argia.eus
INPRIMATU
Zetazeoak, arrantzaleen lehiakideak
Joxerra Aizpurua Sarasola 2010ko otsailaren 10a
Gure arrandegietan ohiko bihurtu da kanpotik ekarritako arraina ikustea. Kantauri itsasoko legatzarekin batera Afrikakoa edo Antartikakoa dira gehientsu ikusten direnak.

Reunion irla da legatz bila joaten diren arrantzaleen abiapuntu garrantzitsuenetakoa. Kanpoko arrantzaleek 30 urte daramatzate bertan legatza harrapatzen tretzaren bidez. Tretza sare luzea da, hainbat amu dituena –batetik bestera 1,20 metroko distantzia dagoela–, eta itsasontziaren atzeko aldean eta 500 metroko sakoneran kokatzen da.

Baina itsasontzietan dauden arrantzaleei itsasoko beste batzuk batu zaizkie: kaxaloteak eta orkak. Horiek tretzan harrapatuta dauden legatzak jaten dituzte, burua amuan utziz. Azken bost urteetan legatz-arrantzaren produkzioa erdira jaitsi omen da arrazoi horrengatik, eta horrek bultzatuta zientzialariek abian jarri dituzte arrantza-teknika berriak garatzeko ikerketak.

Aurten, ikerlariak eta arrantzaleak batera abiatuko dira itsasontzietan, eta hamaika sare berezi probatuko dituzte. Ea datorren urtearen hasieran kontatzen diguten emaitza.