Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Aukera ezin hobea zen. 1808tik Espainia erregerik gabe aurkitzen zen; penintsula osoa frantsesen kontrako gerra irekian zegoen eta Ameriketako kolonia espainiarrak, hain urrun egonda, lehen aldiz hiru mendetako menpekotasunaren ostean estatuburuaren agindu zuzenaren falta nabaritzen ari ziren. Madrilen jadanik ez zegoen ez gobernu onarturik ez administrazio eraginkorrik. Gauzak horrela, aginte hutsunea betetzeko behin-behineko gobernu erakundeak (Juntak) sortu ziren Amerikaren hiribururik garrantzitsuenetan. Hasiera batean Frantzian “bahiturik” zegoen Fernando VII.aren izenean eratu baziren ere, laster batzorde horiek independentziarako bidea hartu zuten. 1810etik 1825era abertzaleek eta erregezaleek gogor borrokatu zuten elkarren aurka kontinente osoan, Mexikotik Txileraino. Azkenean, hamabost urte igaro ondoren, aspaldiko inperio espainiar erraldoitik hondar txiki batzuk baino ez ziren zutik geratu: Kuba, Puerto Rico eta Filipina irlak. Horren lekuan, hogeita bost nazio berrik burujabetasunari ongietorria egin zioten.
Euskaldunak independentzien aurrean zer?
Ikasgelan gai hau azaldu behar dugunean, beti galdera berdina egin ohi da: ea euskaldunek Amerikaren askatasunaren alde ala kontra borrokatu ote zuten. Bai eta ez, erantzun daiteke. Historia inoiz zuri-beltzean idatzi ez denez gero. Beste ezer baino lehen, konplexua izan zela onartu behar dugu. Konplexua eta, beraz, interes gehiagokoa.
Alde batetik, euskal abizen ugari aurkitzen dira independentziarako borroka piztu zutenen artean. Lucas Alamán, borroka haietan parte hartu zuen politikari mexikarrak, holako baieztapen borobila bota zuen bere Mexikoren Historian: “Aipatzekoa da Amerikaren konkistatzaile gehienak Extremadurakoak izan zirela, Badajoz eta Medellingoak, eta inperio espainiarraren erorketa gauzatu zutenak, aldiz, euskal probintzietakoak (...) Allenderen aita Bizkaiko Jaurerrian dagoen Gordexolakoa zen, eta Aldama eta Abasolokoak Arabako Okendokoak ziren, Gasteiztik ez oso urrun; eta horri eransten badiogu Iturbidekoa Nafarroako erreinukoa zela, argi dirudi Espainiako (...) iparraldeko probintziako gizonak Amerika Espainiatik aldentzeko predestinaturik zeudela”. Esan gabe doa Alamánek aipatu pertsonaia horiek guztiak Mexikoko independentziaren bultzatzailerik eraginkorrenetakoak izan zirela. Bestalde, Simon Bolibar askatzailearen bizitzaz azken bi mendeetan egin biografia guztiek bere familiaren euskal jatorria azpimarratu dute, bai eta gaztetan Bilbon pasa zuen urtea ere (ikus 8. orrialdeko artikulua). 1920ko hamarkadan Segundo Ispizuak idatzi bezala, badirudi Amerikan askatasunak “euskal usaina” zuela.
Baina, bestetik, asko izan ziren independentzia gerretan parte hartu zuten euskaldunak; ez Amerikaren burujabetasunaren alde, lur haiek Espainiaren kateetan lotuta mantentzearen alde baizik. Arrazoi ideologikoei ez ezik, testuinguru ekonomikoari ere erreparatu behar zaio. Amerika euskal industriaren produktuentzako merkatu erraldoia zen eta kapitala sortzeko gune ezin aproposagoa gainera; hori gutxi balitz, euskal herritarrek Amerikaren administrazio zibil, eklesiastiko eta militarrean karguak okupatzeko aukera ederra izaten zuten normalean. Kostaldeko euskal probintzietako burdinak, esaterako, monopolioa zuen Amerikan. Amerika burujabe batekin euskal sektore ekonomiko handiak galera ikaragarriak edukitzera kondenaturik zeuden. Esaterako, 1815ean Bizkaiko Aldundia kexu zen “burdinolak, herri honen benetako aberastasuna direnak, lur jota daude Amerikarako esportazioa geldirik dagoelako”. Eta Gipuzkoako olagizonek beste hau salatzen zuten: “Gure burdinolak egonkor mantendu ziren independentzia gerraraino, gure produktuek merkatu ziurtatua baitzeukaten Ameriketan; (...) baina merkatu haiek galdu direnez geroztik, Itsasoz bestaldeko kolonietan nahasteak hazi direnetik, egoera gero eta larriagoa da”.
