argia.eus
INPRIMATU
Manifestazioa
Kike Diez de Ultzurrun 2010ko otsailaren 11
Irakurleak artikulu hau irakurtzen duenerako, erabakia hartua izanen da. Erran nahi baita, okerrik ezean, udaberrian izanen da nafar jende euskaltzaleen kale-agerraldia; heldu den maiatzean, zehazki. Manifestazioa, Nafarroako Gobernutik, edo hobe erran, Nafarroa ofizialetik, etorritako eraso-erauntsiari tamainako erantzuna emateko. Zalantzak izan dira, ez gutxi, erantzunaren nolakoaz. Zer egin, nola, nork deitua? Nafarroan bakarrik ala gainontzeko herrialdeekin batera? Egitekotan, noiz? Orain? Udazkenean? Baina, azkenean, egin eginen da. Nik, behintzat, duela zortzi bat urteko erantzuna daukat gogoan eta gogoko, eta huraxe hartuko nuke eredutako; Oinarriak izeneko ekimenak nafar alkateekin batera deitutako huraxe, hain zuzen ere: jendetsua eta txukuna, azalez eta mamiz. Del Burgok berak ez zuen tamainako erantzunik espero, ezta hurrik emanda ere, eta etxeko leiho azpitik jendeketa hura igarotzen ikusterakoan, zirt-zart, telefonoa hartu, Iruñeko EFE agentziako egoitzara deitu eta ohiko larderiaz euskararen inguruko adierazpenak egin nahi zituela esan zien, manifestazioak sortutako oihartzunari aurre egiteko. Azken buruan, politikari eskuindarra harritua zegoen manifestazioaren zenbatekoaz eta nolakoaz. Izan ere, jendetza handia bildu zen, ahalegin berezia egin zen irudi eta mezuetan, hizkuntza politikako hiru zuzendari ohiek ere atxikimendua emana zuten, izen handiko jende aunitzek bezala; baina, batez ere, han kaleko herritarrak elgarretaratu ziren. Han zegoen, konparazio batera, Nafarroa Oinez-era eta Takonerako Sortzen-Ikasbatuaren jaira joaten den jendea eta, oraingo honetan ere, halaxe beharko luke.

Hasteko eta bat, Nafarroa Garaiko gizarteari zuzendutako deialdia egin beharko litzateke; Euskal Herri osoko ekimena egitea ere ez da sekula sobra izaten, baina lehendabiziko hau, behintzat, bego Nafarroan. Eta ni, behinik behin, oinarri-oinarrizkoena aldarrikatzen hasiko nintzateke: hots, pertsona izate hutsagatik dagozkigun eskubideak, hemen duintasunez bizitzeko eskubidea, bazterkeriarik sufritu gabe bizitzeko eskubidea; eta horrekin batera, Pamplona-ren ondoan Iruñea jarrita ikusteko eskubidea (letra molde eta tamaina berean, gainera). Irrati-dialean, Euskalerria Irratia hartzeko eskubidea; Beriainen, Mañerun, Ziraukin edo Cortesen seme-alabak euskaraz matrikulatzeko dugun eskubidea: hitz batez, arnasa hartzeko eskubidea. Izan ere, itolarria sekulakoa baita, Nafarroako Haur Kantari Txapelketa bera ere sosik gabe utzi dute, dirurik gabe utzi dituzten bezala herri-telebistak, aldizkariak, euskara ikasteko laguntzak, AEK eta IKA, udaletako euskara zerbitzuak. Hori guztia, UPNk erabakita, baina PSNk lagunduta. Gu, gainera, gizarte honetako herritarrak gara, zergak ordaintzen ditugu, gizarte hau aurrera eramaten ere lagundu dugu eta, ordainez, hutsaren hurrengoa jasotzen dugu. Hortaz, oraingo honetan, helburuak ahalik eta jende gehiena biltzea izan beharko luke, eta ahalegin berezia egin, goiburu, mezu, irudi eta bitartekoetan. Eta aldi berean, denok laguntza eman beharko genuke, ateak zabalik baitaude. Ea ba udaberri honetako deialdian Del Burgo berriz ere zur eta lur uzten dugun erantzunaren zenbatekoaz eta nolakoaz.