"Artista naizen galdetzen didatenean ludopata naizela erantzuten dut"

  • “Pekindik natorren artista bat naiz ni…”
Judas Arrieta
Judas ArrietaDani Blanco

Nolakoa da zure txikitako grabatua?


Gure aita oso komikizalea zen, berak koadernatutako komiki zahar mordoa zeukan. Hola erantsi zidan marrazteko grina. Egiten nuenaz arrastorik ez banuen ere, marraztea eta komikiak egitea baizik ez nuen buruan. Hori bai, ez zitzaidan argazkiak kopiatzea gustatzen, sortzea nuen gustuko. Gogoan dut idazten ere marrazkien bidez ikasi genuela, Superman marraztu, eta azpian “hori Superman da” idatziz. Marrazkia eta telebista ziren nire mundua. Mazinger Z eta Club Dorothée-ko yonki bat izan naiz. Hor hasi nintzen manga deskubritu eta nire egiten. Kuriosoa da, 70eko hamarkadan oso sartuta zegoen manga gurean baina inork ez zekien Japoniatik zetorrenik. Nerabezaroan, suposatzen zuen lan zama eta prozesu luzearengatik komikigintza bazter utzi nuen, baina beti nenbilen nire eguneroko mundua marrazten. Arte ederretara zinea egiteko sartu nintzen, ordea. Gure aitona Donostiako Astoriako langilea zen, eta ostiralero ikastola amaituta, hantxe joaten nintzen pelikula bat ikustera. Baina unibertsitatean hasi eta arte garaikidea ezagutzeaz gain, talde lanerako ez nuela balio jabetu nintzen. Ikus-entzunezkoak egiten hasita, oso frustrantea zitzaidan zeinen ideia zen hobea orduak eta orduak eztabaidatzen ematea. Horregatik hasi nintzen berriz Songokuak marrazten.

Marraztuz, margotuz, edo zinea eta eskulturak eginez, baina badirudi beti izan duzula garbi zer kontatua bazenuela. Arloak arlo, beti eutsi diozu zure diskurtsoari.


Diskurtsoa beranduago sortzen da, karrera amaitu eta zure bizitzari forma ematen saiatzen zarenean. Zertan ari naiz? Zertarako marrazten dut? Zergatik egiten ditut grabatu hauek? Zertarako saldu? Galdera guztiei erantzuten dien motibo sendo bat behar duzu, aitzakia erraldoi bat. Haurrak besapean ogi-barra batekin sortzen direla dio jendeak, baina nik gizakia aitzakia batekin sortzen dela pentsatu izan dut beti. Gustatzen zaizkigun aitzakien inguruan antolatzen dugu gure bizimodua, eta etengabe gabiltza gure bizitza ardaztuko eta justifikatuko duen super-aitzakiaren bila. Arteaz bizitzen hasi aurretik, halabeharrezko lanbide asko probatu ditut. Aritu naiz tabernan, jatetxeetan, etxegintzan, eta harro nago, orain badakidalako hori ez dudala egin nahi. 2005ean hasi nintzen artetik bizitzen eta badakit nire %200 eman behar dudala, gustatzen zaidan lana izateaz gain, islatzen nauena delako. Etengabe ari naiz zabaleran hazten, baina ez diot buruz hazteari utzi nahi.

Artistak berriz jaiotzeko hiltzen jakin behar duela esan izan da.


Zentzu horretan, esperientzia itzela da Txinakoa, nire lana erakusteko parada ez ezik, beste pertsona bat izateko modua ematen baitit. Uste dut gure nortasunak seme andana dauzkala, eredugarriak batzuk eta sasikoak besteak, baina denak ditugula beharrezko gu izateko. Seme guztiek eragiten digutena filtratuz berriak sortzen joaten gara aldiro, eta ni sortze horietan bilakaera baten bila nabil etengabe, ez intelektual bihurtzeko, eguneroko galderak erantzuteko baizik. Askotan esaten didate nire koadroak nola marrazten ditudan erakutsita jendeak kopiatu nazakeela, baina jendea kopiatzen saiatu arren sekula ez dela gauza bera izango sinetsita nago. Konbentzituta nago denak daukagula zerbait emateko, denak garela desberdinak, eta denek daukagula desberdina izateko gaitasuna.

Asko baldintzatzen du obra atzean diskurtso eta pertsonaia bat egoteak?


