Hernanin eta Oiartzunen ez da zabor kontenedorerik ikusiko laster kalean, Usurbilen iaz egin bezala, hondakinak atez ate biltzen hasiko baitira bi udalerriotan. Prozesua oso aurreraturik dago eta bilketa sistema berriak izango dituen zutabe nagusiak erabakita dituzte dagoeneko: egutegia, ordutegiak, tasak...
Oiartzungo kasuan arreta berezia jarri diote autokonposta bultzatzeari, udalerriaren auzoetako urbanizazioa dela-eta emaitza bikainak ateratzea espero baitute; dagoeneko 260 familiak eman dute izena konposta etxean egiteko. Hernanin, herritar eta merkatariekin azkeneko bilerak egin ostean, etxe atari bakoitzean hondakinak nola bilduko diren definitzen ari dira orain, eta laster emango du jakitera Udalak bere proposamena. Gainera, hasi dira sistema martxan jartzeko materiala erosten eta dena ondo bidean, udaberrirako hondakinak modu horretan kudeatzea espero dute. Hala ere, prozesua jadanik hasia da lehen emaitzak erakusten: inoiz baino gehiago hitz egiten da kalean eta herritarren artean sortzen dugun zaborraz eta birziklatzeaz.
Usurbilgo “erara”
Oiartzuarrek eta hernaniarrek hilabeteak daramatzate hondakinez eztabaidan eta bide luzea egin dute gai hori jorratzen. Dena den, bidea erosoago egin zaie Usurbilen aurretik urratu dutelako. Hona herri hartako goiz arrunt bat:
Goizeko 9:00ak inguruan Usurbilgo zentroko kaleetan operarioak alde batetik bestera dabiltza hondakin organikoaren kubo txikiak banan-banan husten: “Organikoarekin normalean ez da batere problemarik izaten, plastikoekin jendea gehiago liatzen da” dio horietako batek. Ordu gutxi batzuk geroago ez da kalean zaborrik ikusten, eta kontenedoreek aspaldi utzi zioten paisaia itsusteari.
Usurbilen 2009ko martxotik biltzen dituzte hondakinak atez ate eta emaitza ikusgarriak lortu dituzte: %23a birziklatzetik %82a birziklatzera pasatu dira. Hala ere, atez atekoa jarri zenetik sistemaren egokitasuna zalantzan jarri izan du zenbaitek, batez ere
basura turismoari dagokionez; baina duela gutxi Udalak egindako inkesta baten arabera ehuneko oso txiki batek (%6,5) eramaten du maiztasunez zaborra inguruko herrietara, eta aldiz, herritarren %76,8 “ongi” edo “oso ongi” moldatzen da atez atekoarekin.
Euskal Herrian Usurbilgo “erara” egin da ezagun atez ateko hondakin bilketa sistema, baina ez da berria gurean, Iparraldeko herri batzuetan jada biltzen baitira atez ate hainbat gai –plastikoak batez ere–. Hondakinak jatorrian separatzen aspaldi hasi ziren munduko hamaika bazterretan, deitu
door-to-door, porte-à-porte, edo
porta a porta. Kolore askotako atez atekoak daude, printzipio nagusi batek gidatzen dituelako: lekuan lekura moldatu beharra. Horretarako ezinbestekoa da erakundeen eta herritarren arteko elkarlana eta informazio trukaketa.
Salernon ere “mobida” gunea
Hernanin atez atekoa martxan jartzeko bilera eta plenarioetan 1.120 lagun ibili dira –19.000 biztanletik– eta 45 pertsonako jarraipen batzordea sortu dute. Usurbilen parte hartze tasa dezente handiagoa izan zen arren, Izaskun Txintxurreta Hernaniko Ingurumen zinegotziaren ustez datuok ezin dira inolaz ere frakaso gisa hartu: “Nicola Foronik –parte hartze prozesuetan aditua eta Hernanikoaren dinamizatzailea– esan digunez jendea ez dago ohituta eta lortutako zenbakiak oso garrantzitsuak dira”. Bilerak zonaldeka (herrigunea, auzoak, landagunea...) eta sektoreka (merkatari, sagardogile, jubilatu, udal langile...) antolatu dira.
