Valentziarrek TV3 ikusi nahi dute

  • 2007ra arte, Valentzian, moldatu dira Kataluniako TV3 katalanezko telebista publikoa ikusteko. Aldiz, azken bi urtean errepikagailuak ixteari ekin dio Gobernuak. PPren Gobernuaren borondate eza ikusita katalanezko telebistarentzako lege babes bila hasi dira.
Acció Cultural del País Valenciàk antolatutako manifestazio honetan, katalanez emititzen duten lau kateak (TV3, Canal 33, 3/24 eta 300) Valentzian ikusteko eskubidea aldarrikatu zuten. Valentziako Gobernuak hala nahi izanez gero, sistema digitalean lau kateak sartzeko tokia du.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Duela gutxi izan da Euskal Herrian Acció Cultural del País Valencià elkarteko arduradun nagusi Toni Gisbert. Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia eta Kontseiluarekin batera Mugarik Gabeko Telebista kanpaina aurkeztu dute. 500.000 sinadura bildu nahi dituzte, udaberrian Madrilgo Kongresura eramateko. Helburua oso sinplea da: katalanez, euskaraz eta galizieraz dauden irrati eta telebista publikoak hizkuntza horiek mintzatzen diren lurraldeetan ikus ahal izatea lege bermez. Hau da, valentziarrek inolako oztoporik gabe Kataluniako TV3 ikus dezatela, nafarrek ETB eta Leongo El Bierzon Galiziako TVGA.

Toni Gisbertek azaldu dizkigu Herrialde Valentziarrean TV3 katea ikusteko urtetan izan dituzten gorabeherak. Hasteko, hizkuntza jakin bateko telebistak hizkuntza hori hitz egiten deneko lurraldean emititzeko eskubidea linbo legalean egon da, arautu gabe, alegia. 25 urte badira Herrialde Valentziarrean errepikagailuak jartzen hasi zirela TV3 ikusi ahal izateko. 150.000 herritarrek jarri zuten dirua azpiegiturak bermatzeko. Valentziako Gobernuak bakean utzi du telebista ikusteko errepikagailu sarea 2007. urtera arte. Harrezkero administrazio espedienteak egiten ari da PPren Gobernua. Hiru errepikagailu itxiarazi ditu Gobernuak eta sarea abian jarri zuen elkarteak, Acció Culturalek, 700.000 euroko isunari egin behar dio aurre.

Multiplexean badago tokia

Bi urteko borrokan kontuan hartu dute Acció Culturalekoek Lurreko Telebista Digitala datorrela eta katalanezko telebistak eremu horretan izan behar duela tokia. Gobernuak adierazi du oztopo teknikoak daudela sistema digitalean telebista gehiago sartzeko eta hirugarren multiplexaren beharra aipatu du. Bi multiplex dituzte Herrialde Valentziarrean. Lehenengoaren bidez bost telebista kate ikus ditzakete eta ondoko hauek dauzkate: Canal 9 eta Punt 2 (autonomikoak) eta Popular TV eta Libertad Digital (pribatuak). Bosgarren bat, TVV 24 horas kate publikoa, probatan ari da. Bigarren multiplexa hutsa dago eta ez dirudi betetzeko intentzio handirik dagoenik. Gobernuak, nahi izanez gero, katalanez emititzen duten kate guztiak onar ditzake multiplex horretan. Kontua borondate politikoa da, ez zailtasun teknikoa.

Egoera horren aurrean zer egin? Acció Culturalek bi ekinbide jarri ditu abian. Batetik, herritarren presioaren bidez katalanezko kateak ikusteko aukerak areagotzea. Dena dela, Toni Gisberten ustez, ez litzateke irtenbide egokiena Gruiere gaztarena gertatuko bailitzateke, toki batzuetan lortuko lukete telebista ikustea, beste batzuetan ez... Bestetik, lege babesa lortu nahi dute. Berez, eskaera horrek badu oinarri juridikoa, Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutunak eskaintzen baitu. Honela dio 11.2. artikuluan: “Alde guztiek irrati zein telebista emisioak zuzenean jasotzeko eskubidea bermatzeko konpromisoa hartzen dute, bizilagun diren herrialdeetan erregio edo hizkuntza gutxiagotu berbera edo antzekoa erabiltzen badute, eta ez dute oztopatuko ondoko herrialdeetako telebista edota irrati emankizunak hizkuntza horretan ematea (...)”. Espainiako Gobernuak 1992an sinatu zuen Gutuna eta Parlamentuak berretsi 2000. urtean. Onarpena badu, zein da arazoa? Europako Gutuna ezartzea.

