Arrasateko kooperatiben bigarren iraultza

  • Debagoieneko Leintz Bailaran kokatua dago oraingo lurrikara kooperatiboaren epizentroa. Bagara elkarte berria ari da mugimenduaren dinamizatzaile lanean, Fagor Taldea, MUko Huhezi eta Arizmendi ikastolaren gerizpean. Espiritu kooperatiboa XXI. mendera berregokitu eta gizartea aldatzeko tresna gisa baliatu gura dute. Esperientzia pilotua abian da, eta gaurkoz badu sinesgarritasunik. Martxoaren 11n aurkeztuko dute Arrasaten.
Bagara
BagaraBagara
Duela 50 urte pasatxo Arrasaten lehen kooperatibak sortzen hasi zirenean “pertsona berria” zuten buruan sortzaileek. Langileentzat urrutiegi joatea izango zen hura seguruenik, baina zituzten printzipioak oso sendoak ziren: “Hau gurea da” eta “hau guk atera behar dugu aurrera”. Nola? Lan, lan eta lan gehiagorekin. Jabetza kolektiboa, autogestioa eta lana. Horra Arrasateko kooperatiben esperientziaren hiru ardatz nagusiak.

Gipuzkoako Debagoiena eskualdean garatu da esperientziaren muina eta bere arrakasta itzela izan da, zentzu guztietan, baina bereziki arlo ekonomikoan. Bailara Euskal Herriko aberatsenetakoa da eta, garrantzitsuena, aberastasun hori sozialki ondoen banatutako eremua da.

Baina alor batzuetan biziki garatu den moduan, Jose Maria Arizmendiarretaren “pertsona berria” eta bestelako gizartearen bultzadan oso motz geratu da. Balore eta identitate kooperatiboei begira, krisi sakonarekin sartu ziren XXI. mendera.
MCCn eta bereziki Fagor Taldean emandako hausnarketa sakon eta luzeak zerbait egin beharra zegoela agintzen zuen. Eta testuinguru horretan, enpresa kooperatiboak bere lurraldearekin eta herrigintzarekin beste lotura maila bat izan behar zuela ikusi zuten batzuek. Hor sortu zen Bagara elkartea, kooperatiben munduko ohiko baloreak berreskuratu, egungo beharretara egokitu eta Leintz Bailaran gizarte eraldaketa bultzatzeko elkartea.

Eredu kooperatiboa eta autogestioa medio, Debagoienan transformazio prozesua akuilatu gura dute. Euren berbetan azalduta: “Gizartea humanizatzeko norabide integratua da Bagara, bailarako eragile kooperatibo eta sozialek bultzatua. Eskualdearen indargune bereziak baliatuz eta bailara esperimentazio gune bihurtuz, prozesu zibil zabal bat martxan jartzen du mende berrirako helburu sozialei begira”. Lehen urratsean, Leintz Bailara izango da esperimentuaren gunea, 35.000 pertsonako espazio geografikoa: Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Aramaio eta Leintz-Gatzaga.

Fagor Taldea, MUko Huhezi Fakultatea eta Arizmendi ikastolaren itzalak dira proiektuaren atzean. 2007 eta 2008an teorizazio fasean aritu dira Huhezi-ko Lanki ikertegiaren gidaritzapean, eta 2009-2010ean praktikarako jauzia prestatzen. 2011n ikusiko ei dira lehen fruitu zehatzak.

Kooperatiben eremua eta hezkuntza dira landu beharreko harribitxiak, baina gizarte mailako beste esparru batzuk ere lehenetsi dituzte: erretiro aktiboaren esparrua, etxebizitza, kontsumoaren humanizazioa, kultur sorkuntza, gazteen heziketa, nazioarteko elkartasuna eta hizkuntza komunitatea, besteak beste. Proiektu ugari dituzte buruan: etxebizitza alternatiboen proiektu pilotua, emakume etorkinen kooperatiba, “ongi etorkin” euskalduntzeko programa, produktu ekologikoen banaketa sarea, kooperatibagintzaz ostatu tematikoa, kafe antzokia, arte eskola, eskualdeko hezkuntza eragileen klusterra... Lan batzordeak eratuak daude, orain bakoitzaren martxak finkatuko du proiektuen abiada.

Krisi sasoiak gogor jo du eskualdea eta, patrikatik begiratua, agian hau ez da Bagarako piszinara jauzi egiteko unerik egokiena. Edo akaso horrexegatik bai, batek daki. Kontua da aurrera doala, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Arrasate eta Aretxabaletako udalen laguntzarekin.

