argia.eus
INPRIMATU
Neguko poesia
Mikel Asurmendi @masurmendi 2010ko martxoaren 03a
Zeharbidetan heldu ziren Hendaiara Jose Angel Irigaray poeta eta Bixente Martinez musikaria, Neguko poesia emanaldiaren kariaz heldu ere. Akelarrek aterbeturik, poesia doinuz lagunduriko zehar-esana dela adierazi ziguten eleen sorgintzaileok. Hitzaren gezurrean egia aurki dezakegula gaztigatu zigun poetak. Egiak hegietan eraikiak direla,  hegietan amiltzeko zorian iraungitzen direla.
Egun batzuk lehenago Koldo Izagirre poeta heldu zen Bidasoara. Trena galdu zuen nonbait berari begira zegoela eta poeta hau ere zeharbidetan heldu zen. “Emakumeak trena hartu zuenekoa” hitzaldia eskaini zigun Irungo Kabigorriko lagunen eskutik. Emakumea behiala jokatu zuen bestelako harreman mota bat eskatzen ari dela, emakumeak poesiaren trena hartu zuela erran zigun, gizonezkoa dela orain trenaren zain dagoena. Egungo iraultza bakarraren trena non abiatu zen xehe-xehe kontatu zigun. Rolak aldatuz doaz, emakumea ibili badabil, gizona geldirik dago.

Aste bat geroago heldu zen Kabigorrira Andoni Salamero, zeharbidetan, Koldo Cadierno musikariarekin batera. Zumarragatik heldu ziren, trenez, horra paradoxa. Poesia bizitzeko modua da Salamerorena. Poesia idazten du, poesia errezitatzen du, baita poeta gisa bizi ere. Urruñako Ttikia ta Handia txalapartariekin “Hitz bidean ttakunka” emanaldia eskaini zigun. Salamerorentzat dena da misterioa. Misterio horrekin harriturik bizi da. Misterio jainkoa izaki, traszendentzia. 

Martxoa heldu da. Negua berarekin joanen da. Krisi ekonomikoa gelditzeko heldu da, ordea. Hitza ez da krisian halere. Munduan ez ei dago gure poeten eleak beste musikatzen dituzten kantariak. Gerlariak Neguko koarteletara erretiratzeko bidean dauden garai honetan, poesia ez da izoztu gurean. Theodor Adorno filosofoak Auschwitzeko genozidioaz esan zuena hobeto interpretatzeko garaiz gaude oraindik ere. Poesia bakar batzuen hitz kontua da, bistan da. Sare birtualaren bidezko harremana baino ehundegi pertsonalagoa iruteko balio –ahal– du alajaina.