume kopistak

Orain arte uste izan dugu Erdi Aroan eta inprenta zabaldu baino lehen liburuak kopiatzeaz arduratu zirenak gizonezkoak zirela, zehazki, monasterioetako monjeak. 

Baina Bergengo (Norvegia) unibertsitateko  ikerlari talde batek ondorioztatu du emakumeak ere kopista... [+]


Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]


Salaketa jarriko du Ertzaintzaren tiro baten ondorioz barrabila galdu zuen gizonak

Ospitaletik irten eta berehala prentsaurrekoa eman du Iker Aranak, Errekaldeko gaztetxearen aurrean. Gaztetxearen desalojoan ertzainek "neurrigabeko indarkeria" erabili zutela salatu du, eta salaketa hurrengo egunetan aurkeztuko du.


Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Hutsuneak

Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.

---------------------------------------------------------

Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]


2025-04-11 | Estitxu Eizagirre
Bertso eta pilota zaleentzat saio berezia Zumarragan larunbatean

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]


2025-04-11 | El Salto-Hordago
“Gatazka eta abusua ez dira gauza bera”, feminismoko eztabaidei heltzeko

Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.


Palestinaren alde mobilizatu diren 300 ikasleri bisa kendu diete AEBek

Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.


2025-04-11 | Irutxuloko Hitza
Helena Tabernak irabazi du Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria

Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.


Oloro-Donamariako suprefetura okupatu du ELBk, behi tuberkulosiaren kontrako protokolo “gogorregia” salatzeko

Eritasunaren kontrako protokoloa salatzeko eta prefeturarekin hitzordu bat lortzeko asmoz, bideratu dute okupazioa ehun bat laborarik. Tuberkulosia kasu batzuk agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguru horietako 280 etxalde... [+]


Gaueko beldurrak sarean lantzen

Eneko Mendiluze Plaza psikologoak gaueko beldurren inguruko zenbait gako eman ditu. Nabarmendu du guraso bakoitzak ikusi behar duela zer datorkion hobeto umeari.


Eguneraketa berriak daude