argia.eus
INPRIMATU
Udaberria
Igor Estankona 2010ko martxoaren 04a
San Jose lore beilegi-beilegien gainean ihintza oraindik, berria eman zidatenean: “Amama Juanita bajoaku, zatoz ahal dozunean etxera”. Udaberri aurreratu batek hartu zituen, ia-ia asfalto guztia jan arte, Bilbotik Artearako errepideak. Lasai egin nuen amamaren –eta hilda dagoen aititeren– baserrirako bidea. Ugazandre gabeko lekuak dira orain haiek denak. Ibili nituen gaztainondoaren zainak, erreka-muna, labe inguruak, zeruaren urdina.

Azkenengoz berarekin egon nintzenean begiekin hitz egin zidan, berba egitea ere kostatu egiten zitzaion eta. Kontu zaharrak eta berriak kontatu nizkion, denborak zentzurik ez duen ohe ondoan eserita. Poliki-poliki agur esatearen alde ona bizi izan dugu guztiok, eta bake hori daroagu: amamaren esku beroen oroitzapena, ume-azal haren zuritasuna, bizitza zer den ulertu dutenen oroimen falta.
Notiziarik ederrena eman nion orain dela hilabete batzuk, eta ahaztu egiten zuen arren, errepikatu egiten nion. Birramama izango da maiatzean, amamarik eta aititerik gabeko aita bihurtuko naizenean.