Hori lortu dadin, lege proiektua idatzia dute eta ekimen legegile herritarra abian jarria. Horrek esan nahi du 500.000 sinadura bildu behar dituztela. 300.000 sinadura bilduak dituzte eta hemendik eta martxoaren 24ra bitartean horretan arituko dira. Sinadura bilketarako kanpaina indartsuena katalan hiztunen lurraldeetan egin dute. Herritarren babesa handia izan da. Herrialde Valentziarrean esate baterako, sindikatu eta alderdi politiko guztiek, PPk salbu, babestu dute kanpaina. Hainbat udaletan aho batez onartu da kanpainaren alde egitea, PP barne.

Pujol, Maragall, Laporta...

Ea 500.000 sinadurak lortzeko moduan izango diren galdetu diogu Gisberti. Esan digu uste duela baietz, baina lortzen ez bada ere ahalegina alferrikakoa ez dela izan garbi dute. Milaka eta milaka herritarrek hartu dute parte kanpainan, sindikatu, alderdi politiko eta erakunde publikoen babesa lortu dute. Esate baterako, ekimen legegile herritarraren batzorde bultzatzailean izen esanguratsuak daude, hala nola, Felix Pons (Espainiako Parlamentuko presidente ohia), Pasqual Maragall eta Jordi Pujol (Kataluniako Generalitateko presidente ohiak) eta Joan Laporta (Futbol Club Barcelonako presidentea).

Gisbertek argi du, “inoiz ez dakizu PPko Gobernuak zer egingo duen. Alabaina, urduri dago Gürtel kasua dela-eta, Valentziako Cabañal auzoko kontuak direla... Uste dut ez zaiola komeni su gehiago piztea, itzaltzea bai, baina nork daki zer egingo duten....".
ETB Nafarroan
Nafarroan itzalaldi analogikoa egin da eta kate guztiak Lurreko Telebista Digitalaren bidez jasotzen dituzte, ETB1 eta ETB2 izan ezik (ETB3 ez da ikusten). Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ETBren bi kateak seinale analogikoz jaso daitezke oraindik, itzalaldi analogikoa egin gabe dagoelako. Apirilaren 3an ordea, Euskal Autonomia Erkidegoan ere seinale digitala baino ez da geratuko, eta beraz, ETB1 eta ETB2 ez dituzte ikusiko Nafarroan. Ikusteko dago Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza adostasunera iritsiko diren azpiegituretan inbertitzeko. Joan den astean egin zuten bilera. Nafarroako Gobernuak esan du ez duela bere gain hartuko inbertsiorik. Eusko Jaurlaritza berriz, prest agertu da inbertsioaren erdia bere gain hartzeko. Kalkulatu dute azpiegiturek, hau da, bigarren multiplexa jartzeak zenbateko kostua izango duen: 1,5 milioi euro multiplexa jartzea eta urtean 993.000 euro seinalea zabaltzeko eta tresneria mantendu eta energiaz hornitzeko. Joan den asteko berria da Espainiako Industria Ministerioak Nafarroako Gobernuak eskatutako bigarren multiplexari baiezkoa eman diola (lau katerentzako tokia legoke, beste kontu bat da Gobernuak zein lau aukeratuko lituzkeen).

Orain arte Nafarroako espektro irrati-elektrikoari multiplex bat zegokion eta horri esker lau kate ikus daitezke. Lehentasuna Nafarroako kateek dute eta hala, Nafarroako lau katerekin beteta dago multiplex hori. ETB ikus ahal izateko bigarren multiplexa behar zen. Multiplexa lortuta, hurrengo pausoa Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza azpiegitura berria ordaintzeko akordiora iristea da.

Azkenak
Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-22 | ARGIA
Languneko zuzendari Lohitzune Txarola
“Hizkuntza gutxituen pisu ekonomiko eta estrategikoa aldarrikatu nahi du Langunek”

Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


Euskarazko testuak ahots bihurtzen dituen patrikako gailu inteligentea merkaturatu dute

Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Gemma Piérola
“Historiak ezin du ezikusiarena egin gu protagonista garen eguneroko arazo horien aurrean”

Duela 40 urte sortu zen Geronimo Uztariz Institutua, Nafarroako Historia beste era batera ikertzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Jende anitza bildu du lau hamarkada hauetan, eta gai ugari ikertu ditu denbora horretan. Historialari gazteak ere batu zaizkie. Zahar eta berriaren... [+]


Añube
Elkar besarkatzeko musika

Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]


Eguneraketa berriak daude