Itziar Larrinaga musikologoak eta Jose Antonio Echenique Donostiako Musika Hamabostaldiko zuzendari ohiak jasoko dute Donostiako Orfeoia-EHU saria. Sari banaketa otsailaren 19an izango da, EHUren Gipuzkoako Campusean.
Euskarabila elkarteak (Basauri, Bizkaia) antolatutako 15. Ipuin Erotikoen Lehiaketa abian da jada. Lanek euskaraz idatziak izan behar dute, eta bi eta hamar orrialde artekoak. 2010eko apirilaren 23a baino lehen aurkeztu behar dira. Ipuinik onenaren egileak 600 euro jasoko ditu, bigarrenak 400 euro eta Basauriko onenak 250 euro.
Ibon Uribarri zarauztarrak irabazi du Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkarteak eta Elkar argitaletxeak Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko antolatzen duten Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa. Sariak emandako laguntzaz Herta Muller-en azken liburua, Atemschaukel (Arnasaren kulunka), itzuliko du Uribarrik.
Keu Agirretxeak Denbora vs. kantuak diskoa Interneten zabalduko du doan. Urrira bitartean, hilean abesti bat sareratuko du. Kantak eskuragarri izango dira www.keuagirretxea.com eta www.hotsak.com webguneetan. Diskoaren grabazioari buruzko berriak www.myspace.com/keuagirretxea blogean jarraitu ahal izango dira testu, argazki, audio eta bideoen bidez.