Horietan, atez atekoari buruzko nozio orokorrez gain, adibide praktikoen bidez herritarrei erakutsi diete hondakinak ondo bananduz gero erreusa noraino murriztu daitekeen. Horrez gain, gune edo sektore bakoitzarekin zerikusia duten zalantzak eta proposamenak azaleratu dira bileretan. Esaterako, Hernani txotx garaian murgildurik dago jada: nola egin bateragarri herri kaxkoan asteburuetan izaten den jendetza eta portal ondoan hondakinak uztea? Atez atekoa jarri den munduko beste herrietan ere antzerako zalantza eta beldurrak sortu izan dira; eta kasu askotan haiek bilatutako soluzioei begiratzea besterik ez dago.
Italiako Salerno hiria, askoz handiagoa bada ere (140.000 biztanle), Hernanirekin konparatu dezakegu nolabait. Salerno Napolitik 50 kilometrora dago eta hiri turistikoa da oso, bertikala eta dentsitate handikoa. CONAI birziklatze kontsortzioarekin elkarlanean atez atekoa jarri zuten hainbat auzotan 2008ko apirilean. Geroztik, sistema hiri guztira zabaldu da (57.000 etxebizitza eta 8.000 enpresa) eta %72ko birziklatze tasa lortu dute. 2009an
Ecomondo nazioarteko saria
eman diote hiriari, egindako lanagatik. Bada, Salernon ere arazoak dituzte
Zona Movida deituriko merkataritza eta ostalaritza gunean eta horri aurre egiteko ordutegi eta egutegi bereziak prestatu dituzte gune horretarako, herritarren kooperazioa bultzatuz. Hain zuzen, halakoxe zerbait proposatuko dute Hernanin, festa garai berezietan ordutegia aldatzea arazoak saiheste aldera.
Hernani estrategikoa
Aztiker enpresak egindako
ikerketa baten arabera, hernaniarren kezka nagusienak usain txarrekin eta garbitasunarekin lotuta daude, eta horrez gain, galdetutako askok zalantzak agertu dituzte ea Hernani bezalako “herri handi batean” posible ote den atez atekoa jartzea. Hernanin Zero Zabor (HZZ) taldeak baina, ez du zalantzarik: “Izan herri txiki edo herri handietan”, atez atekoa mundu osoan erabiltzen da. Hondakinen kudeaketa burutsu baten alde egiten du lan HZZk eta ahalegintzen ari da atez atekoaren abantailak erakusten. Horren arira, munduko zenbait hiritako adibideak
aipatu dituzte, horien artean Niort (60.000 bizt.) dago.
Frantziako hiri hau aitzindaria izan zen hondakinen kudeaketan 90eko hamarkadan eta lehenengotakoa atez ateko sistema jartzen,
Colvert izenez bataiatu zuten operazioaren bidez. Gaur egun ere holaxe jarraitzen du: astean behin biltzen dituzte hondakin organikoak atez ate, 120 litroko edukiontzietan. Niorten erraustegi bat jartzeko proiektua zegoen, baina herritarrez osatutako
kolektiboen oposizioa aurkitu zuen parean. Azkenean, 2005ean bertan behera geratu zen proiektua, besteak beste, zabor kopuru txikia erraustea justifikaezina zelako.
Hernanin atez atekoa jartzea estrategikoa da errausketaren kontra daudenentzat. Izan ere, horrek demostratu lezake Gipuzkoako urbanizazio konplexuan ere posible dela sistema hori aurrera eramatea eta alternatiba dela Zubietako plantaren aldean. Debagoienako mankomunitateko herriak ere aztertzen ari dira atez atekoa jartzea eta Usurbilen herri bat baino gehiagotako ordezkariak izan dira bilketa nola egiten den bertatik bertara ikusteko. Sistemaren hedapen hori beste herrialdeetan ere gertatu izan da, Herrialde Katalanetan, esaterako, hamarnaka dira dagoeneko, eta Ingalaterran zabaltzen ari dira birziklatzeko hondakinak etxean jasotzeko doorstep izeneko zerbitzu publiko eta pribatuak.
