Dibidenduak murrizteko unea?

  • Aurtengo udaberrian Mondragon euskal talde kooperatibistaren kongresua egingo da eta bertan, besteak beste, langile kooperatibistek taldean dituzten partaidetzengatik jasotzen dituzten dibidenduen edo interesen murrizketa erabaki beharko da. Hala dio barne dokumentu batek. Bestalde, Lagun Aro pentsio sistemaren erreforma eztabaidatzen ari da.
Fagor
Bazkideen kapitalari %7,5eko interesa ezartzen zaio. Dibidendu hori murriztea eztabaidatuko dute hurrengo kongresuan.Juanan Ruiz / Argazki Press
Mondragon Talde kooperatibista Euskal Herriko korporazio nagusietakoa da eta 90.000tik gora langile ditu mundu osoan. Horietatik 30.000 baino gehiago bazkideak dira eta une honetan talde horretan duten partaidetzarengatik jasotzen dituzten dibidenduen edo interesen murrizketari buruz eztabaidatzen ari dira. Halaber, KPIren igoeragatik bazkide kooperatibistari ematen zitzaion “plus” hori aldatzea ere proposatu da. Eztabaida iragan azaroan hasi zen eta 2010eko martxoan burutuko den kooperatibaren kongresuan amaituko da. Horixe dio Mondragon Korporazioko Batzorde Iraunkorrak kongresuan parte hartuko duten kooperatibetako 650 ordezkariei bidalitako dokumentu batek. Halaber, Lagun Aroko mutualistak pentsio sistemari buruz eztabaidatzen ari dira eta martxoan egingo duten batzarrean hartuko dute gai horri buruzko erabakia.

Eztabaida hau talde honi ere eragiten dion krisialdi ekonomiko betean hasi bada ere, taldeko buruzagiek diote gai hauek ez dituztela mahai gainean jarri krisiaren aurkako neurri gisa. Hala ere, krisiaren aurkako neurriak lehenbailehen hartzeagatik nabarmendu da talde hau. Dagoeneko 2008ko amaieran hasi zen neurriak hartzen eta hala egiten jarraitu du 2009an ere. Hauek dira orain artean erabakitako neurriak: soldatak murriztea, aparteko ordainsariei uko egitea, soldata beraren truke ordu gehiago lan egitea, aurretiko erretiroak aurreratzea eta abar.

Kapitalaren tratamenduaren arautze berria

Kongresuko ordezkariek jaso duten proposamena Mondragon Taldeko Batzorde Iraunkorrak prestatu du; batzorde hori 19 pertsonek osatzen dute eta kongresuetan lortutako akordioak bultzatzea eta horiek gauzatuko direla kontrolatzea du xede. Proposamena Kapitalaren tratamenduaren arautze berria izenburuko dokumentu batean jaso dute. Hainbat neurri aurreikusten dira bertan eta, onartuz gero, kooperatibistek talde kooperatiboan duten partaidetzagatik dibidendu gisa jasotzen dituzten diru-sarrerak murriztea ekarriko dute.

Neurri hauek ulertzeko talde honen ordainsari sistemak nola funtzionatzen duen jakitea komeni da. Lehenik eta behin kooperatibista ez diren 60.000tik gora langileen ordainsariak eta bazkide kooperatibistak diren 30.000 langileenak bereizi behar dira. Egun eztabaidatzen ari diren neurriek azken horiei eragingo liekete. 30.000 langile kooperatibista horiek kapitala dute Mondragon Taldean. Orain arte, kapital horri %7,5eko gehienezko interes tasa ezartzen zitzaion. Horixe jotzen da dibidendutzat. Interes edo dibidendu hori jasotzeko baldintza, langileari dagokion kooperatibak mozkinak lortzea izan da beti.

Azken urteotan, Mondragon Taldeko zuzendaritza ordainsari hori murrizten saiatu da, unean uneko egoerara egokitzeko asmoz. Ez da gauza bera %7,5eko sari hori interes tasak gorago egon diren arrakasta garaietan ala diruaren prezioa %1 arte jaitsi den une honetan ordaintzea. Halaber, %7ra iritsi izan den Euribor erreferentea %1,250era jaitsi da. Horrez gain, egoera ekonomiko larriak Mondragon Taldeari ere eragin dio.

Hala ere, orain arte ezin izan du bazkideen kapitalarengatiko ordainsaria murriztu, kooperatibistek neurriaren aurka egin dutelako. Murrizketa gauzatzeko saiakerak ere egin dira, baina ez dute aurrera egin Mondragon Taldeko Batzorde Iraunkorreko zenbait kide kontra zeudelako.

%7,5era iristeko baldintzak gogortuko ditu proposamenak

Hala, Mondragon Taldeko bazkideak eztabaidatzen ari diren proposamenak orain arte jasotzen zen %7,5eko interesa zuzenean murriztea jasotzen du. Ezarriko litzatekeen formula nahiko malgua izango litzateke kooperatiba bakoitzarentzat. Baldintzak bete ahala, kooperatiba bakoitzak ezarri ahalko lukeen gehienezko interesa zehaztuko litzateke. Praktikan, %7,5 hori jasotzeko baldintzak gogortuko lirateke eta horrek, logikoki, portzentaje hori txikitzea ekarriko luke. Azkenik, dibidendua jasotzeko, taldeko kooperatiben eta taldearen beraren bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioa bermatu ahal izateko orain arteko baldintza berberei eutsiko litzaieke.

Horrez gain, langile kooperatibistek plus bat jasotzen dute, inflazioaren igoeraren eraginak berdintzeko. Egungo proposamenak plus hori bertan behera uztea ere jasotzen du.
Lagun Arok pentsio sistema aldatu nahi du
Lagun Aro EPSVk bere pentsio sistemaren erreforma sakona proposatu du. Eta aurtengo martxoko batzar nagusian hartuko du erabakia. Aurreikusi dituzten aldaketek Lagun Aroren pentsio ereduari eragingo diote, baita bere pentsio sistema mistoaren alde publikoak duen pisuari ere. Erreforma proiektuak pentsio sistema egungo nahiz etorkizuneko erronketara egokitzea du xede; erronken artean, kaudimena arautzeko legera egokitzea eta sistema publikotik datorren pentsioaren zatiaren eta Lagun Arok ematen duenaren artean oreka handiagoa lortzea nabarmentzen dira.

Berrikuntza nagusia, TUlankide aldizkariaren arabera, pentsioen eguneratzea da. Hemendik aurrera, pentsio eskubideen eguneratzea entitatearen kaudimenarekin zuzenean lotuta egongo da. Asmoa da eguneratzea KPIan oinarrituta egitea, baina horretarako entitatearen kaudimena bete behar da; hala, une jakin batean eguneratzea KPIaren arabera edo horren gainetik egin liteke eta, beste batean, egoeraren arabera, KPIa ez litzateke bermatuko.

Sistema publikoari dagokionez, oreka berri bat lortu nahi da. Pentsio sistemaren zati publikoa osagai nagusia izango litzateke (%60), baina Lagun Aroren zatia garrantzitsua izango litzateke oraindik (%40). Orain artean, zati publikoak erretiro eta alarguntza kotizazioaren %33 hartzen zuen batez beste, eta Lagun Arok, %67.

Erreformak 2010. urtearen amaieran 50 urtez azpiko mutualistei eragingo lieke eta, noski, mutualista berriei. Horrez gain, 2010. urtearen amaieran 50 eta 60 urte bitartean dituztenei ere partzialki eragingo lieke.

Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude