argia.eus
INPRIMATU
Umorea
Ana Urkiza 2010ko urtarrilaren 05
Ana Urkiza
Ana UrkizaDani Blanco
Gabonetako opor txikien aurreko zenbakian Katixak agur esan zigun eta bere azken hitz haietatik, beste gauza askoren artean, ideiatxo bat erreskatatu nuen: hiru ttakunkideon artean, mezu baikorrenak adierazten zituena zela zioen edo eta alaitasun gehien oparitzen saiatzen zena. Padronen eta nire mezuak serioagoak direla-edo esaten zuela uler zitekeen.

Bada, gaurkoan, garaiak ere hala eskatzen duelako, baikortasun hutsez idazten saiatuko naiz, batez ere, hurrengo ttakunkideari ongietorria emateko eta erdaraz esaten den bezala, “oin onarekin” gure artera dadila desio diodala adierazteko.

Ez da, hala ere, erraza, begiak itxita idaztea. Zeren eta begiak itxi ezean, hausnarketa gutxiengo batera garamatzan edozein gai ukituta ere, ez noa esatera baikortasun orok ihes egiten dizunik lurruna bailitzan, baina bai, kritikatik hurbilago leudekeen irakurketek betetzen dizutela lumaren ibilia.

Inuzente Eguna da lerro hauek idazten ari naizenekoa. Argiako irakurleek zenbakia urte berriarekin jaso dezaten, urte zaharreko egun xelebre honetan dihardut idazten.

Lehen, orain baino areago, Inuzente Eguna gure sormen eta umore ahalmena adierazteko eguna zen. Eta bizkarrean folio zurian moztutako gizontxo hanka eta esku irekiak izaten ziren egunari amaiera emateko erabiltzen genituenak. Hori zen, jada, eguna biribiltzeko azken “traka”. Orain, aisialdiko begiraleek esan dezatela, gizontxo horiek ez ote diren egunari hasiera emateko ume eta gaztetxoek marrazten dituzten lehen eta azken irudiak. Urte bukaerako txanpaina mahatsetan bustitzea bezain ohikoa egin zaigu jada, instituzionalizatu umore eta sormen erabilera eta, autobusean, norbait gizontxoa bizkarrean duelarik igotzen bada, irribarrea lapurtzen digu. Nola ez ba, besterik ezean!

Ezagutzen dut nik bat, behinola, mutil lagunari autoa lapurtu zionik Inuzente Egunez, edo adreilu bat oparitu, edo eta kafea azukrez barik gatzez prestatu. Lagunek zoratuta zegoela esan zioten grazia egin nahi izan zuenari; baina berak sortzen jarraitu zuen eta mutil lagunak, ondo pasatu ez bazuen ere, ez zuen umorerik galdu.

Beharbada horixe da gainontzekook ere egin beharko genukeena irensten zailak diren gertakizunekin: bestearen askatasuna onartzen eta errespetatzen ikasi eta umorea edo kirol zaletasun pixka bat gehiago praktikatu. Hau da, ezin da beti irabaztera jokatu edo eta jokatuta ere, onartu behar da, umorez, “galdu ere” egin daitekeela. Edo areago esateko, jokatzen den une orotan, “jolastu” egiten dela kontuan hartu behar da (batzuetan irabazteko eta besteetan galtzeko) baina oroz gain, “jolastu” egiten dela. Hori izpiritua.

Ez naiz iragarlea. Ez naiz ez, etorkizunak ekarriko diguna asmatzeko gai, ez eta telebistan iragarkiak jartzen dituena ere. Baina seguru nago zarata gutxiago suposatuko duela iragarkien desagertzeak ETBn egin zen Erregearen Gabonetako mezuaren grabaketak baino. Zeren eta aizue! ETB publikoa da baina TVE baita ere! Baina esan dutenez, ez omen da TVE Euskal Herriko txoko guztietan ikusten eta bai, ostera, ETB. Eta euskal txoko horietan ez zutenez Erregea ezagutzen, bada, horixe Erregearen mezua ETB bidez ematearen arrazoia! Hauxe, bada, gure umorea eta etorkizunerako kiniela... Inuzente Egunerako hobea, dudarik gabe.

Urte berriari, bada, umorea eskatu diot, askatasunez sortzen jarraitzeko aukera eta Katixari kasu eginez, alaitasun eta baikortasun gurdi bat. Ea ba, konplitzeko gai naizen!