Mexikoko La Glorian jendeek eta zerriek gripea hazten darraite

  • Iazko udaberrian gripearen jatorriaz eta arrisku mailaz eztabaidatu zen. Hilabeteotan soilik interesatzen da ea osasun agintariek esajeratu egin zuten lanjerra bakuna gehiago saltzeko. Bitartean, Mexikoko La Glorian zerriek eta herritarrek kirats artean gaixotzen segitzen dute.
Mexiko-a-gripea
RTS telebistaren irudian Don Vicente eta Don Ruben Chichicuatla herriko ordezkariek erakusten dute Granjas Carrollek inguruetan dauzkan 105 granjetako bat. Aurrean daukaten "oxidatze putzuak" biltzen ditu eginkariak. Hamar metroko sakonerarekin, inpermeabilizatu gabe dago eta bost metro beherago daukan geruza freatikoa kutsatzen du, inguruko herritarrek edaten duten ura alegia. XX. mende hasieran Mexikoko Iraultzak nekazariei betirako emandako lurrak 1994ko liberalizazioarekin multinazionalen eskuetara pasatu dira; jatorrizko baserritarrak dena salduta hiriburura doaz ihesi. Zerrientzako janaria, botikak, dena urrunetik ekarri ondoren, haragia AEBetara daramate. Bertan ez dute uzten artatu gabeko kutsadura baizik.
Munduko hedabide handienak joan den apirilean Perote bailarako La Gloriaraino heldu ziren, Mexikoko Veracruz estatuan. Agintariek xuxen leku hura jo zuten H1N1 gripe berriaren sorlekutzat eta Edgar Hernandez mutikoa izendatu “0 eria”. Kazetari eta aditu askok erakutsi zuen gero zer nolako giro ustelduan bizi ziren inguru haietako biztanleak.

Ustel usain fisikoa da Smithfields okela korporazioaren filiala den Granjas Carroll-en zerritegi erraldoiek inguru guztiari erasten diotena, kontrolik gabeko zimaurtegi eta guzti. Baina bestelako kiratsa ere aurkitu zuten kazetariek Peroten: hilabete luzeetan bertako herritarrek egindako kexu eta mobilizazioak zanpatzeko Mexikoko agintariek erakutsi duten lotsagabekeriarena.

Mundu osoarentzako pandemia gerta zitekeen H1N1 birus berriaren sorrera informazioek egotzi zioten zerrien hazkuntza industrialari. Alegia, abereak asko-azkar gizentzeko presaz antibiotiko, hormona eta klase guztietako botikaz bazkatuz granja erraldoietan pilatuta edukitzean ukuiluok bakterio eta birusentzako laborategi bihurtu zituztela eta hor sortutako xomorro berriek gizakietara jausi egitea denbora kontua baizik ez zela.

2009ko udaberriko alarmaren beroan, industriaren jabeek ukatu egin zuten beren zerriek H1N1 berriarekin zerikusirik zutenik, baina azkenean onartu zuten Mexikoko agintariekin konpromiso batzuk sinatzea, granjetako osasun egoera zorrotzago kontrolatzeko.

Hilabeteak pasa dira, H1N1 edo A gripe kontzeptuek ahaztarazi egin dute “zerrien gripea”... Eta, aldiz, Mexikoko La Glorian, alarma eragin zuen zero gunean, deus ez da aldatu, ez bada okerrera. Xehetasun berriak GRAINk eman ditu, nekazari txikiak eta elikadurazko burujabetasunaren alde ari direnak sustatzen dituen erakunde ezagunak.

GRAINek salatu du Munduko Osasun Erakundeak alboratu zuenetik “zerrien gripea” kontzeptua, alde askotako presioengatik, komunikabide handiek ahaztu egin dutela pista hori haien ikerketetan. “Gaur egun –dio GRAINen agiriak– munduan zehar haragi enpresa handiak lehen bezala ari dira, haien granjetan gertatutako H1N1 edo bestelako gripeen berri inori eman beharrik ez daukate”. Eta Mexikoko gobernuak ahaztu egin ditu iaz hartutako erabakiak.

Herritarrek segitzen dute mobilizatzen. Joan den azaroan Mexiko osotik heldu zen jendea Perote bailarara, Asamblea Nacional de Afectados Ambientales erakundearen bosgarren biltzarra burutzera. Perote haraneko herritarren borroka lotu dute Mexiko osoan abelazkuntza industriala eragiten ari den triskantzekin, ekonomian bezala ingurumenean azken urteotan –Kanada, AEB eta Mexiko arteko merkataritza erabat liberalizatu zenetik–. Mobilizazio horien berririk ez da jakin Europa alde honetan.

Zorte apur batekin, Europan eta oro har munduan burrunba handiagoa zabaltzen ahal du Television Suisse Romande (TSR) kateak egin duen dokumentalak. H1N1: Pour quoi c’est tombé sur les Mexicains? (H1N1: Zergatik egokitu zaie mexikarrei?) 43 minutuko erreportajea GRAINen webgunetik bezala YouTube zerbitzutik iritsita oraingoz ingelesez edo frantsesez ikus daiteke, eta laster baterako iragarri dute gaztelaniazko bertsioa.