Zenbait protagonista
Amerikaren independentziaren historiak hamaika istorio ditu. Gertakizun kolektiboek sarritan pertsona bakar batzuen bizitzetan islada izaten dute. Legenda guztiek –eta independentziak, hein handi batean, legenda bihurtu ziren Amerikaren nazio berrien oroimen historikoan– heroiak behar dituzte: pertsonak, banan-banan, beren izen-abizenekin, aldaketa historikoen pertsonifikazio gisa. Tartean euskaldunak ere baziren, alde bietan.
Buenos Aires, 1809. Azkenengo urteetan gertakizun askok asaldatuko dute Hego Amerikako hiriburu horren lasaitasuna. Hasiera batean, armada ingeles batek konkistatzeko saiakera egin zuen, alferrik. Gero Europako albisteak zabaldu zirenean, bertako udalak erregeordea bere kargutik kentzea erabaki zuen –jaiotzez frantsesa zelako, eta beraz, “susmagarria” egoera berri hartan–. Mugimendu honen buruen artean zegoen Martin de Alzaga merkataria, Aramaioko arabarra. Hirian bizi ziren galiziar, katalan eta euskaldunekin tertzioak antolatu eta gobernu berria ezarri zuen Alzagak. Azkenean, altxamenduak porrotean bukatu zuen, eta Argentinak ez zuen independentzia eskuratu 1810eko maiatzeko iraultzera arte, baina ordurako Alzagak erabat zuen aldaturik iritzia: bi urte geroago, Argentinako gobernu berriaren kontrako konspirazioa geldiarazi zenean, bere izena agertu zen, eta hiltzeko zigorra ezarri zioten.
Mexiko, 1810. Espainiako Errege Armadak mexikarren lehendabiziko saiakera independentista suntsitzen du. Bertan hogeita hamar urteko militar bizkaitar bat aurkitzen da: Pedro Celestino Negrete, karrantzarra. Aurrean, Hidalgo abertzalearen gidaritzapean, Ignacio Allende, Juan de Aldama eta Mariano Abasolo kriolloak zeuden. Hamar urtetan Mexikon inor ez da ausartuko independentzia berriro eskatzen, 1821era arte. Baina oraingo honetan Negretek independentziaren alde jokatuko du, armadako beste kide batzuekin batera –horien artean Jose Antonio de Etxabarri gordexolatarra eta Agustin de Iturbide euskal-mexikarra–. Plan de Iguala-ren bitartez, Mexikoko agintariek Espainia eta Mexikoren arteko banaketa baketsua lortu nahi dute. Ustekabean beren helburua lortzen dute, eta Negrete izango da estatu jaioberriaren buruetako bat, Gobernu Triunviratoaren partaide izango da gainera. Hala ere, bakeak ez zuen askorik iraun: 1825ean Iturbidek enperadore izendatu zuen bere burua, eta 1827an errepublika berriak europarrak kanporatzeko agindua eman zuen. Negrete eta Etxabarri erbestean hil ziren.
Kolonbia, 1820. Simon Bolibarrek, Angosturako kongresua bildu eta gero, gerra osoa deklaratuko dio Espainiari. Azken horren erantzuna, nola ez, militarra izango da. Penintsulatik batailoi berriak bidaltzen hasiko dira, horien artean euskal boluntarioek osaturiko gudarosteak daude, esaterako, Nafarroako Lehen Batailoia delakoa. Armada horren buru beste bizkaitar bat dago, Miguel De la Torre, Karrantzan jaioa hau ere. Hasieran hainbat garaipen lortu bazuten ere, azkenean De la Torrek eta bere armadak Maracaibon setiaturik bukatuko dute. Bi jeneralek, De la Torrek eta Bolibarrek, Amerikako eskualde hartako armada espainiarraren errendizioa sinatuko dute, Kolonbia eta Venezuelako independentziak onartuz.
Peru, 1825. Bolibar eta San Martín, hau da, Hego Amerikako independentziaren bi bultzatzailerik nagusienak, Espainiako boterearen azken gotorlekuaren kontra ari dira elkarrekin borrokatzen. Urtebete lehenago, Pedro Antonio Olañeta jeneralak, jaiotzez elgetarra, estatu kolpe bat eman du Peruko talde independentisten aurka. Berak gidatu zuen Amerikako azkeneko armada espainiarra, harik eta Ayacuchon independentistek garaitu zuten arte. Bera izan zen “tronoaren azken defendatzailea”, bere gutunetan aldarrikatu zuen moduan. Alferrik, ordurako Amerikako espainiar inperioarenak egina zuen.
Azkenengo hausnarketa
Beraz, euskaldunek Amerikaren askatasunaren alde ala kontra borrokatu zuten? Ez alde eta ez kontra, gutxienez euskaldun bezala. Galdera berez ez da egokia. Amerikaren independentziaren aurrean, euskaldun izateak ala ez izateak ez zuen garrantzirik. Aldea beste nonbait zegoen: europarren eta kriolloen arteko hausturan, alegia. XVIII. mende osoan zehar kriollo amerikarren nortasuna gogortuz joan zen heinean, independentzia ez zen gehiago utopia bat izan, posibilitate bat baino (ikus 9. orrialdeko artikulua). Amerikako Estatu Batuek Ingalaterraren kontra askatasuna lortu zutenean, kontua ez zen ea Amerikako gainontzeko koloniek independentzia lortuko zutenentz, noiz lortuko zuten baizik.
Oro har, independentziaren aurrean bi iritzi izan zituzten Ameriketako euskaldunek: Europatik etorritakoek, normalean, Espainiarekiko atxikimendua mantendu nahi izan zuten; bertan jaiotako beren seme-alabek, aldiz, independentziarako grina erakutsi zuten. “Seme-alabak, heldutasunera heltzen direnean, gurasoen etxetik atera nahi dute beren etxe propioa egiteko. Ba al dago zerbait naturalagorik?”, galdetu omen zion Iturbide gazteak haren aitari. Mexikok –eta Amerika osoak– Espainiari egin zion galdera bera alegia.
Simon Bolibarren Euskal Herriko irakasgaiak
...Y ansí, yo, manco de mi pierna derecha, de dos arcabuzazos que me dieron en el valle de Chuquinga, con el mariscal Alonso de Alvarado, siguiendo tu voz y apellidándola contra Francisco Hernández Girón, rebelde a tu servicio, como yo y mis compañeros al presente somos y seremos hasta la muerte, porque ya de hecho hemos alcanzado en este reino cuán cruel eres, y quebrantador de fe y palabra; y así tenemos en esta tierra tus perdones por de menos crédito que los libros de Martín Lutero. Eta sinatu zuen Lopek 1561. urtean, Hijo de fieles vasallos tuyos vascongados, y rebelde hasta la muerte por tu ingratitud, Lope de Aguirre, el Peregrino. Lope Agirre, Marañon matxinatuen burua eta amerikar askatasunaren suspertzailea, Hipolita Bolibarren hazamak gaztetxoari Caracasko etxean kontatzen zizkion istorioen pertsonaia nagusia zen. Urteak pasa eta Agirrek Felipe Bigarrenari idatzitako gutunaren kopiak inprimatzeko agindua luzatuko zuen Simon Bolibarrek.
