argia.eus
INPRIMATU
Komertzioa eta kontsumoa
Juan Mari Arregi 2010ko urtarrilaren 13a
Nafarroako merkataritzan ELA, LAB, CCOO eta UGTk langileen greba deitu dute igande eta jai egunetan lantokiak irekitzearen kontra, eta hurrengo hilabeteetan jarraipena izango du. Greba horrek hiru arazo nagusi jarri ditu mahai gainean: igande eta jai egunetan –zortzi egun izango dira 2010ean Nafarroan– lan egitera behartzen zaion merkataritzako langilearen egoera; merkataritza enpresen eta banaketa kateen jokaera; kontsumitzailearen ardura.

Langileek salatu dute igande eta jai egunetan merkatal zentroak irekitzeak euren bizi kalitatea kaltetzen duela, lanaren eta familiaren arteko kontziliazioa eragotziz. Enpresa handiek etekin handiena bilatzen dute eta ez zaie inporta horrek gizarte eredu kontsumista ekartzen badu, Nafarroako errealitate sozial eta ekonomikotik oso urrun. Beraien helburua negozioa da, zenbat eta gehiago, orduan eta hobe. Kontsumitzaileak erraztasun gehiago nahi ditu erosketak egiteko eta ez dio axola igande eta jai egunetan lanean ari den langilerik badago. “Emango dizkie opor egunak” pentsatzen dute horietako askok.

Interesen bidegurutze honetan, merkataritzako langileen interesak lehenetsi behar dira. Nahikoa urratua dago beraien bizitza familiarra eta soziala astean zehar, horrez gain igande eta jai egunetan lanean aritzeko. Igande eta jai egunetan irekitzea, gainera, enpresa handientzako baino ez da mesede, komertzio txikiak ezin baitu kostu hori bere gain hartu, eta neurri horrekin, oraindik gehiago hondoratzen dira. Merkataritzako langileak babestu beharko lituzketenak kontsumitzaileak dira, erosteko nahikoa denbora baitute astean zehar. Kontsumitzaileek igande eta jai egunetan irekitzen duten komertzioei boikota egiten badiete arazoa konponduko litzateke. Merkataritzako langileek atseden hartzeko eskubidea dute. Herritarren gehiengoak bezalaxe.