argia.eus
INPRIMATU
Sentitu, pentsatu, egin
Eneko Olasagasti @enekoOlasagasti 2010ko urtarrilaren 13a
eneko olasagasti
Eneko Olasagasti
Askori oso ezagunak, ezagunegiak egingo zaizkizue izenburuko –sentitu, pentsatu, egin– hiru aditz hauek orden horretan jarriak. Beste askori ezagunak baino aspergarriak ere bai.

Barkatuko didazue, aita beranta izan naiz eta atzerapenez iritsi naiz Pirritx eta Porrotxen unibertsora. Eta unibertsoa diot Kursaaletik etorri berria naizelako, eta BECen gertatutakoaren berri ere izan dudalako. Eta segitu aurretik barkamenak eta, era berean, eskerrak eman beharrean nago Josu Martinezi. Hark azaldu baitzidan, neronek zuzenean jaso aurretik, hiru hitz horiek gordetzen duten philosophia, Itsasoaren alaba bere dokumental zoragarri eta hunkigarriaren Donostiako Zinemaldian egin aurkezpenaren ondoren hartutako tragotik tragorako tartean.

Josu omen da sudur gorrien fan-ik sutsuenetakoa eta halamoduz portatu zen. Hitz gutxitan: “Ai, zeinen lehorrak garen euskaldunak sentimenduak azaltzeko momentuan!”. Zenbat kostatzen zaigun “maite zaitut” esatea. Zein gaizki konbinatzen ditugun izenburuko hiru aditzok.

Banan bana erabiltzea errazagoa gertatzen zaigu nonbait. Eta alor guztietan gainera. Sentitu asko sentitzen duenik bada noski. Baina ezin bigarren pausoa eman. Bada sentitu eta bigarrenetik hirugarrenera jauzi egiten duenik. Sentitu eta egin. Bada bigarrenetik aurrera egin ezin duenik. Pentsatu eta pentsatu... Beste konbinaketa posible bat: pentsatu eta egin. Baina sentitu gabe. Muinik gabeko hezurra. Eta badira egin eta egin aritzen direnak, ez sentituz eta ez pentsatuz. Eta konbinaketa hauetan sartzen dira armak eskutan dabiltzanak eta legebiltzarrean esertzen direnak.

Ai! Zeinen ondo joango litzaigukeen hirurak konbinatuz gero.

Espero dut Izarok, Josuren antzera, heldutakoan hirurak konbinatzea, nik egin nahiko nukeen moduan.

Milesker (Takolo), Pirritx eta Porrotx. Bihotzarekin sentitu, buruarekin pentsatu eta bi eskuak elkar bilduz egin. Orden horretan. Hobeto joango litzaiguke.