argia.eus
INPRIMATU
Ubelduak beren kasa agertzen badira
Jabier Agirre 2010ko otsailaren 18a
www.indymedia.ie
Hainbat kasutan, ubelduak magia kontua balira agertzen dira larruazalean, horrelakorik justifikatuko lukeen ageriko arrazoirik gabe. Ubelduak odol-hodirik txikienetako odolak “gainezka” egin eta inguruko ehunak blaitzen dituenean azaltzen dira begi-bistan. Normalean kolpe, eroriko edo injekzio baten ondoren azaltzen direnez, ez diegu aparteko garrantzirik ematen, egun batzuen buruan desagertu egiten direlako. Baina igurtzirik txikienaren ostean ubelduren bat sortzen bada, edota ubelduak oso handiak badira, medikuarengana joatea komeni zaizu, sintoma horren azpian hainbat trastorno egon daitezke eta. Medikuak ondorengo egoerak hartuko ditu kontuan, diagnostiko diferentziala egiten saiatzeko:
 
Kapilarren hauskortasuna. C bitamina faltak edo gaizki kontrolatutako diabetes batek odol-kapilarrak oso erraz haustea eragiten dute. Kapilar horiek indartu eta sendotzeko flabonoide asko dituzten jakiak hartzea komeni da, esaterako, marrubiak, espinakak eta ahabiak bezalakoak, osorik edo zukuan.

K bitaminaren falta. Zereal integraletan eta hosto berdeko ia berazki guztietan agertzen denez, K bitaminaren defizita ez da batere arrunta. Baina antibiotikoak denbora luzean hartzen badira, hesteak ezin du odolaren koagulaziorako ezinbestekoa den nutriente hori behar bezala xurgatu.

Infekzioak. Birusek eragindako infekzioek koagulazio-mekanismoak nahasten dituzte batzuetan. Bakterioengatiko infekzioak –meningitisa, esaterako– petekia izeneko ubelune txikiekin agertzen dira sarritan.

Alergiak. Larruazaleko erreakzio alergikoetan ere errazagoa da hematomak edo ubelduak sortzea.

Plaketen eskasia.
Gaixotasun autoimmuneek edo leuzemia bezalako gaitz larriek plaketa kopurua asko jaisten dute odolean. Eta plaketak ezinbestekoak direnez odoljarioak gerarazteko, plaketa gutxi egoteak hematomak ekar ditzake.