argia.eus
INPRIMATU
Ilea eta Aristofanes
Josemari Velez De Mendizabal 2010ko urtarrilaren 20a
Dani Blanco
Hasi berri den urte honetan berrogei bete dira Londresera lehen aldiz heldu nintzela, kotxez lagun batekin. Kerouacen izpirituari omenezko keinu bat egin nahi izan bagenio bezala, mundua “deskubritu” nahi genuen gure kabuz, garaiko gure talaia estu eta ertzez beterikoak ahalbidetzen ez zigun moduan. Ingalaterrako hiriburura ailegatu aitzin, baionar Pannecau kalean izan genuen lehen geltokia, gure bihotzak askatasun egarriz baitzeuden. Handik Parisera –Place du Tertre, Quartier Latin... Pigalle!– eta Calaisetik barrena Albion zaharrera.

Londresetik musika disko mordo batekin itzuli nintzen. Eta 33 bira minutuko haietako bat Hair musikalari zegokiona zen, urtebete lehenago editatua. Nire bildumaren izarrik preziatuenetakoa bilakatu zen eta etxetik hamaika lagun igaro ziren larunbat arratsaldeetan harribitxi harekin gozatzeko. Gure piurak ere aldatzen joan ziren, hippie tribu hark aldarrikatzen zuen bizimodu aske eta aurreiritziz gabean murgil egiteko. Eta, lehen lehenik, ilea libre hazteari utzi genion. Txima eta bizarra luzeak ziren gugan nagusi. Ilea genuen mundua aldatzeko nahia adierazteko modu aproposa. “Ilargia zazpigarren etxearen gainean dagoenean, eta Jupiter Marterekin lerrokatzean, bakeak gidatuko ditu planetak eta maitasunak izarrak” zioen gehien atsegin genuen abestiak.
Bi urte beranduago –udako abuztu kiskalgarrian– Montelarreinako kanpamenduan nengoen, soldadutzan. Asteburu batean Medina del Campoko musika emanaldi batera sartu ginen lagunok. Eszenategian Los Canarios taldea, Teddy Bautista bere liderrarekin. Egungo SGAEko presidente dena ausartu zen esatera, Hair abestia jo behar zutela abisatuta gero: “Ilerik gabe ez dago ideiak sortzerik”. Huraxe eskandalua! Gu, soldadu-trantze hartan kaskamotz, denetarik bota genuen musikarien tokira, eta zaintzakoek kalera atera gintuzten. Gure amodio propioan zauritu gintuen, gaur ile gutxi luzitzen duen exekutiboak. Eta gogoratu genuen, bazela musikaleko beste pieza bat: “Nire iritzia da, ile luzea eta beste itxura deigarriak, gizona lumadun dirdiragarri agertzeko kamuflaje txar bat besterik ez direla” zioena.

Eman dira beste urte asko eta goizero ispiluaren aurrean lehen aitortza pribatua egiten dudanean, buru gainean oso ile gutxi geratzen zaidala egiaztatzen dut. Bizarrari eusten diot, hori bai, gazte nintzela baino motzagoa, zainduagoa. Zuritzen ari zait, gainera. Nik uste dut “euskara salbo ikusi arte” harengatik segitzen dudala tinko. Eta, ispiluak itzultzen didan irudiari so, eguneko lehen promesak egiten ari naizela, seguru asko bizardun ehortziko nautela pentsatzeak ilundu egiten dizkit begitartea eta gogoa. Euskararengatik, noski. Portzierto, ez nituen Gabriel Aresti eta Mikel Laboa bizardunak ezagutu. Ez al ziren kontsekuenteak euren predikuarekin? Hain gaizki ikusten al zuten panorama?

Aristofanesek inbentatu bide zuen, bere antzerki obra batean protagonistak erdiko hatza jasotzean, gizadiak hain usu erabiltzen duen keinu lizuna. Aristofanesek ere idatzi zuen –Lisistrata– emakumeen sexu grebari esker Greziara bakea ekarriko zuen obra. Eta hala gertatu zen... bakea eszenategian bakarrik loratu zen arren. Gauero ilargia zazpigarren etxera ailegatu ote den begiztatzen dut nire leihotik, Haireko egileen promesaren esperantzan, baina susmoa dut –Lisistratarekin bezala– eszenategian bakarrik ematen zela Jupiter Marterekin lerrokatzea. Eta, halaber, musikalaren egileek erdiko hatzaren keinua ez ote ziguten oparitu pentsatu dut sarritan. A! Eta berrogei urte barru burusoil hutsa!