Bazuen Bolibarrek Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarraren kontra matxinada gertatu zenean, Venezuelan zehar hedatu zen Andresote esklaboaren oihuaren berri ere bai: “¡Que se vayan de aquí estos vascos, que ni españoles son!”. Izan ere, gaztelania eskasa zekiten gipuzkoar haiek eman zioten Venezuelari independentzia ekonomikoa eta ageri instituzionala, XVII. mendean oihana besterik ez zena, XVIII. mendean Capitanía General bilakatu arte. Bolibarrek Amerika politikoki askatu zuen Gaztelako erresumako eskuetatik, hamabost urteko kanpaina militarraren ondoren (1810-1825), alabaina, hori bezain irismen handikoa da, gipuzkoar haien ereduari helduz, kontinente aske berriari eman nahi izan zion legedi politiko eta ekonomikoa.
Familiak Bilboko errepublikarekin zituen negozioak zirela medio, Consulado de Bilbao, Casa de Contratación y Juzgado de los Hombres de Negocios de Mar y Tierra estatutuen ezaguera sakona zuen Bolibarrek. 1801 eta 1802an Bilbon egon zenean, Bidebarrieta kaleko Adan de Yarzaren etxeko tertulietan ezagutu zituen Bolibarrek Sociedad Bascongada de Amigos del País elkarteko hainbat kide, hala nola: Elhuyar anaiak, edota Valentin Foronda, Bergarako Seminarioren eta Filipinetako Merkataritzarako Errege Konpainiaren sortzaileetariko bat. Euren eskutik eta aipatutako euskal erakundeen itxurara eratuko zituen Bolibarrek Ameriketan Sociedad Económica de Amantes del País eta Escuelas de Minería 1825ean. Bilbon zela, Konbentzioko Gudan Gipuzkoako diputazioak gobernu iraultzaileari estatu gipuzkoar independente bat eratzeko egindako proposamenaren berri izan zuen Bolibarrek. Eta Gernikako arbolaren aurrean ere izan zen zutik, Pedro Antonio Bolibar Arauko Mungiako senitartekoaren eskutik.
Hainbat euskaldun egon ziren Hego eta Ipar Amerikako independentzia gudetan matxinatuen ejertzitoetan. Esaterako, Jose Luciano Elhuyar, Bolibarrek Bilbon ezagutu zuen Juan Joseren semea, askatasunaren alde gogor borrokatu zen Kolonbian, euskal jatorriko jeneralaren aginduetara. Bolibarrek independentziaren ikurra hartu baino urte batzuk lehenago, Napoleonek Gaztelako amerikar eremuetan sen independentista piztu nahi izan zuenean, sei agente bidali zituen Ameriketara, horien artean lau euskaldun: Iruñeko Benigno Alfaro Buenos Aires eta Montevideora; Remigio Aparicio gasteiztarra Txilera; eta Luis Azkarraga eta Juan Bizkarolaza bizkaitarrak Limara eta Panamara.
Ipar Ameriketan ere lagundu eta suspertu zuten hainbat euskaldunek independentziaren aldeko borroka. George Washingtoni eman zizkion Diego Gardoki Arrikibarrek 215 kanioi, 30.000 musketa, 30.000 baioneta, 51.314 bala, 137.000 kilo bolbora, 12.868 granada, 30.000 uniforme eta 4.000 denda. Jean Lafitte Mexikoko Golkoko izurriteak Andrew Jackson lagundu zuen bere artilleroak New Orleans-eko kaian ingelesen kontra paratuz. Eta, gogo txarrez bazen ere, esker onez barkatu zien Baratariako piratei Estatu Batuetako presidenteak euren aurreko bekatu handiak… Ez gerokoak ordea!
Amerikako euskal “luzapenetan” kriolloak agintari
Ameriketako lurraldeetara XVI. mendez geroztik europar, afrikar eta asiar ugari bildu zen, baina Espainiako Gaztelako Korokoak ziren agintari. Eta horretan, hainbat euskal herritar. Ameriketako lurraldeetan, gizarte eta ekonomian kriolloak (crioulo, espainiar bikoteen oinordekoak Ameriketan heziak) indartsuak izan arren, erakundeetako buruak Espainiako erresuman jaioak izan behar ziren. Joera honek Ameriketan XVIII. mendean ezinegona eta tirabira ugari sortu zuen. 1770eko apirilaren 16an, Carlos III.a Espainiako erregeak, Ameriketako lurraldeetan soilik gaztelania erabili behar zela eta agintariak europarren erara jantzi behar zirela agindu zuen. Bestalde, Ameriketako hirietako gizartea erabat nahasia eta berezitua zen. Ondoko irudiak Espainia Berrian edo Mexikon zegoen “kastazko” gizartea adierazten digu. Kriolloak izan ziren independentziaren aldeko buruak, gizarte berriaren agintari ere izan nahi zuten. Hala ere jatorrizko herri indigenek ere beren kabuzko borroketan jarraitzen zuten.