Ingalaterran eta Italian
Ingelesak lotsatuta daude euren birziklatze tasarekin, Europar Batasunean azkenetako postuan egon baitira urte luzez. EBren birziklatzeari buruzko zuzentarauak betetzeko asmoz 2003an zaborren lege berria onartu zuen Parlamentuak eta horren arabera 2010 urterako herritar guztiei gutxienez bi hondakin mota etxetik bertatik jasotzeko zerbitzua eskaini beharko litzaieke.
Friends of the Earth elkartearen arabera hondakinak jatorrian separatzea da gehiago birziklatzeko modurik eraginkorrena, baina oraindik asko dago hobetzeko
doorstep zerbitzuetan eta aholku batzuk eman ditu: etxebizitza askotako eraikinetan neurriak hartzea bilketa ondo egiteko, ahalik eta gai ezberdin gehien biltzea, bilketa egunak zabaltzea, informazioa eskaintzea... Gisa honetan, zenbait lekutan lortu dute birziklatze tasa asko igotzea. Esaterako, Daventry-n (22.000 bizt.) 1999an etxebizitza guztiei eskaintzen zieten zerbitzu hori eta gaur egun Ingalaterrako birziklatze tasa altuenetakoa du; 2008ko abenduko inkesta baten arabera herritarren %81 gustora zegoen hondakin bilketarekin.
Dena den, italiarrak izan dira aitzindari Katalunian eta Euskal Herrian ezagutzen dugun atez atekoan. Monza hiriko
Scuola Agrarian hasi ziren lehenik, 1980ko hamarkadan, hirietako parkeetan zaborra nola gutxitu ikertzen. Pixkanaka eskola hori erreferente bilakatu zen konpostaren eta hondakinen bilketaren arloan, eta egun, munduan ezaguna da Enzo Favoino eta Marco Ricci irakasleei esker. Bada, atez ateko bilketa azkar zabaldu zen Italiako hainbat hiritara 1993tik hasita, Monza edo Novara kasu, eta 1.800 herri baino gehiagotan erabiltzen da sistema hori daborduko, guztira 18 milioi lagunetik gora zerbitzatuz, %70eko birziklapen tasarekin. Adierazgarria da
La Repubblica egunkarian Ettore Livinik Italiako zaborrei buruz
idatzitako artikulua:
Bilketa (in)diferentziatua: birziklatzen ez duen herrialdea. Kazetariak egin erradiografian Milan edo Salerno bezalako hiriak goraipatzen ditu, baina kontrara, gogorarazten du Erroman edota Italiako hegoaldean birziklapenak apenas gainditzen duela %10a.
Campania eskualdean, adibidez, 1994an piztu zen
Emergenza Rifiuti deitu zaiona eta zaborrekin zer egin ez dakitela egon dira denbora askoan, 2008ko Napoliko irudi tamalgarriak ikusi arte. Ematen du hiri horretan gauzak hasi direla nolabait bideratzen eta alternatiba bezala atez ateko bilketa hartu dute auzo batzuetan. 20.000 biztanle dituen Colli Aminei auzoan hasi ziren lehenik eta zerbitzuak ateratako nota 7,11 izan da herritarrei
galdetu dietenean. Galdeketaren erantzunek agerian utzi dute, hala ere, asko dagoela oraindik hobetzeko: espazio falta, ASIA hondakin kudeaketa enpresarekiko konfiantza eza... eta abar.
Erreferendumak
Izaskun Txintxurreta Hernaniko zinegotziak garbi dio: “Hondakinek ez dute kolorerik”. Hala ere, ematen du Gipuzkoako kasuan ez dela horrela eta Mankomunitate nahiz udaletako kolore politikoaren arabera ari direla aukeratzen bilketa eredu bat edo bestea. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak zaborren errausketa hartu du soluzio final gisa. Aldiz, atez atekoa bultzatzeko arrazoi nagusietako bat da erraustegirik ez eraikitzea. Ideia kontrajarri horiek erakundeen arteko tira-bira ugari sortu dute. Esaterako, Usurbilen egitekoa duten konpost planta geldirik dago uneotan, Partzuergoak proiektua epaitegietara eraman duelako.