Beldurraren usaina

TSRko erreportajeak hiru galderontzako erantzunak bilatu ditu Mexikora joanik: Nola sortu da birus hau? Zergatik Mexikon? Urtero gertatuko ote zaigu aurrerantzean?

Mexikoko Unibertsitate Autonomoko ekonomia irakasle batek, Octavio Rosas Landak, gidatu ditu TSRko kazetariak pandemiaren epizentrora, hiriburutik Jalaparako kamioa hartu eta autoz lau ordutan iristen den Perotera. Granjas Carrollek La Glorian dituen zerritegi erraldoiak haren eskutik ezagutuko ditu bideoan bisitari birtualak.

Hegaztien, gizakien eta zerrien gripeen geneak biltzen dituen H1N1 mutantea eta Granjas Carrollek parajeotara ekarri duen mutazio ekonomiko eta soziala elkarri lotuta doaz. Irudietan ageri den pabilioietako bakoitzean 18.000 zerri bizi dira pilaturik, zerritegi osoan ia 100.000. Urtean 400.000 pasako dira bertatik.

Rosas Landa irakasleak zifra ofizialak erabiliz 65 granja erraldoi zenbatu zituen Mexikoko eskualde horretan, baina herritarren informazioak jasota ohartu da 105 badirela. Kontuak eginez gero, 5-6 milioi zerri bizi dira Nafarroaren tamainako eremu batean. Urdeotako bakoitzak gizaki baten zortzi halako zimaurki sortzen duenez, 40 milioi pertsonak eragindako kutsaduraren tamainaz ari gara.

Zerri haragia AEBetarako, mexikarrentzako zerrikeria

Aspalditik La Gloria bezalako herrietan era askotako mobilizazioak egin dituzte bizi ezinezko kutsadura salatzeko, granja berri bat eraikitzen hasi diren bakoitzean irten dira kalera. Baina ezer ez lortzeaz gain, errepresioz erantzun zaie. Eta beldurra sumatzen da herritarren artean. Rosas Landa irakasle ezagunarekin joanda ere, ia inor ez da ausartu TSRko kameraren aurrean azaltzen.

Chichicuatla herrian zorte hobea izan dute. Don Vicentek eta Don Rubenek kameraren aurrean erakusten dituzte milaka zerrien kaka-pixak aire librean pilatzen diren putzuak, gaixotasunak hil zerriak inolako neurririk gabe lagatzen diren biltegiak... Goragalea eragiteko moduko kiratsaz gain, inguru osoko edateko ur guztia pozonduta dago honez gero.

Baina erreportajean are ustel usain handiagoa darie Mexikoko agintariei eta Munduko Osasunaren Erakundekoei. Lehenek, ukatu egiten dute griperik dagoenik herritarren edo zerrien artean; Jose Angel Cordoba ministroaren hipokrisiak min egiten du. Bigarrenek diote uste dutela ezetz baina fidatu behar dutela agintari mexikarren informazioez.

Herritarrak gaixotasunen beldurrez bizi dira. Eta hitz egiteko beldurrez. Medikuek berek ez dute komunikabideekin hitz egin nahi. Bakar batek onartu du TSRkoek elkarrizketatzea, aurpegirik ez erakusteko baldintzaz. “Guregana datozen gaixoen %80 arnasbideetako gaixotasunez eta neumonia atipikoz dator: bronkoneumoniak. H1N1 epidemiaren ezaugarri guztiak ditu. Hemen ez daukagu hitz egiteko eskubiderik, bestela lana galdu dezakegu... edo bizia ere bai, zergatik ez aitortu?”.

Hurrengo epidemia baliteke pasa berria den H1N1ek sortu duenetik ezberdina izatea. Baina oso posible da hurrengoa ere La Gloriako zerri granjak bezalako batzuetatik ihes eginda zabaltzea.


Informazio gehiago:
* La Gloriako egoera GRAINen webgunean * TSRko dokumentala frantsesez * TSRko dokumentala ingelesez * Nola estali den iluntasunez zerrien gripea hilabeteotan IRC webgunean, gaztelaniaz * Beyond Factory Farming webgunean, zerrien gripearen laburpena * Ikusi La Gloria inguruko zerritegiak Google Earth zerbitzuko argazkian markatuta * Pig Business, zerri granja erraldoiei buruzko dokumental oso ona, Tracy Worcesterrek egina

Azkenak
EH Bilduk zerrenda bateratuak osatzeko eskua luzatu die EAJri eta ezker konfederalari, Espainiara eta Europara begira

"Adostasun zabaleko gutxieneko programa amankomun bat" oinarrian izatea posible da EH Bilduren esanetan, eta zerrenda bateratuak osatzea lehenetsiko du Espainiako eta Europako hauteskundeetan, Frantziako Estatu mailako Fronte Herritar Berriaren tankera hartuta.


