argia.eus
INPRIMATU
Itsuen herrian Basilio II.a errege
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2010ko otsailaren 03a
Basilio
Basilio II.aren Menologioa kodizearen irudi honetan bulgariarrak ageri dira, bizantziarrak sarraskitzen ari direla. Errealitatean, ordea, bizantziarrak izan ziren garaile.www.wikimedia.org
Bizantzio, 976ko urtarrilaren 10a. Basilio II.a (958-1025) enperadore izendatu zuten. Militar, estratega eta administratzaile bikaina izan zen, eta ahultzen ari zen Bizantziar Inperioari aurreko 500 urteetan ez bezalako hedapena eta indarra handiena eman zizkion. Gerran garaipen handiak lortu arren, borrokak ez zuen itsutzen –bera behintzat, ez–; horrenbestez, zentzu praktikoak hala eskatzen zuenean, bake itun onuragarriak sinatzen ere bazekien.

Horixe egin zuen errusiarrekin. 979. eta 989. urteetako matxinadak indarrez itzali zituen baina, azkenean, Vladimir I.a Kievekoarekin bakea adostu zuen. Arabiarrekin, aldiz, ez zuen negoziaziorik behar izan, erraz hartu baitzituen mendean. Hala, pixkanaka, Bizantziok galdutako zenbait lurralde berreskuratuz joan zen.

Baina bulgariarrak etsai gogorragoak ziren. Bulgariako Samuel erregeak Tesalia inbaditu eta Larisa hartu zuen 985.ean. Hurrengo urtean, Basilio II.a, 30.000 soldaduko armadaren buru, Sredets (egungo Sofia) hartzen saiatu zen, baina ez zuen hirian sartzea lortu. Bizantziarrek atzera egin zutenean, bulgariarrek eraso zieten; Basilio II.aren porrota lotsagarria izan zen eta ez zuen berehalakoan ahaztu.

Bulgariarren eta bizantziarren arteko gerra 1002an hasi zen eta hamabi urte iraun zuen. Urte horietan bi indarrak pareko ibili ziren. Baina 1014ko uztailaren 29an, Kleidioneko guduan, Samuel erregea handik zenbait kilometrora zegoela, Basiliok armada bulgariarra suntsitu zuen. Hortik aurrera Basilio II.ari Boulgaroktonos esan zioten, hau da, bulgariarren hiltzailea. Balkanetako gerra luze horretan bere soldaduek bulgariar asko hil zituzten, noski, baina agian egokiagoa litzateke enperadoreari “bulgariarren itsutzaile” esatea. Izan ere, Kleidioneko gudua amaituta, 14.000 bulgariar soldadu hartu zituen preso eta ia guztiak itsu utzi zituen. Ehunetik bati begi bakarra kendu zion, begibakarrek itsuak Samuel erregearenganako bidean gida zitzaten.

Bulgariarren erregeak ederki zituen bi begiak eta, kondairak dioenez, itsuen armada menperatua iristen ikusi zuenean, tristurak jota hil zen.