Euskal herrialdetakoak, “aitorseme” edo nobledunak izanik, berezko sarrera erraza izan zuten Ameriketan. Espainiar erresumako militar eta burokrata legez agintari ziren eta bertan Bizkaia Berria eta horrelako lurraldeak sortu zituzten, jakina, jatorrizko herri indigenen aurkako borroketan. Ezkontzak antolatzerakoan, senitartekoak deitzen zituzten, euskal herritar senideen estrategia zen hura: ahaideak Ameriketara bidali, bertan ahaideen balio nortasuna sendotzeko –ahaideen nagusitza eta zabalkundea balore nagusienetakoa zen–. Beraz, Euskal Herriaren luzapenak sortu ziren Ameriketan. Adibidez, Galdameseko J.I. Campo (1726-1782) Bizkaia Berrian finkatu zen eta alaba J.J. Yandiola Campo lehengusuarekin ezkondu zuen. Honek, segidan, Galdameseko beste Yandiolatarrak deitu zituen eta Enkarterrietako eta Ameriketako ahaideak lotu zituzten modu horretan.
Cadizen, 1810eko deialdiari erantzunez, Napoleonen aurkakoak bildu ziren eta bertan Espainiako erresumarako Konstituzio politiko berria asmatu zuten. Espainiako Gorteen ganberan, euskal jatorrikoak eta euskaldunak ere egon ziren Ameriketako ordezkarien artean. 1809tik Ameriketako lurraldeetako kriolloak autogobernu politikoak antolatzen hasi ziren beren kabuz, independentziara bidean. Izan ere, kriolloek beste era batera gobernatu nahi zituzten Amerikako lurraldeak. Baina Cadizeko biltzarrean ez zen izan ez begirunerik ez federalismorako joerarik eta Ameriketako ordezkaritza murriztu egin zuten. 1812an Cadizen, Asia, Amerika eta Europako Espainiar erresumaren Konstituzio politiko berria erabaki zen.
Juan Antonio Yandiola, Cadizen zegoela, Espainiako erregeordetzaren ordezkari legez bidali zuten Mexikora, bertako independentziaren aldeko jokabideak geldiarazteko eta txosten jakingarriak idatzi zituen Espainiar erresumaren batasuna helburu. Kriolloak alde batetik eta herri indigenen eskariak bestetik bereiztu behar zirela azpimarratu zuen.
Ameriketako lurraldeen independentzia prozesuetan, Ipar Ameriketakoa izan zen adibide. Baina Ameriketako Estatu berriko konstituzio liberaletan ez dira aipatzen jatorrizko herriak, hau da, herri indigenak. Orain, berrehun urte bazterturik izan ostean, herri indigenak eskubidedun bihurtu dira nazioarteko zuzenbidean, 2007an Nazio Batuek hala erabakita.
Eta prozesu horietan euskaldunek egindako ibilbideak aztertzeke daude. Adibidez, Fernando VII.ak aginte absolutua hartu zuenean, 1814an, Miguel Lardizabal Uribe izendatu zuten Indietako arazoetarako buru. Kriolloa zen, Tlaxcalan (Mexiko) jaioa, baina agintaria Espainian, eta Bergarako Mintegiaren buru ere izan zen. Azkenik aipatu dezagun, beste ibilbide bat: 1774an Gipuzkoako Errezilen jaio zen Martin Jose Mujika eta 1841ean hil zen Cuzcon. Hamabost urte zuela Kordobako osabak, Migel Antoniok, Ameriketara eraman zuen eta bertan ibilbide oparoa burutu zuen zuzenbidean, politikan eta justiziako arloetan. 1814an Huamangako (Ayacucho, Peru) ordezkaria izan zen Cadizeko Gorteetan.