argia.eus
INPRIMATU
Laborantza Ganbera defendatu
Juan Mari Arregi 2010ko urtarrilaren 28a
Joan den astean egin zuen, Ainhize-Monjolosen, Ipar Euskal Herrirako ezinbesteko bihurtu den Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) bosgarren urteurren ekitaldia. Ezin da ahaztu Damoclesen ezpata mehatxuka dutela elkarteak eta arduradun nagusiek, Frantziako Estatuak bultzatutako beste epaiketa bat egingo delako otsailaren 18an Paueko Auzitegian. Hala ere, erakundeak zilegitasun osoa du, bost urte hauetan Ipar Euskal Herriko ingurumenera eta giza ingurura egokitutako eta nekazaritza jasangarriaren alde egindako jardueragatik.

Laborantza Ganberak bosturteko honetan 1.200 laborariri eragin dien 2.000 jarduera baino gehiago egin ditu. PAC-ak (Laborantza Politika Komuna) ematen dituen laguntzen tramitazioarekin erlazionatutako jarduerak, esplotazio berrien instalazioarekin zerikusia dutenak, uraren erabileraren inguruko diagnostikoak, formazio zikloak, konferentziak, ekitaldi publikoak... eta abar. Azken batean, Laborantza Ganberak lan egin du bestelako nekazaritza eredu bat eraikitzeko. Horregatik guztiagatik zorionak.

Hala eta guztiz ere, erne ibili behar da, zeren eta badirudi Frantziako Estatuko Prefekturaren interesak beste bide batetik doazela. Eta horregatik, Paueko otsaileko epaiketa erabakigarria eta berebizikoa da erakunde soziolaboral horren etorkizunerako. Erakundearen izenaz gain, Laborantza Ganberaren jarduera bera ere ezbaian dago. Osotasunean eraso zaio, edukiari eta edukiontziari, eta proiektu guztia da defendatu behar dena. Beraz, Euskal Herriko babes sozial, laboral, sindikal eta politiko osoa behar du. Bai jaio zenean eta baita bosgarren urteurrenean ere jaso duen babes berbera.