argia.eus
INPRIMATU
Hondakin biltzaileak
Ongi etorri zabor mendira
  • Zakarra azkenaldiko eztabaidagai nagusi bilakatzeak ondorio garbi bat dakar: baztertu, estali eta ezkutatu dugun errealitatea gainera etorri zaigu, alferrikakoa da ezikusiarena egitea. Hondakinak tonaka sortzen ditu gizakiak, eta horren lekuko, zabortegi erraldoietako bizimoduaz Joseba Zabalza argazkilariak egindako erakusketa: Welcome to the garbage mountain.
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2010ko martxoaren 08a
Hondakin biltzaileak
Hondakin biltzaileakJoseba Zabalza
Berehalako eta etengabeko kontsumo goseak eragiten duen zabor pilaz eta gure planeta hondakin biltegi bihurtzeaz hausnartu nahi izan du argazkilari iruindarrak bere azken proiektuan. Zabortegi ikaragarriak aurkitu ditu, Hirugarren Munduko hiri txiki, ertain eta handi guztiek dituztelako zabortegiak, batzuk hiri erdian gainera: “Guatemala hirian, adibidez. Kirats ustela sortzen da eta plagak zabaltzeko arriskua dago. Zabor tonak lur geruzekin estali ohi dituzte halakoetan, baina oso arriskutsua da, metano kontzentrazio altuek eztandak sorrarazten dituztelako, lurra eta zaborra mugituz. Manilako zabortegian esaterako, ni izan baino urtebete lehenago 200 pertsona inguru hil ziren zabor luizi batengatik, eta han gero ez zaitu inork bilatuko”.

Gizarteak baztertu eta zabor bilakatu dituen horiekin egon da argazkilaria, hain juxtu zabor artean eta zaborretik bizi den jendearekin. Milioika eta milioika dira, zabortegietako hondakin tona itzelen inguruan sortutako kolonia eta faveletan pilatuak. Oso baldintza gogorrei egin behar diete aurre, eta zakarrarekin lan egitearen estigma daramate bizkar gainean.

Duela hamar urte, 1999an abiatu zuen Joseba Zabalzak egitasmoa. Guatemalako zabortegian izan zen bi hilabetez, bertan zeramaten bizimoduari buruzko argazki-erreportaje bat osatzen, eta bere buruari galdetu zion nolakoa izango ote zen birziklapena gainontzeko herrialdeetan. Hala, Antananarivo (Madagaskar), Manila (Filipinak), Wewak (Papua Ginea Berria), Buenos Aires (Argentina) eta Albacete (Espainia) hirietako zabortegiak bisitatu zituen ondoren. “Zabor kontzeptua leku guztietan bera da, jendeak baliogabetzat jotzen duena, baina desberdina da zer den zaborra batzuentzat eta besteentzat. Zaborra ez da gauza bera Espainian, Guatemalan edo Madagaskarren; beti maila bat beherago dago Afrika. Tokioko kontainerretan gauza bila ibiltzea izugarria omen da, sekulako aurkikuntzak egin daitezke! Guatemalan MP3ak, telebistak, argazki makinak… egon daitezke zabortegian, baina Afrikan inon ez, ez dagoelako halakoak erosteko dirurik eta egonez gero, ez direlako zabortegira iristen, hirietako kontainerretatik berreskuratuko lituzkete. Azken finean, Afrikan askoz gehiago birziklatzen da, agerikoak diren arrazoiengatik gehiago berrerabiltzen eta aprobetxatzen dituzte gauzak”, kontatu digu Zabalzak. Antananarivon esaterako, hondakinen artetik botilak hartu eta petrolio-lanparak egiteko erabiltzen zituzten.

Bizimodu kaskarra txikienentzat, negozioa handientzat

Gehienetan bezala, zaborretik bizitzeak esanahi desberdina hartzen du batzuen eta besteen kasuan. Argazkilari iruindarraren irudietakoek, zaborrean murgiltzen direnek, egoera latza bizi dute, pobreak dira, eta herrialdea aldatu arren, antzekoak dira bizimoldeak. “Bestelako kontua da erdi mailako bitartekariena, biltzaileen lana erosten dutenak; edota bitartekari handiena, horiek diru asko irabazten dute”. Zaborrak diru asko mugitzen baitu: Guatemalan, hiru milioi biztanleko hirian, hiru familiaren artean banatzen dute kartoi salerosketa guztia. Monopolioak sortzen dira, enpresekin zuzenean negoziatzen dutenak. Zaborra beti izan da aberastasun iturri, eta gurean ere jakina da zer nolako interes ekonomikoak dauden hondakin kudeaketaren atzean.

Duela egun batzuk itxi zituen ateak Donostian Welcome to the garbage mountain (Ongi etorri hondakin mendira) erakusketak. Orain, bilduma Euskal Herriko beste hainbat herritara eramatea da asmoa. Hitzorduetako bat behintzat lotua du jada Zabalzak, bere herrian: Iruñean argazkiok jarriko ditu ikusgai udazken aldera. Aipatu argazkiez gain, Iruñeko Emaus-eko langileen egunerokoa ere gehituko dio proiektuari, zaborrarekin lan egiten duen jendea baita hori ere. Emaus-ekoena ez da Guatemala edo Manilakoena bezain baldintza ziztrineko lana, baina bai haiena bezain duina.