argia.eus
INPRIMATU
Aukeran, prest
Ana Urkiza 2010ko urtarrilaren 27a
Ana Urkiza
Ana UrkizaDani Blanco
Idazleen “auraz” jardun du Ixiarrek. Eta gai honek eztabaida ezagun batera garraiatu nau. Hain zuzen ere, idazleak konprometitua izan behar duen ala ez. Galdera zaharra da baina ttakunkideon artean ere behin baino gehiagotan azaleratu dena.
Badira idazleak Ixiarrek aipatzen duen loria erdiesteko idazten dutenak, eta adierazpenetan euren burua saltzeko ahalegin hau argiro islatzen dutenak; badira idazleak literaturarekin konprometituak daudenak. Hau da, kalitatezko lana egitea dutenak helburu eta euskal literaturari berrikuntzaren bat eskaini nahi diotenak. Eta badira idazleak, idazle bat sailkapen bat baino gehiagotan egon daitekeela onarturik, beren inguruko errealitatearekin konprometituak daudenak: errealitate soziala, politikoa, linguistikoa, eta abar.

Idazleak, berez, hausnarketarako joera naturala duela esan liteke: inguruko gertakizunek eta bizipenek elikatzen dute eta gertaeren, objektuen eta pertsonen aurrean gelditzeko ohitura dauka. Idazleak, errealitateari argazkiak ateratzeko ohitura dauka, ondoren, argazki diakroniko horren gainean, argazkiaren atzean dagoen errealitatea ulertzeko istorio bat antolatzen duelarik; eta beste batzuetan, idazlea, koadro bat pintatzen hasten da. Hau da, ingurutik hartu dituen langai eta detaileekin, errealitatea bere erara margotzen du.

Hori dela eta, idazleen gehiengoak era bateko edo besteko konpromisoa sentitzen eta praktikatzen duela esango nuke, hausnarketatik edaten duelako; eta hausnartzen baldin badu, iritziari forma emanaz doalako, ezinbestean.

Idazleak denetik jakin behar du? Idazleak zernahiri buruzko iritzia izan behar du? Hauek eta beste asko galdetu izan ditugu eta dizkigute sarri. Batzuen erantzuna baiezkoa da eta besteena, aldiz, ezezkoa. Eta hortik datoz, hein batean, aurreko asteetan idatzi ditugun artikulu batzuk eta baita Ixiarren azkena ere. Argazkian ez ateratzeko ariketak zen bere lanaren goiburua. Berak, kanpora begirako zurrunbilo honetatik kanpo idatzi ahal izatea aldarrikatzen du. Idazleari gaur egun aitortu zaion “aura” gabe.

Iritzia emateko eta kolaborazioak egiteko etortzen zaizkigun proposamenei, ordea, “aukeran, nahiago ez” esaten ikasi duela zioen. Niretzat, “aukeran, nahiago ez” horrek zera esan nahi du: “Ez dizut ezetz esan nahi, ez dut zurekin gaizki gelditu nahi, baina iruditzen bazaizu, bada, ez”. Bestearengan uzten dugu, ia-ia, erabakia. Bai, behintzat, erabakiaren pisua. Eta lanean diharduenak, pisurik gabe behar du lanean jardun.

Aurreko batean esaten zidan lagun batek, lantegian goi-mailako postu baterako deitu ziotela eta sekulako presioa sentitzen zuela. “Ni ezezkoan nago” esaten zidan (halako eta bestelako arrazoiengatik) baina presionatzen ari zaizkit. Eta oker zebilela esan nion. Lantegian proposamen bat egin zioten. Baina erabakia berea zen. Bera zen bere burua presionatzen ari zena, hartu behar zuen erabakia zaila zelako eta erabakigarria izan litekeelako.

Beraz, ez du esan nahi idazleak egiten zaizkion proposamen guztiei men egin behar dienik, ez baikara errobotak eta leku guztietara ezin baikara heldu. Baina, gure konpromisoaren aurrean, gardenak eta koherenteak behar dugula izan bai. Erantzukizuna geurea da; gutxienez, erantzunarena. Eta baiezkoa esanez gero, baita lerroarteratzen dugun iritziarena ere. Niretzat, aurrera egiteko modu bat da. Ezagutzekoa. Ikuspuntu ezberdinak gerturatzekoa. Horregatik, nik, printzipio bezala, nahiago dut esatea: “Aukeran, prest”.