“Ia dena” kaleratu duen komikigilea. Eta musikaria. Artista orobat.
Hara, Paint-a komikigintzara ekarri zuen morroia!
Nahita izan zen hori: erreminta baldar bat erabiltzea, emaitza ere baldarra izan zedin. Lan batzuetan hainbeste itzal eta hainbeste photoshop efektu ikusten dira, eta gehienetan alferrik…
Orain esango didazu teknika bigarren mailako kontua dela.
Teknikak helburuei lotuta joan behar du. Baina badirudi badaudela gauzak ondo eta gaizki egiteko estandar batzuk: segituan esan zidaten estilo horrekin ez nindoala inora!
Potroak behar dira, halaber, polizia autonomikoak pitilinak astintzen marrazteko…
Hori dena Bilboko Udalak atera zuen kartel batetik zetorren. Jendeak kalean pixa egin ez zezan “Orina con moderación, es tu responsabilidad” (Neurrian pixa egin, zure erantzukizuna da) zioen kartelak. Hori ateratzeko bai behar direla potroak!
Onena, hala ere, Juanito Oiartzabali moztutako behatzak espedizio batera bidali zenituenekoa.
Ez nituen nik bidali, beren kabuz joan ziren! Esan didate txiste batzuk oso beltzak zirela, baina bere testuinguruan ulertu behar dira. Txisteak orokorrak dira, ez pertsona konkretuei buruzkoak.
Umore absurdua egiten duzula diote; gogorregia litzateke piperrik ulertzen ez zaizula esatea.
Surrealista ere esan didate, baina ez da hala: oso errealistak dira. Nire komiki gehienak errealitatetik hartuak dira.
Artista ere bazaitugu: gogoan dut sari bat eman zizutela behin, beste lehiakideen lanak kopiatzeagatik.
Bai, oso lan postmodernoa. Azkenaldian proiektu asko gelditu zaizkit egin gabe epaimahaien edota erakusketa antolatzaileen filtro hori pasa ez dutelako.
Gora Japon musika taldean aritzen zara orain, zarata egiten.
Beti ibili naiz musikan. Baterian eta gitarran oinarrituriko rock bikotea garela esan daiteke.
Barka “zarata” hitza erabiltzeagatik, free-rock-jazza esan nahi nuen…
A, etiketak… Kontzertuen ondoren hurbiltzen zaigun jendeak beti esaten digu: honen antza daukazue edo beste honena. Gordetzen joan gara eta jada 50etik gora influentzia ditugu!
Inoiz banda banantzen bada, erraz dituzue izendapen berriak: Gora Japon (m) eta Gora Japon (pm).
Ba nahi gabe asmatu duzu: Gora Japon (mantxi) eta Gora Japon (petralanda, myriam). Hala da bateria-jolearen izena.
Komikigile, artista, musikari... Aitonak esaten zidan: “Denetik pixkat, denetan gaizki”.
Kar, kar, ziur arrazoi duela, baina zerbait egin behar ez aspertzeko! Oraingoz snowboardean ez naiz hasi eta…