Kataluniako
Porta a Porta udalerrien elkarteak
ezinbesteko jotzen du kontsentsu politikoa atez atekoa aurrera eramateko: “Interes partidista duen edozein ‘gerra politiko’, modu baketsuan eta zentzudunean kontrarrestatu behar da” dio elkarteak bere manualean. Vilassar de Marren ondo dakite hori; udal gobernua eskuz aldatzean atez atekoa kendu baitzuten. Hala ere, Jordi Colomer orduko udal ingurumen teknikariaren hitzetan
ez da egia gobernua galdu zutela atez atekoa jarri zelako: “Politika hori baino konplexuagoa da” esan du prentsara bidalitako oharrean. Colomer San Markos Mankomunitateko teknikari aholkularia da egun, eta azaldu duenez Herrialde Katalanetan atez ateko bilketa sistema jarri den herri guztietatik bitan baizik ez zaio eman kutsu politikoa gaiari: “errealitateak erakusten du, Katalunian kolore guztietako atez atekoak daudela”.
Usurbilen alderdi bakarraren oposizioarekin jarri zen atez atekoa. Ondoren, herritar talde bat eredu horren kontra azaldu da, sinadurak bildu eta erreferenduma ere eskatu dute. Erreferendum hori otsailaren 26 eta 27an egingo da eta Xabier Mikel Errekondo alkatearen esanetan Udalak atez ateko sistema “konfirmatzea” du helburu: “Hau da benetako unea, bestela, orain arteko lan guztia zakarrontzira joango da”. Galdeketa berme guztiekin eta giro lasaian egitea klabeak izango dira azken emaitzetan. Italiako Argelato herrian (9.000 bizt.), atez atekoa martxan jarri ondoren, aldeko eta kontrakoak gogor mobilizatu ziren. Birziklatze tasa %79ra igo zen, baina paradoxikoki, 2008an erreferenduma egin zenean, sistema zaharrera itzultzeko aukerak irabazi zuen.
Garestia ala merkea?
Argelaton jendeak atez atekoaren kontra bozkatzeko arrazoietako bat izan zen “garestiegia” omen zela. Ekonomikoki begiratuta, Izaskun Txintxurretak azaldu du gutxi gorabehera tankeran geratzen dela kostua: “Biltzea garestiagoa da, batez ere pertsonalaren aldetik, baina birziklatutakotik ateratako diruarekin konpentsatu egiten da”. Baina zaborrak erraustea merkago ote da? Hain zuzen Katalunian eta munduko beste zenbait lekutan atez atekoa egiten hasi ziren erraustegiko tasak altuegiak zirelako udalentzat.
Esaterako, Frantziako Alpeetako Miribel et du Plateau komunitatean (20.000 bizt.) iazko abenduaren 1etik hasi dira hondakinak jatorrian separatzen gehiago birziklatzeko; urtean 14.000 tona zabor sortzen da eta horiek erraustea “karga ekonomiko garrantzitsua da” bertako arduradunen esanetara.
Kanpo loturak
*
1939ko albistea telebistan, Milanen atez ateko bilketa egiten.
*
Greenpeace Napolin atez atekoaz egindako esperimentua 2008ko “zaborren larrialdia”ri aurre egiteko.
*
Hernanin Zero Zabor taldeak Usurbileko atez atekoa ezagutzeko egindako bisita.
*
Italiako Capannori herrian atez atekoa egiten zaborran “zero” sortzera bidean.
*
San Markos Mankomunitateak Usurbilgo atez ateko sistema azalduz egindako bideoa.
*
Usurbilgo adibideaz TeleDonosti katean emandako erreportajea.
*
Kataluniako herrietan atez ateko hondakin bilketa nola egiten den.
*
Ingalaterrako Westminsterren hondakinak nola birziklatzen diren erakusten duen bideoa.