Artearen historian irakasten dizuten lehenbiziko teoria eskegitzen den unetik obra batek bere burua bakarrik defendatu behar duela dioena da. Baina ez da egia osoa, bi gauza oso desberdin baitira artea eta artearen merkatua. Merkatuari begira oso lagungarria da obra ona izateaz gain identifikagarria izatea. Horrek eskizofrenia moduko bat sortzen dizu ostera, ez baitakizu zure lana benetakoa ala marketin hutsa den. Horretan datza artista askoren arazo nagusia. Guretzat artea bizitzako zutabe garrantzitsuenetakoa da, emazte moduko bat, eta kostatzen zaigu merkatuan pentsatzen. Baina nork jartzen du artista bat zeruan ala zapatapean? Artista gazteek lortzen dituzte bekak, erakusketa kolektiboak, joaten dira hazten, baina galeria batek ez baldin badu zugan sinesten biluzik zaude. Bidasoako eskolako pintore asko eta asko hil dira euren lanak sekula erakutsi gabe, baina gazteok ez dugu halakorik nahi, eta munduko galeria famatuena konkistatu ezean mundua bukatzen zaigula dirudi. Horregatik ez da ahaztu behar artearen merkatua negozio bat dela, eta askotan ez duela onenak eskuratzen lehen postua. Diruak egiten du dirua, eta elite batean saltzen duen artista bazara elite horrek elite horrentzako erakusketak nahiko ditu han eta hemen. Hori hala da eta kito. Horregatik jendeak artista naizen galdetzen didanean ludopata naizela erantzuten diet. Nire makinan sagar eta ezkilen partez artea jartzen du, baina egunero ari naiz txanponak sartu eta sartu, sariaren zain.

Zure lanak erosi ahal izateko txanpon asko eman behar ditu makinak.


Nire lanarekin maitemintzen den jendearen bila nabil. Obra erosi ala ez, bakoitzaren arazoa da. Niretzako frustranteena nik nire obra bat erosteko beste diru ez izatea da. Azkenerako sekulako bilduma osatzen duzu, muntatzen duzu erakusketa bat, baina ni bezalako pertsona bat gehienez maitemindu daiteke lanarekin, ezin izango baitu erosi. Dena den, erosleak topatzea galeristen lana dela uste dut, eta zuk egiten baduzu, galeriak saltzen duenarekin urte amaierara ez zarelako heltzen da. Ezin zara aldi berean artista eta komertziala izan. Ni banaiz, baina ez da sanoa. Gertatzen dena da arte mundua tipula bat dela eta bakoitzak jakin behar duela ze azaletan dagoen.

Zu zer azaletan zaude?


Erdiko azal batean, ez dut nire burua inongo top-tenean ikusten. Dena den, azalei buruz ari naizenean ez da nire burua gorago ala beherago kokatzeko, azal bakoitzak bere ezberdintasun, funtzio eta helburuak dituela azpimarratzeko baizik. Esaterako, arte munduan badaude gizartean eragiteko xedea dutenak, eta askotan ez dute koadro bakar bat pintatzen, jomuga hori lortzeko nahiago baitute jendearekin hitz egin edo bideoak landu. Gizartean eragiteko modu asko dago, eta nirea sortzen ditudan objektu elitistei gertutasun bat ematea da. Askotan pentsatzen dut jendeak ez duela arteaz gozatzen, ulertzen ez duelako. Inguru festibo eta ludikoak dira nire amuak. Antimonarkikoa izan arren, ez naiz erregearen irudia ezabatuko duen artista bat, nahiago dut jendeak artearekin esperientzia gozagarriak izatea, hurrengoan beste predisposizio batekin hurbiltzeko.

Merkatuak edo zauden azalak baldintzatzen dute zure sormena?


Ez, izan ditzaket muga ekonomikoak, fisikoak edo espazioari lotuak, baina merkatuak ez nau baldintzatzen. Beti oroitzen dut unibertsitateko bigarren mailan ehun koadrotik gora margotu nituela, eta hirugarren mailan ez nekiela zer marraztu. Orduan, zirkuluak eta marrak egiten zituzten lagun bi etorri zitzaizkidan zirkuluak eta marrak marrazteko esanez. Garrantzitsua nik sinestea omen zen. Baina zer marra eta zer zirkulu? Zertarako? Zergatik? Ez ninduen berotzen. Hori egitea baino nahiago nuen ordura arte pintatzen nuena pintatzen jarraitu, zertan ari nintzen ez nekien arren, ondo pasatzen nuelako, eta egiten ari nintzen horretan fede apur bat baneukalako. Gusturen nagoen unea, estudioan sartuta, musika topera jarrita, marrazten ari naizen momentua da. Hor deskubritzen ditut gauza berriak, hor nabil etengabe ate zaharrak itxi eta berriak zabaltzen. Bai, ezagutzen dut merkatua, badakit zer egiten den munduan, nire lanek nondik edaten duten, nor ari den nire antzeko bidean... baina ez dut sekula pentsatu hau edo hura marrazteagatik merkatuan arrakasta handiagoa izango dudala. Nire proposamena nirea da, pertsonala, eta ez daukat beste artistengan begia jarri beharrik.

Zure lanetan apenas ageri den nongoa zaren. Zer harreman duzu Hondarribiarekin?