Ibaipeko autobidearen proiektua gelditzea exijitu dute ehunka lagunek Bilbon

Bizkaiko Foru Aldundiak abiatutako proiektuak "herritarren benetako beharrei" erantzuten ez diela salatu dute, Subflubiala EZ! plataformak deituta. Autobideak eraiki ordez, instituzioek garraio publikoa sustatu behar dutela adierazi dute.


Zaldibar Argituk Joaquin eta Alberto oroitu ditu igandean, zabortegiaren hondamenditik bost urtera

Eitzagan egindako ekitaldian hildako bi langileez oroitzeaz gain, erantzunkizunak ere eskatu dituzte, hondamenditik bost urtera oraindik ez baita gertatutakoaren erantzulerik agertu. Gainera, justiziaren mantsotasuna ere salatu dute, sumarioa oraindik instrukzio fasean daogela... [+]


“Udala legez kanpo ari da errolda ukatzen gasteiztar behartsuenei”

Erroldarik gabe izaterik ez ekimenak Gasteizko Udalaren bi barne dokumentu eman zituen argitara urtarrilaren 30ean. Udalerrian erroldatzeko irizpide murriztaileak jasotzen dira bertan, “bidegabeak eta ilegalak”, eragilearen esanetan, herritar baztertuenen kaltetan... [+]


2025-02-10 | Behe Banda
Barra warroak |
Gaia atera

Batzuetan ez dakit gehiegi ez ote den. Pipa janean gaudela, beste edozer gauzaz hitz egiten gaudela, gaia ateratzea. Ozen hitz egitea gustatzen zaigu guri, ia isilunerik ez uztea, ahotsak teilakatzea, zeinek handiagoa botatzea. Hitz egitea bakoitzak bereaz, bakoitzak... [+]


2025-02-10 | Hala Bedi
[Hala bideo] Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako oihua ozen entzun zen ostiralean Gasteizen

Ehunka pertsona mobilizatu ziren Maccabi Tel Aviv talde israeldarrak Gasteizen jokatu duela gaitzesteko. «Israelgo Estatuaren normalizazioari» ekarpena egiten diola kritikatu diote Baskoniaren zuzendaritzari.


Save the children, saldu bonbak

Pilar Kaltzada Zedarriak taldeko kidea da. Urtarrilaren 15ean taldeak armagintza industria bultzatzeko hurrengo urteotan egongo den “aukera bikaina” aprobetxatzera deitu zuen, oihartzun handia izan zuen ekitaldi arranditsuan. Gasteizkoak talde antimilitaristaren... [+]


2025-02-10 | Amanda Verrone
Euskal Herriko lurra deskolonizatu:
Euskara agroekologikoa da

Horrela eman diogu amaiera deskolonizazioari buruzko lantaldeari, joan den azaroan Arraia-Maeztun (Araba) egin ziren “Euskal Herrian ekofeminismoak gorpuzten” topaketen baitan. Lurraldearen defentsaren hainbat espresioren babesleku izan zen, ideia emankorren hazitegi... [+]


2025-02-10 | Irati Diez Virto
Izotz arotik hona, endemismoa kolokan

Azken glaziazioan Euskal Herriko lurraldea zapaltzen zuten mamutek, leizeetako hartzek, bisonteek eta baita hienek ere. Elur iraunkorrera eta hotzera egindako animalia horiek desagertu egin ziren baldintza glaziarrekin batera. Baina dinosauroen desagerpenaren garaian ugaztun... [+]


2025-02-10 | Jakoba Errekondo
Migranondoa, beste bat etxerako

Mingrana urrutitik ekarritako fruitua da. Punisagarra da mingrana edo alesagarra edo alegorria edo milagrana edo xokorra edo granada: Punica granatum. Punica izena latinetik dator, eta “punicum malum” izenaren laburdura da, eta punicum horrek Poenus edo Phoinikes du... [+]


2025-02-10 | Garazi Zabaleta
Herrizoma
Gasteizko elikadura sarea eraldaketarako tresna

Pandemiaren ondorengo testuinguruan, elikadura –ustez oinarrizko eskubide den hori– lantzeko mugitzen hasi zen talde bat Gasteizen. “Militantzia esparruan beste gaiak jorratzen ari ziren ordurako, etxebizitzarena kasu, baina elikadura ardatz hartuta ez zegoen... [+]


ANALISIA
Aznarrek lagundu diola Aitor Estebani?

Aitor Esteban izango da EAJko EBBko hurrengo lehendakaria eta jeltzaleek salduko dute horrela, zuzendaritza berrituta, buruzagitza berria prest dagoela alderdiaren berrikuntza prozesuarekin jarraitzeko.


Udaltzainen hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldia Donostian, Astigarragan eta Usurbilen

Donostiako Udalak 2024ko irailean helegitea jarri zuen, urte bereko urtarrilean epaileek bi udaltzainen B2 hizkuntza eskakizuna baliogabetu zutelako. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ez du tramitera ere bideratuko, “kasaziorako interes objektiborik” ez dagoelako... [+]


Eguneraketa berriak daude