argia.eus
INPRIMATU
Langune elkartea sortu da
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2010ko otsailaren 02a
Joan den astean sortu zen Hizkuntza Industrien Elkartea Euskal Herrian izeneko elkartea. Euskal Herriko 22 erakunde, elkarte eta enpresak osatu dute, denak ere hizkuntzarekin lan egiten dutenak.

Elkartearen oinarri nagusiak ondokoak izango dira: eragileak dinamizatzea; elkarlana bultzatzea; Europan erreferentzia izango den hizkuntzen industria garatzeko bidean esfortzuak ez biderkatzea eta sinergiak lortzea; sektoreko lidergoa izatea eta administrazioarekin koordinatzea.

2010erako erronka nagusiak ondokoak dira: plan estrategikoa egitea (2010-2013); klusterraurreko egoera lortzea; sozializazioa burutzea administrazioan eta eragileen artean, eta bazkide berriak lortzea.

Oraingoz Langune elkarteko kideak segidakoak dira: Gizerbitek, Erein, Asmoz Fundazioa, Bitez, Plazagunea, Rec Grabaketa Estudioa, UZEI, Ametzagaiña, Codesyntax, Mara-mara, Anboto, EIZIE, Pausumedia, Elhuyar Fundazioa, Mondragon Lingua, Tekniker, Huhezi, Emun, Alberdania, TISA, Lacunza, eta Badihardugu Euskara Elkartea.

Ekainera arte behin-behineko zuzendaritza izango da, orain arte elkartea sortzeko urratsak ematen aritu den lantalde bera:
- Josu Waliño (Elhuyar) lehendakaria.
- Xabier García Kortazar (Tekniker) lehendakariordea.
- Ritxi Lizartza (Mara-mara) diruzaina.
- Naiara Azpeitia (Rec grabaketa) idazkaria.
- Andoni Sagarna (Plazagunea) bozeramalea.
- Iñaki Alegria (EHU) aholkularia.