Gipuzkoako museoen arteko elkarlana bultzatu eta herritarrei ondarea ezagutaraztea da Gipuzkoako Museoak Antolatzeko Planaren helburua. Urte eta erdi aritu dira plana ontzen, eta pasa den astean aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Planaren asmoetako bat da museoak gaika antolatutako sareetan biltzea: Itsasoa (Itsasoaren Euskal Museoa, Untzi Museoa, Aquariuma...), Burdina (Mirandaola, Chillida Leku, Trenbidearen Euskal Museoa...), Natura (Kutxagunea-ingurumena, Luberri, Lizarrusti-Aralar Parketxea...), Gastronomia (D'Elikatuz, Aikur, Gatz Museoa...) eta Arteak (Antonio Oteiza museoa, Mentxu Gal, Chillida-Leku, San Telmo museoa...). Historia izango da egitasmoaren ardatz nagusia, eta haren baitan, Donostiako San Telmo museoa eta Gipuzkoa Geroztik egitasmoa. Historiaren sarea garaika banatuko da eta hamaika museo bilduko ditu: Ekainberri, Oiasso, Zumalakarregi, Igartubeiti, Makina Erremintaren Museoa, Photomuseum... Epe laburrera begirako egitasmoei dagokienez, Irunen eraikitzen ari diren Gordailua izeneko eremua da esanguratsuena. 2011n irekitzea espero du Aldundiak.