argia.eus
INPRIMATU
Bakardadea izan
Jose Luis Padron 2010ko otsailaren 02a
Harrigarria da Anari nola gustatzen zaidan. Musika lana esan nahi dut, bere edertasun emakumezkorik gabe. Izugarri gustukoa dut. Bai, beno... bera ere bai, Anari, bere musikarik gabe. Ez dut, ordea, meritu handirik esateagatik. Anari bera baita bihotza eskaintzen diguna liluraren amildegi berrirako eskaileratxoaren sastrakak kentzeko. Hura entzun eta ematen du zeruko sustraiak edozein unetan erori behar direla. Munduko desio-beldur guztien begirada ikusten dut haren begien atzeko aldean ia ukitzeraino duin eta oinazetan. Gure herriaren aztoramen bipolarrean zerbait onerako aldatzen ari dela pentsatzeko aukera bakarrenetako bat da bere sedukzio indarra. Inoiz etsitzen ez duen bere haserrean, bere ondoezean, barruan duen atsekabe guztian ulertu ezin dudan hurbiltasun bat aurkitzen dut nik... Hainbeste gauza... Lurra aztertzen duen zientzia Geologia da. Mendia, oinarritik gailurreraino malda handia duen erliebe bakartua. Muinoa, malda txikia duen erliebe bakartua. Sumendi erliebe bakartuak sumendi bakartuak dira, eta jarduera bolkaniko puntual baten ondorioz sortzen dira. Uretatik kanpora ateratzen direnean, sumendi-uharteak sortzen dituzte. Duela hilabete batzuk Anarik disko berria kaleratu zuen. Irla izan da bere azken diskoaren izenburua. Uhartea alde guztietan urez inguratuta dagoen lur eremua da. Iruditzen zait idazleek ere badutela zerbait... zeratik... irlatik... bakardadetik... Prestu eta zintzoa den pertsona zibil oro zahardadez bakartua biziko dela segurua da; bere zahartzaroa isolamendu tragiko bat izanen da... Eta zer dago bere bakardadearen aldeko borrokari eusten dion zahar bat baino handiago eta heroikoagorik?, uste zuen Unamunok; artista aparta ez da inorekin ongi konpontzen. Nola konponduko da ba ongi, bere zeregina lengoaia berri bat izatea bada? Horregatik da arteen historia Babeleko historia. Ezin haien artean konpondu, bateraezin jarduten dira. Artista apartak bere bakardadea eraikitzen du bere buruaren inguruan eta han barruan itotzen da. Hori baita bere patua, esan zuen Ortega y Gassetek; orduko garai hartan norbait duin samarra bazen, bakarzalea zelako zen, murmuriatzen zuen Barojak; bere buruaren jabe den jendea beti dago bakarrik, berresten zuen Antoñanak. Idazteak, niretzat, inkonformismoa eta errebelamendua esan nahi du, idazlearen asmoa protesta da, kontraesana eta kritika. Ez dago erdibiderik. Nik ez dakit ondo ala gaizki dagoen, horrela dela baino ez dakit, ihesbiderik ez dagoela: konforme ez dagoena izan da idazlea, da eta izaten jarraitzen du niretzat. Errealitateak asebeteta bizi den inor ez da ezer idazteko gauza, errealitatearekin ados eta adiskidetua dagoen inor. Idazlearen egitekoa gizakiak munduarekiko duen adostasun eza nabarmenetik jaiotzen da. Idaztea, berriz, matxinada etengabekoa da. Injustizia arau bihurtu den gizarte batean, hutsaren paradisu honetan, zabor ekonomikoaren eta intelektualaren sasoi honetan, autokonplazientziaren festa izorratzera dator idazlea, alarma piztera, egunerokotasuna gaizki eraikia dagoela esatera, atsedenik gabe, bizitza aldatu beharra dagoela. Nik ez dakit ondo ala gaizki dagoen, hori horrela dela baino ez, eta idazle kuttunen artean izango dudala, soilik baldintza horiek guztiak betetzen baditu. Eta oso garesti ordaintzen dute, larrutik, bakardadetik. Horregatik ez naiz ni idazlea, zure urertzetik bizitzaren itsaso izugarri berrira noizean behin mezu zaharrak bidaltzen dituen naufragoa baizik. Pessoa gogoan, poeta izatea ere ez baita ene anbizioa, besterik da, bakarrik egoteko nire manera.