argia.eus
INPRIMATU
Zingiretako garagearen espiritua gure artean bizi da
  • Los Cretinos ::Crazy party!!

    Pantano Records

    iraupena ::29'29''

    prezioa ::8€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05
Arrasatear hauek irla bat dira, hirietatik kanpo musika taldeek ez dutelako rock-and-roll eta garage doinu zaharretan murgiltzeko ohiturarik. Hala ere, urte dezente daramatzate beraien bidean, eta kanpoan etxean baino arreta handiagoa egiten diete. Dagoeneko bigarren diskoa kaleratu dute eta hau argitaratzeko Valentziako diskoetxe baten laguntza izan dute. Orain arte punk zipriztinak zituen rock-and-rolla egin badute ere, oraingoan, batez ere teklatuak lagunduta, garagean murgildu dira eta ezer asmatu ez badute ere, giro eta lelo egokiak idatzi dituzte, beti ere erritmo handikoak. Gaztelaniaz abestuta, gai dira Fuzztones, Cynics edo Miracle Workersen espiritua gugana ekartzeko. Hori gutxi balitz, beste sesio batean grabatutako hiru bertsio klasiko eta ramoniano ere oparitu dizkigute.

www.myspace.com/cretinosrock
"Ardiak garela ematen du: berdin janzten, kontzertu berak ikusten, disko hori ez badaukazu ez zara inor…"
Disko batetik bestera denbora nahiko pasatzen da, eta askotan ordurako abestiak erre egiten dituzue…
Bai, patxada nahikoa daukagu eta ez dugu presioarekin lan egin nahi izaten. Jada kanta berriak ateratzen ari gara eta asko baztertu ditugu, gustura gelditu arte. Egia da diskoa kaleratu orduko abesti horietaz nekatu egiten garela, aldrebesak gara horretan.

Non aurkitu duzue Electric Amai? Kantuek asko irabazi dute…


Aspalditik ezagutzen genuen, baina ez genekien teklatua jotzeko gai zenik. Parranda batean esan zigun jotzen ausartuko zela. Lehen entsegutik primeran joan da guztia. Diskoko abestiak eginak zeuden, baina asko aberastu ditu Farfisarekin eta hasi da hitzak idazten. Gure altxorra da!

Disko honetan rock-and-rolletik garagera salto egin duzue… Eta emaitza ederra da.


Bai. Garage-punkera. Guk Rock-and-rolla maite dugu, baina batez ere musika zuzena. Punka entzuten hasi ginen eta gero konturatu ginen bazeudela beste estilo batzuk ere, ilunak, zuzenak… Diskoko kantak Londresen egin genituen lehen kontzertuetan inspiratuta daude: Hare Krishnak, jaiak, hango ligeak…

Diskoa bi txandatan grabatu duzue…


Bai. Kasualitate bat izan zen. Diskoa Oñatin grabatu genuen DJ Kirrinekin, eta bera hip-hop zalea bada ere, oso soinu garageroa lortu zuen. Horren ostean, Rumble Recordsekoek gugana jo zuten bilduma baterako grabatu gabeko kanta bat eskatuz. Esan eta egin…  Lobo Electricoko Guantxekin batu eta lau bertsio grabatu genituen: hiru disko honetako bonusak eta Kinksen bat Rumblentzat.

Mi moda soy yo. Gustuko dut zuen slogana…


Londresen asmatu genuen. Hainbeste itxurakeria, eta gero funts gutxi. Esan nahi du gure bide propioa egiten dugula. Askotan ematen du ardiak garela: berdin janzten, kontzertu berak ikusten, disko hori ez badaukazu ez zara inor… Nazkatuta gaude kontu horietaz.