Nor den Luther Blissett eta zer den nobela hau, grosso modo
azaldu genuen aldizkari honetan duela zenbait denbora (2.115. zenbakian). Laburbiltzeko: Blissett ez da idazle bakarra, lau baizik; gerora Wu Ming kolektiboa osatu zuten berberak; eta liburu honetako istorioak XVI. mendeko Alemanian kokatzen gaitu, erreforma protestanteen eltzea lehertu den momentuan. Izenik ez duen protagonista identitatez aldatzen ibiliko da etengabe, Europa erdia iraultzaz-iraultza zeharkatu bitartean. Atzetik, Q dauka, Giovanni Pietro Carafa kardinalaren espia, atzaparra gainean noiz jarriko.
Nobela historikoa ala saiakera politikoa? Detektibe-eleberria ala abenturazkoa? Dena batera, akaso? Arrunt zaila da sailkatzen: egileek –
boutade betean– “bizirauteko abilezien eskuliburu” gisa definitu zuten
Q. Baina irakurketa “politikoagoak” egiteko tentazioa beti dago hor: XVI. mendeko gertakariak Mendebaldeko gizartearen azken 50 urtekoekin erkatzeko gogoa. Eta betaurreko horiekin irakurrita, liburuak azken hamarkadetako ezkerraren gorabeherak islatzen dituela esatea ere, ez litzateke urrunegi joatea.
Gehitu horri, ezkerretik kontatuta egon arren, liburuak kanpotik eman dezakeen inpresioa: askotxo, lar eta gehiegi saltzen diren nobela historiko horietako batekin nahasten ahal da hasieran, eta gero, atzeko eduki ideologikoari esker, produktu sorpresibo bilakatu. Azken finean, pertsonaia gehienak benetan existitutakoak dira, ondo dokumentatutako lana da, eta –itxuraz– artifizio gehiegirik gabe kontatua. “Nobelak irakurtzearekin batera historia kontuak ikasten ditut” esango lukeen irakurlea erakartzeko modukoa, alegia. Eta erakartzea lortu duena, ederki saldu baita mundu osoan.
Epika Italiar Berria
Edo New Italian Epic. Ingelesezko izen horren barruan leudeke, Wu Mingeko kide baten arabera, azken urteetan Italian arrakasta handiena izan duten eleberriak –gero nazioartera eltxoak bezala zabaldu direnak–.
Q-z gain, Giancarldo de Cataldoren
Romanzo criminale eta Roberto Savianoren
Gomorra leudeke zerrendan, besteren artean. Sailkapen horren aldekoek argudiatzen dutenez, liburuok badituzte puntu komun batzuk: idazkera ironiko eta hotzari muzin egitea; konplexutasun narratiboa pop jarrerarekin uztartzea; ukronia potentzialak idaztea; “ikuspuntu zeiharra”... 2008an atera zen plazara izendapena eta, irten bazuen, irten zuen: elkarrekin sendalaian dabiltza geroztik Italiako literaturzale erdiak –tira, esateko modu bat da–.
Edonola, eztabaida kritikoez gain Wu Ming kolektiboak lanean jarraitu du eta 2009aren amaieran
Qren sekuela argitaratu dute,
Altai. Terapia modura idatzi dute, lehen nobela argitaratu eta hamar urtera taldekide batek proiektua uztea erabaki ostean. Espero dezagun, jarraipen horrek merezi badu, argitaletxeren batek apustua lehentxeago egin eta euskarara itzultzea.