Hauxe da duela hainbat urtetatik hona euskal lurretan ezarri den frantziar ingeniari eta hirigile gazteak testuaren hasieran botatzen duen galdera: ekologia politikoa zenbateraino da ideologia berri baten sorrera? Andrew Dobson-ek “Pentsamendu Berdea”z irekitako bideari jarraituz, ideologia bat zentzu politologikoan eta globalean existitzen dela baieztatzeko hainbat elementu behar dituela dio: gizartearen deskribapen analitiko koherentea, ideologia horren ideia nagusietan oinarrituta errebindikatzen den gizarteak nolakoa izan behar duen proposatzea edo deskribatzea, eta hori gauzatzeko ekintza politikoaren programa, mahai gainean jarritako ideal hori lortzearren burutu behar den aldaketa soziala abiatzeko.
Ez dago esan beharrik, gure iritziz, 1960ko hamarkadatik hona, mugimendu sozial berriak, bereziki feminismoa eta ekologismoa, kritika, aginduzko proposamena eta, kasu batean, patriarkatua eta hizpide dugun kasuan, ingurumenaren eta gizartearen krisialdia gainditzea ahalbidetuko duten programa eraldatzailea bateratzen dituen diskurtsoa osatzeko gai izan direla.
Ideologia berria marrazteko saiakeran, Marcellesik digresio labur bat egiten du, pentsamolde ekologistan eragin handiena izan duten egileei aipamen eginez. Argi bereizten ditu ekologia (ekosistemak aztertzen dituen zientzia) eta ekologismo soziopolitikoa, hau da, ingurumenaren krisialdia sortu duen ekoizpen eta kontsumo sistema gainditzea proposatzen duen mugimendu soziala. Eta hainbat idazle eta zientzialariri errepasoa egiten die (Rachel Carson, Ivan Illich, Nicholas Georgescu-Roegen, Vladimir Vernadsky, René Dumont, André Gorz eta abar), ekologismoaren genesi erreferentziala eta jarraibide ideologikoa markatu duten ideia eta diskurtsoetako batzuk nabarmenduz.
Halaber, 1968an sortutako mobilizazio zikloa ere du hizpide, pentsatzeko eta egiteko modu berri bat eratu zuen inflexio puntua adierazteko. Eredu berri hori ohiko ereduetatik bereizten da eta bakartzat ezarri nahi den mundu ideologiko bipolarraren (Washington ala Mosku, NATO ala Varsoviako Ituna) kritika politikoa egiten du.
Ondoren, bere ustez pentsatzeko eta mundua ikusteko modu berri honen ideia nagusiak direnak deskribatzen saiatzen da: antiproduktibismoa, sorpasoa, (bere hitzetan) kapitalismo-sozialismo dialektika gaindituko duen zentzuaren bilaketa eta erradikaltasun demokratikoa. A. Gorzen hitzak erabiliz, gizarte eta ingurumen krisialdia neurriz kanpoko pilaketa, errentagarritasuna maximizatzea eta oreka ekologikoak hausten dituen teknika erabiltzea eskatzen duen ekoizpen ereduaren ondorioz sortu da. Dobsonen bideari jarraiki, ingurumenaren aldeko mugimendua, hau da, gobernu gehienek eta ohiko alderdi politikoek arazo ekologikoetara hurbiltzeko erabiltzen duten bide administratiboa, eta mundu jasangarria lortu ahal izateko muturreko aldaketak proposatzen dituen ekologismoa bereizten ditu. Eta, ondoren, ekologia politikoa demokrazia lokal eta parte-hartzailearen aldeko, Murray Bookchin-ek konpromiso soziala esaten zion horretan oinarritutako eredu deszentralizatuaren aldeko apustua ere badela dio, gizartean ekosistema naturaletako elkarlana eta elkarreragina nagusi izan daitezen.
Teoriatik praktikarako jauzian, alderdi berdeak aukeratzen ditu ekologia politikoaren ideiak eremu politiko instituzionalean nola sartu diren azaltzeko adierazle garbi gisa. Eta nire ustez oker dago. Argi dago alderdi berdeak funtsezko elementuak izan direla ideologia berdea hedatzeko eta zabaltzeko, eta hauteskundeen eta politikaren eremuan nahiz instituzioen esparruan agertu izanak ingurumenari buruzko gaiak agenda politiko eta mediatikoetan sartu dituela. Baina, alderdi hauek Europako zenbait naziotan (Alemanian, Belgikan, Frantzian, Finlandian…) edo Ozeanian duten toki garrantzitsua albo batera utzita, munduko gainerako herrialdeetan, eta aipatutako herrialdeetan ere bai, noski, praxi ekologistaren protagonista nagusia mugimendu ekologista da eta diskurtsoa nonahi sortzen diren ingurumen gatazkatan egunero borrokan ari diren pertsonek daramate. Ekologismoaren praxi ideologikoa alderdi berdeetara mugatzen du eta alderdi hauek kalearen eta instituzioen arteko “transmisio-uhaltzat” jotzen ditu. Ondorioz, ez du ulertzen, zenbait kasutan hala gertatu den arren, ezin dela orokortu eta, bestalde, alderdien aurkako alderdiaren proiektu erreferentzia hark, 30 urtetako esperientzia aberatsaren ondoren, sistema demokratiko liberalaren gainerako alderdien gero eta antz handiagoa duela. Marcellesi kontraesan hauetaz jabetzen da eta testuan adierazten ditu, baina, hala eta guztiz ere, alderdi berdeak ekologismoaren adierazpen politiko-ideologiko nagusitzat jotzen ditu eta, nire ustez, halakorik ez da gertatzen.
Modu erredukzionistan borroka ideologikoa soilik ezker-eskuin edo demokrazia-totalitarismoa parametroetara mugatzen duen eskema bidimentsionala gainditzeko azalpenak ematen saiatzen da eta hori eskertzekoa da. Produktibismo-antiproduktibismo ardatzak ekologismoa, proposamen ideologiko gisa, non kokatzen den jakiteko balio du, baina, nire ustez, ahalegin horrek emaitza hobeak izango lituzke beste ardatz batzuk ere aintzat hartu izan balitu (erlijiosoa, nazionala, jeneroarena…), proposamen ideologiko berdea argitzen lagunduko luketelako.
Bestalde, berdeak ezkertiarrak ote diren ala ez betiko eztabaidari egiten dion hurbilketa eta ekosozialismoaren erreferentzia interesgarriak dira. Egia da ekosozialismoa beste korronte bat baino ez dela, ideologia ekologistaren barruko mikro-ideologia bat, Espainiako Estatuan nahiz munduko beste herrialde batzuetan nahikoa indar lortu duena. Hala ere, berdeak “ez ezkerrera, ez eskuinera, aurrera baizik” leloaren aldekoak izan arren, sozialismoaren eta liberalismoaren mendetako norgehiagokak ez ditu berdinak egiten, faxismoa eta stalinismoa berdinak ez diren moduan. Eguneroko errealitate soziopolitikoan, diskurtso teorikoaz edo ideologikoaz haratago, berdeek, alderdi politiko gisa, eta ekologismoak, mugimendu sozial gisa, aukeratu behar dute: alternatiba antikapitalistak ala ekoizpen eta kontsumo sistema bera. Zorionez, munduko mugimendu berdeko kide gehienak lehenengo aukeraren alde daudela uste dut.