Martxoaren 11n egingo dute Bagararen aurkezpen publikoa Arrasaten, Amaia Antzokian. Bailaran jende erreferentziala bildu da saio berri honetara, indarra sumatzen da eta, aspaldikoz, ilusioa ere sektore zabaletara barreiatu da.


[Irakurri Jon Sarasua eta Juan Luis Arexolaleibarekin egindako elkarrizketa, ale berean]
Iraitz Agirre eta Aitzol Loyola, belaunaldi berrien ikuspegia
“Kooperatibek egindakoaren bigarren buelta dator orain”
Iraitz Agirre Aranguren Bagaran ari da lanean egun erdiz eta beste erdiz Lankin, kooperatiba eta gizarte ikerketetarako Huheziko institutuan (Eskoriatza, Gipuzkoa). Arrasatearra da eta 26 urte ditu. Aitzol Loyola debarra duela urtebete etorri zen Lankira lanera, 34 urte ditu.

Zer topatzen duzue erakargarri Bagara moduko proiektu batean?


Iraitz Agirre.
Gizarte oso indibidualista dugu, egunorokotasunean suntsitzailea, bai gurekiko eta bai inguratzen gaituen munduarekiko. Gizarte mailan dauden kezka pila bati modu txikian erantzuteko prest agertzen den proiektu ilusionagarria da Bagara.

Aitzol Loyola. Debatik etorri nintzen duela urtebete eta hemen bizi naizela, honelako egitasmo batean parte hartzeko aukera gauza ederra da.


Gazteentzat formazio soziopolitikoa eta ekintzailea proposatzen duzue hasteko. Zergatik?


A.L. Funtsean onartzen da egitasmo honetan gazteak garrantzitsuak direla bailararen biziberritzean. Interesgarria dela bailararen historia ezagutzea, izan diren hainbat herritar dinamika ezagutzea... gero gazteak herri dinamiketan eragile aktibo izan daitezen.

I.A.
Ekinean dago gakoa. Teoriak eta paperak denari eusten diote, baina ekinak erakusten du garena. Gazteak gauza askotan ari gara, baina elkarren arteko sinergiak falta dira, ekintzailetasun hori norabide batean bideratzea.

Autogestioa, kooperazioa, gizarte eraldaketa… gazteak ikusten al dituzue kezka horiekin?


I.A.
Bai, gizarte garapena herrigintzaren ikuspegitik ulertzen dugu guk, eta hau hainbat sektorerentzat erakargarria izango da.

A.L. Norberak eman behar dio bizitza bizi den lekuari, hori da egin beharrekoaren oinarria eta gazteek erraz egin dezakete bat printzipio horrekin.

Aurrera begira, zer irakaspen hartuko zenukete orain arteko kooperatiben mundutik?


I.A.
Gure belaunaldiak beti ezagutu du kooperatiba hemen eta badugu zelanbaiteko etsipen maila bere bilakaerarekiko. Atzo bertan irakurri nuen Joseba Azkarraga lankidearen artikulu batean, munduko biztanleak bailara honetako ongizate mailarekin biziko balira, hiru planeta beharko genituzkeela. Horrek aurrez aurre jartzen gaitu dugun errealitatearekin, horrela ezin da. Egia da, badugu kooperatiben mundutik datorren lekukoa, baina orain bigarren buelta behar du eta, esperimentuak jarrai dezan, hori belaunaldi berrioi dagokigu. Ez dugu formula perfekturik, baina lehengoen filosofia hartu eta ekiteko potentzial handia ikusten dut.

A.L. Bai, goazen dagoen beharrari eruntzutera inori itxaron gabe. Kooperatiben hasieran elkartasuna eta balore kolektiboak garrantzi handikoak ziren eta horiek indartu behar ditugu bailara biziberritzeko ahalegin honetan.

Balore horien galerarik ikusten al duzue?


I.A.
Bai, krisiaz ari garenean ez dut uste bakarrik ekonomia krisia denik. Krisi ekologikoa ere hor dago, kulturala, euskaltasunarena... Eremu horietan eta beste hainbatetan formulazio berriak behar dira, eta baditugula uste dut.
Txaro Iraeta eta Juan Jose Ansoategi, beteranoen hausnarketa
“Bagara proiektua ausarta da eta baikor gara, ondo aterako da”
Txaro Iraeta Euskal Herriko ikastolarik handiena den Arizmendi ikastolako (3.100 ikasle) zuzendaria da. 35 urte darama lanean Leintz bailarako eskola kooperatiboetan. Juan Jose Ansoategik 33 urte darama lanean kooperatibetan. Gaur egun Fagor Taldeko (8 kooperatiba eta 6.300 langile) lehendakaria da.