Oso ona. Familia hemen daukat, koadrila eta lagunak ere bai, eta gustatuko litzaidake nire haurrak hemen hazi eta bizitzea. Baina artista bezala Hondarribian mugatua nago, hemen ezin dudalako Pekinen lan egiten dudan baldintzetan lan egin. Ez nabil aitzakia bila ordea, eta Hondarribitik kanpo banabil, beste mundu batzuk ezagutu nahi ditudalako da. Hemengo txanpon makina guztiak erabilita neuzkan, eta beste leku batzuetakoak behar nituen. Gainera, ez dugu aukeratzen non jaiotzen garen, baina bai non hazi nahi dugun. Hondarribian egon arren transformatu zaitezke japoniar. Hori da gure boterea. Ezin dugu hegan egin, ultra-izpirik jaurti, baina pertsona gisa garatu eta aurrera egin dezakegu. Nire lanetako ikonografiak ez dauka zerikusirik jaio nintzen herriarekin, baina gaur egun, erabiltzen dudan komiki mota nahiko globalizatua dagoela uste dut. Nire helburua kulturak eta eraginak nahastea da, horregatik diot nire lana abstraktua dela, berez nahiko figuratiboa izan arren. Dena den, asko kostatzen zait metalengoaia horri buruz teorizatzea, introspekzio lan handia eskatzen didalako, eta nahiko biszerala naizenez, biluzik sentiarazten nauelako. Orduan, diskurtso ez hermetikoagoa baina bai politagoa eraikitzen hasten naiz, eta ez dakit egia den ala ez. Garbi daukadana da nire obretan agertzen ez diren gauza askok eta askok ere eragina dutela nigan, eta dagoeneko kontzienteki margotzen 15 urtetik gora daramatzadan arren, Hondarribian hazi zen mutil eta Pekinen bizi den pertsonaren arteko konexioaren bila nabilela etengabe.

Kasualitatez hautatu zenuen Pekinen bizitzea?


Nolaz joan nintzen Txinara? Interneti esker. Harrituta geratu nintzen bertako mugimenduaz, susmatu ere egiten ez nuen egoera batekin egin nuen topo. Bederatzi hilabeterako joan nintzen beka pare batekin, baina urte hartan lan asko egin, erakusketa batzuk egiteko aukera izan, eta sari potolo bat eman zidaten Madrilen. Kuriosoa da hori. Zuk pentsa Hondarribia utzi nuenean ez neukala tokirik nire koadroak uzteko, eta lagunei oparitzen ibili nintzela halabeharrez. Joan baino lehen, koadro bakarra utzi nien lagunei lehiaketa horretara bidaltzeko aginduarekin, eta bertan irabazitako 15.000 euroei esker bertan geratzea erabaki nuen. Harrigarria zaidana da han nagoenetik hemengo jendeari niganako interesa ernatu izana. Ni ez nintzen horretarako joan, baina han egoteak aukera eta errekonozimendu dezente eman dit.

Komunikabideek munduan Txinaz zabaltzen duten irudiak ez dauka zerikusi handirik artearekin. Zer dago benetan irudi horren gibelean?


Erosi hegazkin txartela eta zatoz zeure begiz ikustera. Noski, akats ugari ditu Txinak, eta ez naiz ni izango bere defendatzaile sutsua, baina aitortu behar dut oso gustura nagoela bertan. Jakina pribazioak, debekuak eta mugak daudela, eta herrialde guztietan bezala sekulako astakeriak gertatzen direla. Gure lagun batek esaten du gainditu behar ez den lerro bat dagoela txinatarrentzat eta beste bat atzerritarrontzat, baina behin marra gaindituta, denak garela berdinak justiziaren aurrean. Niretzat akatsik larriena justizia eta boterearen arteko banaketarik eza da, baina errealitate hori ez dago Txinan bakarrik. Hortik landa, etengabe bere ereduaren arabera hazten ari den herrialdea da. Munduak egin ezin duena da urteetan bera egiteko gai izan ez dena Txinari egun batetik bestera exijitzea. Amerikarrek hau edo hura esan dezakete, baina ez ahaztu Txina dela munduan diru gehien daukan herrialdea.
Off the Record - Hizkera
Pintore zein marrazkilariek hizkera berezia darabilte, oro har. Ez naiz hau edo hura definitzeko existitu daitezkeen kontzeptu metafisikoez ari, eguneroko txikikeria arruntenak ahotan hartzeko duten modu grafikoaz baizik. Pagotxa dira titular ikusgarrien bila dabiltzan kazetarientzat. Plazera, entzun ahala marrazki bizidunak sortzen joaten direnentzat. Horregatik, konpontzen dira agian hain ondo argazkilariekin. Auskalo. Dakidana da Judasek ez zigula traiziorik egin.

Azkenak
2025-01-19 | Urtzi Ugalde
Agur, amatxu

Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.

Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]


Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Tokiko espezieekin osatutako basoa landatzeari ekingo diote igandean Arrankudiaga-Zollon

Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.


2025-01-17 | Antxeta Irratia
Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu ditu J’accuse kanpainak

Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]


2025-01-17 | Gedar
Soraluzen ‘desokupei’ aurre egiteagatik deklaratu beharko du lagun batek

 Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.


Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


Eguneraketa berriak daude