argia.eus
INPRIMATU
Zer gertatu zen Loiolan?
Xabier Mendiguren Elizegi @xme64 2010ko otsailaren 02a
Dani Blanco
Atrebentzia guztiarekin, propaganda egitera nator gaur. Izan ere, egundoko liburuak suertatzen zaizkigu batzuetan esku artean, editore-lanbide honetan. Espainiako kultura ministro batek bere oroitzapenetan kontatu zuen, bere karguaren pribilegioez baliatu zela behin, Granadako Alhambra jauregia itxita zegoela, berak bakarka bisitatzeko. Era berean, gure ofizio xumeak horixe du ederrena: beste inork baino lehenago edukitzea begien aurrean egiazko harribitxiak.

Adibidez, gogoratzen naiz Azurmendik Espainolak eta euskaldunak tituluko paper-totxoa ekarri zidanean, esanez seguru asko ez zitzaiola inori interesatuko baina... eta zer-nolako emozioz irakurriz nindoan makinaz jotako orri horitu haiek. Edo Hnuy illa nyha majah yahoo bilduma miragarri hura iritsi zitzaidanean, Kiromantzidxa poema irakurtzean sentituriko zirrara, pentsatuz hura aurretik ia beste inork ez zuela ikusi, eta agian nire zuzenketa-proposamen batek testua hobetzen lagundu zezakeela. Edo autore ezezagun baten lehen testuan barneratzean, Elorriagaren SPrako tranbian esaterako, deskubrimendu harrigarri bat egiteak ematen duen ezusteko poza...

Askoz gehiago luzatu nezake zerrenda, baina bere horretan utziko dut, gaur dakarkizuedan lana aipatzeko: Loiolako hegiak, Imanol Muruarena. Aurrekoak ez bezala, hau ez da literatura, primeran idatzia dagoen arren; kronika xehe bat da, 2006ko udazkenean Jesulagunen basilikan EAJ, PSE-EE eta Batasunako ordezkariek egin zituzten elkarrizketei buruz, baita aurretik eta ondotik ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean izandako hartu-eman eta gorabeherei buruz ere.

Muruaren berri dakiena ez da harrituko liburu izugarria dela esaten badut: Palestina eta Belfasti buruzko erreportajeetan agerian utzi zuen gatazkei seriotasunez eta gizatasunez heltzeko trebetasuna; urtetan bere prentsako lanak segitu ditugunok badakigu kazetari bikaina dela, elkarrizketatzaile fina eta analista zorrotza. Liburu hau apartekoa da, ordea, orain arte oso jende gutxik zekiena kontatzen baitu. Urkullu, Egiguren eta Otegirekin izandako solasaldi luzeetan oinarrituta, eta hainbat iturritatik osatuta, azken bake-prozesuaren erretratu zehatza egin du, erdi ezkutuan zeuden edo guztiz ezezagunak ziren datu ugari plazaratuz. Guztiok zipriztintzen gaituen egoera politiko petral honekin interesatutako edonorentzat ezinbesteko dokumentua.

Ondorioak ateratzea norberaren esku utziko dugu. Baita hurrengo saialdirako ikasgaia ateratzea ere.