Nola baloratzen duzue kooperatibetako bilakaera?


Txaro Iraeta. Izandako ibilbidearen balorazio kritikoa egitean, argi dut oso aberatsa izan dela, baina jadanik ez naiz hain baikorra. Hutsune eta akats handiak izan ditugu eta gure esperientziaren hausnarketan ari ginela iritsi da Bagara, bigarren aukera bat, orain arte egin ez duguna gauzatzen hasteko.

Juan Jose Ansoategi. 2003-2006ko urteetan kooperatibei buruzko oso hausnarketa sakona izan genuen MCCn. Ehundik gora kooperatibetako lehendakariek parte hartu genuen prozesuan eta diagnostikoa gogorra izan zen: izpiritu kooperatiboa alboratzen ari ginen. Diagnostiko horrekin batera hiru helburu finkatu ziren: bat, derrigorrezkoa zen hezkuntza kooperatiboa ondo jorratzea; bi, parte hartzea bultzatzea arlo instituzionalean eta enpresarialean; hiru, eraldaketa soziala. Fagorreko jendea indar handiz aritu zen prozesuan.


Eta diagnostiko horrekin zer egin zen gero?


J. J. A.
Prozesu hau mugarri bat izan zen, joera bat apurtu zuen eta osagai berriak jarri zituen mahai gainean. 2006an Fagorren hausnarketan sakontzen jarraitu genuen eta egindako gogoetatik sei ondorio atera genituen aurrera begira lantzeko: bat, balore eta praktika kooperatiboen galera; bi, izaera sozio-enpresariala indartu beharra; hiru, gure baloreen biziberritzea; lau, kooperatiben berrikuntza instituzionala eta enpresariala; bost, Fagor gizarte harremanetan proaktiboa izan behar da, mugimendu sozialekin harremanak sakonduz; eta sei, eskualde garapenean eragin behar dugu.

Gero gai horien inguruko helburuak finkatu genituen: Fagor barrura begira errentagarri izatea –hau barik ez dago ezer– eta enplegu kooperatiboa sortzea lehen mailan jarriz. Izan beharreko etika garbiaz ere jardun genuen: adibidez, behin-behineko lanpostuak ezabatu edo murriztu behar ditugula ondorioztatu genuen, hori guretzat minbizia delako. Gizartera begirako helburuetan eraldaketa sozialean ere eragitea atera zen.

Gizarte eraldaketarako hezkuntza funtsezkoa da.


T. I.
Arizmendin egindako gogoetan bi ondorio nagusitara iritsi gara. Gure ikastola kooperatiboan ez dugu irakatsi zer den kooperatibismoa, ikaslea berau sentitu barik atera da. Ikasgai hori suspenditu egin dugu. Ikastolen eta kooperatiben izaera transmititu behar diegu gure ikasleei: lan kooperatiboa, autogestioa, euskaltasuna…

Baina ikasleei hori transmititzeko ikastolako lan-bazkideok kooperatibaren izaera hori guk sinetsi behar dugu lehenbizi. Horren guztiaren ondorioz, talde txikiagoetan antolatu dugu lana, hauek autogestionatu egiten dira eta erabakiak egunerokotasunean hartzen dira. Horrek sinesgarritasuna ematen digu. Ikusten dugu Bagarak bailararentzat dituen asmoak eta guk ikastolarentzat ditugunak bat datozela.

J. J. A.
Oraintsu arte errentagarritasuna lortzeko pentsatu dugu makinak direla funtsezkoena, baina osagai humanoa dago tartean. Tresna berdinarekin, pertsonek emaitza desberdinak lortzen dituzte, komunikazioa eta harremanaren bidez. Horrek esan nahi du hezkuntza kooperatiboa ona dela pertsonentzat baina baita errentagarritasunerako ere. Euskara planak izan behar dute langileak euskaraz hitz egin dezan, baina baita identitate kooperatiborako ere. Bagara proiektua ausarta da eta baikorra naiz, ondo aterako da. Ona izango da eskualde honetarako eta baita Euskal Herrirako ere.

Azkenak
Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-23 | Julene Flamarique
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
“Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere”

Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Zaballako espetxeko funtzionarioek “ezkutuko greba” hasi dutela salatu dute zenbait presok

Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]


Eguneraketa berriak daude