Oraindik ere lotuta nago La cinta blanca (Das weisse Band) pelikula zirraragarriari. Ez da pelikula bat zine aretoan irenstekoa. Albo-ondorioak uzten dituen horietakoa da. Hurrengo egunetan konpartitu behar duzu pelikula alboko norbaitekin; susmoa duzu detaile asko geratu direla bidean; bere osotasunean ez duzula irentsia. Michael Haneke zuzendariak Lehen Mundu Gerraren atariko herrixka bat aurkezten digu, non biztanleria, ustez, lasai bizi den. Herriaren giroa, zuri-beltz indartsu batean kontatua dago; bertan, hezkuntza hertsi bat erakusten zaigu, izuan eraikia, batez ere haurrengan. Hauek zigor fisikoa edo abusu sexualean oinarritzen den hezkuntza jasaten dute. Eta noski, haur hauek, bere gurasoen esanekoak direnez, haur guztiak bezala, ikasten dute besteak zigortzen, beraiei erakutsi zaien bezalaxe. Ez edonori. Aukeratzen dute aratz eta duina ez den norbait. Eta orain galderak. Zerk sortzen du gaiztakeria egiteko grina? Herrian denek zeukaten biolentzia horren testigantza. Etxe bakoitzean bazegoen bere itzala. Eta hala ere isiltasuna. Gaiztakeriari, noizbait, erantzun behar diogu.