Iñaki Arrutik gipuzkoaeuskara.net-en esanak: "Zergatik euskara EAEn ofiziala dela 30 urte baino gehiago bete direnean Gipuzkoako gazte guztiek gidabaimena gaztelaniaz ateratzen dute? Nahi dutelako? Zenbatek? Euskaraz gai ez direlako? Zenbatek? Euskaraz ezin delako? Zenbatek? (...) Nik gaztelaniaz atera nuen orain hogeita bost bat urte. Nire ilobak orain atera du, gaztelaniaz hark ere (bi mila euro inguru ordainduta). Euskaraz ateratzeko eskubidea izan, biok izan dugu, aukera normalizatua, ordea, ez nik orain hogeita bost urte, ez nire ilobak orain bost hilabete. Ikasketa ereduen aukera modan ez dagoen garai honetan, niri autoeskoletan D eredua zabaltzea eta sustatzea legalki beharrezkoa eta linguistikoki lehentasunezkoa iruditzen zait. Baina nola? Aukera bat Espainiako Estatuari egiten uztea da. Bera da aukera naturalena (bere eskumena delako) eta gertatzeko probabilitate gutxien duena (azken 30 urte hauetan egin duenari jaramon eginez). (...) Bigarren aukera bat, Gipuzkoan gidabaimena euskaraz ateratzearen aldeko plataforma sortzea izan liteke. Hori ere aukera bat da".