argia.eus
INPRIMATU
Lupu jostailua
Jakoba Errekondo 2010ko otsailaren 23a
Berarakia (Eruca vesicaria subsp. sativa) bezala afrodisiakoak dira marrubia, muxika, sagarra eta baba eta ilarra eta... Bukaerarainoko lista osatzeko tentazio lizuna datorkit baina honezkero nire amaierarik gabeko zerrendez nazkatu samarra egongo da irakurlea... Lizun kontu urdinetatik urrun, ar eta eme, eme eta ar, era guztietako zeresan eta amen-omen entzuten da landareei buruzko burutazioetan. Honezkero entzuna duzu frutarik ematen ez duena arra eta alferra denaren esamesa, landare emeak alferra izateko eskubiderik ez balutan... eta gehienetan oker bidetik inausi izanaren arazoa izaki...

Ulu-mulu-zurru-murru-txutxu-mutxu-txutxu-putxu hauetako bat darabilt aldamenean. Zeraingo XaguArtea aldizkarian kurkubitari buruzko idatzi puska argitara eman dute, eta dantzan jarri nau, poxpolin. Poxpolin eta kurkubita bat dira, ala ez? Bakterioak, onddoak, intsektuak, akaroak... landareetan sortutako lupu edo tumoreak dira. Landarearen “fruitu” direla uste izan da, baina, izan, kanpoko bizidun bat eta landarearen arteko elkarlan baten ondorio besterik ez dira. Tanino mordoa dutelako larrua ontzeko, jostailu... erabilera anitz izan dute. Eta esaerako lupuak heldu arterainoko izen pila dute. Zerainen intsektu batek haritzean (Quercus robur) sortzen duenari kurkuita deitzen diote eta poxpolina ametzarenari (Quercus pyrenaica).

Harantzaxeago Bergara, Nabarniz, Xemein, Lizarraga, Berastegi, Leitza, Unanua, Arruazu, Bakaiku, Ozaeta, Aibar eta abarren barrena kukusagarra, kukubala, kurkubitte, txantxilikota, kukurro, kukurru, kukumela, kurrumeta, kurkuitze, kuskule, kuskuilu, txantxari, zibota, txurru, kukur, kurkubio, kurkullu, korkubatxa, kukurubatxa, korkotxa, kokorotxa... Izen jolas polita... Ziba gisara edo lasto-ipurdiarekin putz eginez airean eustera jolasteko.