argia.eus
INPRIMATU
Far Westeko Euskal Herria
Pako Sudupe 2010ko urtarrilaren 27a
Pako Sudupe
Pako SudupeDani Blanco
Azken ehun eta berrogeita hamar urtean euskaldun asko joan da Ameriketara; liburu honek (Far Westeko Euskal Herria; Asun Garikano. Pamiela) Far Westera joandako euskaldunen berri ugari ematen du: gutun, bertso, kontakizun eta lekukotasunez baliatuz. Bost ataletatik luzeenak Mundu Berriko bizimoduak deskribatzen ditu.

Gogoan iltzatuak gelditu zaizkidanak artzainen eta abeltzainen arteko liskarrak izan dira. Lurraren jabetza eta larreen eta uraren erabilera egon ziren cowboy eta euskal artzainen arteko kalapiten sorreran, baina gero beste batzuk erantsi zitzaizkien. Cowboy gehienak gazteak ziren, ingelesdunak, zaldidunak eta bere buruaz harro zeuden. Prentsak eta Hollywoodek heroi mailara igoarazi zituen, eta haiek zabaldutako estereotipoaren arabera hasi ziren janzten: kapela handi, lepoko zapi eta bota berezi ezproidunekin. Artzain euskaldunak, haien ondoan, egungo errumaniarren paretsukoak ziratekeen. Hilketak gertatu ziren, gehienetan cowboyek eginak edo eraginak, baina badirudi (W. A. Douglass. J. Bilbao; Amerikanuak, 1986) bortxakeriara baino gehiago auzitara jo zutela lur-jabe amerikarrek, bai baitzekiten estatubatuar justizia alde izango zutela.

1924an Immigration Act delakoarekin kuotak ezarri ziren. Afrikako herriek 100 lagunetik behera bidal zitzaketen; 100ekoa zen muga Txinarentzat; 34.007 joan zitezkeen Ingalaterratik edo Ipar Irlandatik; 51.227 Alemaniatik; Espainiaren kasuan kuota 131 pertsonakoa zen; legeak amaitutzat ematen zuen Hegoaldeko euskaldunen sarrera legezkoa Far Westen; Frantziarentzat kuotak handixeagoak ziren. Inperioa nola egin zen jabetzeko ere balio du immigrazio bereizketa horrek.

Amerikartuei eta haien ondorengo euskal-amerikarrei eskainitako atala laburra da, baina aski honako galdera hau planteatzeko: harro egon gaitezke euskaldunak, batez ere Bizkaia aldeko, Baztan eta Iparraldeko laborari guneetatik joandako euskaldunek ehun eta gehiago urtean han egindako historiaz? Labur-zurrean eta salbuespenak salbuespen: lehen belaunaldiak gorriak ikusi zituen ingelesa ez jakiteagatik; bigarren belaunaldiak euskara baztertu eta ingelesa ikasi zuen, eta hirugarren belaunaldi ingeles-hiztuna saiatu da euskal erroak berreskuratzen, eta batzuetan hizkuntza. Ezin da gutxietsi, ezinbesteak eraginik, hizkuntza eta kultura arrotzetara egokitzeko izan dugun trebetasuna euskaldunok, atzerrian bezala aberrian, frantses, espainol eta anglosaxoietara; haatik, harroago ginateke geurea gehiago zabaltzen, azkartzen eta indartzen saiatu eta asmatu izan bagenu, hots, hala egingo bagenu!