Azaldu modu labur batean proiektuaren muina zein den.
Jon Sarasua. Gure bailaran tresna eta indargune bereziak biltzen dira eta, gizarte antolatuaren indarretatik abiatuta, herrigintzan jauzi kualitatiboa emateko abiatu den prozesua da.
Juan Luis Arexolaleiba. Lau osagai bateratzaile identifikatu ditugu: euskaltasuna, elkartasuna, iraunkortasuna eta hiru ipar hauek bideratzeko herritar eta erakundeen autoeraketa edo autogestioa. Eta abiatzeko, aipatutako osagai horiekin hiru arlo jorratzea pentsatu genuen. Bat, kooperatibagintza: izaera sozio-enpresarialean sakonduz, barrura eta kanpora begira urrats berriak eman behar dira. Bi, hezkuntza arloan ere esperimentalak izateko arrazoi eta aukerak baditugu. Eta hiru, sustapena deitu duguna, gure gizartean premia duten bederatzi arlo identifikatu ditugu herri-ekimenetik hauetan eragiteko asmoz.
J. S. Proiektu sozial integratua da hau eta bere atzean bailarako indar kooperatibo eta sozialak daude. Zer da integratzen dena? Herrigintzan ari diren gizarteko gune eta eragileen arteko norabideak bateratzean datza prozesu honen giltzarrietakoa. Gure bailara izan da “esperimentala” gauza batzuetan eta beste jauzi prestatzen ari da orain.
Zergatik orain?
J. S. Belaunaldi baten bultzada da. Sustraietako bat da kooperatibagintzan azken hamar urteetan egin dugun gogoeta. Hor adar asko atera dira, baina horietako bat da kooperatibagintza herrigintzaren zerbitzuan sortu zela eta XXI. mendeko kooperatibagintzaren berrideologizazioa herrigintzara bideratu behar dela.
Noranzkoa da jauzi hori?
J. S. Lehen Arexolaleibak lau ipar nagusi aipatu ditu. XXI. mendean gizartea euskaratik ulertzen dugu eta aurrerapausoak eman nahi ditugu. Beste bat autoeraketarena da, mundu mailan gune pribilegiatu batean gaude, baina kooperatibagintzak ere baditu higadura zantzu esanguratsuak eta kontraesan ugari. Jauzi kaulitatibo bat eman gura dugu identitate kooperatiboaren berreskurapenean. Salto kualitatiboa hezkuntzan, herrigintzari lotuago egon dadin. Eta berdin sustatzeko hautatu ditugun bederatzi arloetan. Baina jauzi kualitatibo handiena zera da, arlo guztiak prozesu bakarrean kokatu ditugula ikuspegi integratu batetik bultzatzeko.
“Nekatuta datorren korrikalariari”, kooperatiba zaleari erreleboa eman nahi diozue. Nola eraman nahi duzue aurrera lekukoa?
J. S. Arrasateko esperientziak argi-ilun asko dauzka, ez gaude hemen bere apologia egiteko. Batetik, sistema kapitalistaren barruan ondo txertatzen den fenomenoa da, baina bestetik baditu ukaezinak diren eraldaketarako osagaiak. Heldu da unea kooperatibagintza honen kontraesan horiek mugitu eta herrigintza molde berri batean txertatzeko, edo bestela seguruenik esperientzia hori ez zaigu interesatzen gutako askori.
XX. mendeko beste ideologia emantzipatzaile batzuk iritsitako lekura iritsi dira eta XXI. mendea galdera ideologiko berriekin dator. Horiei erantzuteko autoeraketa intuizio garrantzitsua izango da. Hori da bereziki Arizmendiarretarengandik interesatzen zaiguna, pentsamendu autogestionarioa. Bere autoeraketa eredua oso garai desarrollista batean kokatzen da eta guk beste era batera ulertzen dugu, baina tresna moduan ardatza izango da. Bailararako prozesu hau desafio praktikoa da, baina baita ideologikoa ere.
Sustatzeko bederatzi arlo aipatu dituzue [begiratu erreportaian zeintzuk]. Zein lehentasun daude horien artean?
J. L. A. Denak dira lehentasunezkoak. Dagoeneko arloetako parametro nagusiak zehaztu ditugu eta sei lagunez osatutako taldea eratu dugu arlo bakoitzeko, diagnostikoan sakondu eta proiektu zehatzak egin ditzaten. 2010etik aurrera oso proiektu praktikoak izango ditugu esku artean. Une horretan ikusiko dugu eremu bakoitzean zer egiteko gai garen.
Zer dira egitasmo praktiko horiek, adibidez?
J.S. Nekazaritzan, esate baterako, nekazari gazteak jardun horretatik bizi ahal izateko proiektuak gauzatzea: elikadura sareak eta kontsumo taldeak sortu; emakume inmigranteekin kooperatiba bat egin agian, hauek euskalduntzeko plan pilotu sakona, etxebizitza kooperatiboak bultzatu, etxebizitza behatoki bat…. Hemendik urte t’erdira 20-30 proiektu zehatz izan ditzakegu esku artean, lanean ari den talde bakoitzak aurreratzen duen arabera. Horregatik esaten dugu hau ez dela proiektu bat, prozesu bat baizik.
Eta ekimen horiek guztiak ez dira batez ere instituzioek bultzatu beharrekoak, arlo publikoak?
J.S. Batzuk bai eta beste batzuk ez. Gaur egun nork egiten ditu gauzak gure gizartean? Ekimen publikoak –estatuak– badu bere esparrua, kapitalak edo merkatuak berea eta gizarte ekimenak ere berea. Zer dagokio gizarte ekimenari eta zer udaletxeari? Etorkizuneko debate nagusietakoa da, gurean esperimentatzea dagokigu udaletxeak bere zeregina izango du eta gizarte ekimenak berea. Ez dugu aurreikusten instituzio publikoen burokraziapean bizi den herri bat. Guk ez dugu lehiarik gura udaletxeekin, elkar osa dezakegu.
J.L.A. Bailara honetan gauza asko egiten dira, baina ez daude elkar lotuta, ez dago osotasunik, eta guk ipar ilusionagarria jarri gura dugu. Gazteen esparrua jorratzen ari ginela, esaterako, gazteen aisialdia arloari ekin genion, baina berehala ohartu ginen ez zela hori; guk gazteen konpromisorako heziketaz ari ginela adostu genuen. Beste bat, euskalgintza: bailaran gauza asko dira jada, gu ez goaz elkarte berri bat sortzera, baina iparra bai berfinkatu behar dela eta horretan eragin nahi dugu. Ez gaude iraganeko erreferentziei begira, munduan egosten ari diren esperientzia interesgarriak jaso eta bertako unibertsitateak duen gaitasun intelektuala aprobetxatu nahi dugu herrigintzara eramanez.
J. S. Kooperatibagintza eta euskalgintzari dagokienez, hau jarrauzi bat da, hau da, jarraidura eta jauzia. Belaunaldi baten kontua da nolabait.
Eta ez ote da posible halako ekimen bat indartzen bada, instituzioek, alderdi nagusiek, berau mehatxu gisa ikustea?
J. S. Orain ez, baina epe ertainera agian bai. Hemen gizarte antolatuaren esparrua indartsua da, baina bertako agintari publikoak ere, oro har, herrigintzari nahiko lotua daude eta lotu gaitezke bailaran humanizazio prozesu berrietan esperimentatzeko. Ez dugu ezer utopikoa egin nahi, baina norabidea jarri bai.
[
Irakurri Bagara Elkarteari buruzko erreportajea, ale berean]