argia.eus
INPRIMATU
CERNeko partikula azeleragailuak marka berria ezarri du
Joxerra Garzia 2010ko urtarrilaren 05a
Genevan (Suitza) dagoen CERN zentroko partikula azeleragailuak marka berria ezarri zuen azaroaren 30ean, partikulen energiaren alorrean. Azeleragailu berritua 2008an abian jarri zen, baina handik lasterrera matxura izan eta 2009ko azarora arte ez da berriro abiarazi. Azaroaren 23an partikulen arteko lehenengo talkak behatu ziren; eta azaroaren 29an 0,98 TeV, hau da ia mila milioi elektroi-volteko partikulak detektatu zituzten, ordura arteko marka guztiak hautsiz. Hurrengo egunean 1,18 TeVeko partikulak antzeman zituzten, eta hori da oraingoz munduko markatzat hartuko dena.

Une honetan, aurreikusitako etenaldian dago azeleragailua, eta otsailean abiatuko da berriro helburu askoz ere handiagoekin, 7 TeVeko energia duten partikulak lortu nahi baitituzte. Bitartean, azken hilabetean lortutako talken datuak mundu osoko hainbat ordenagailutan aztertuko dituzte. Gogoratu dezagun ikerketa honen helburuak direla, besteak beste, hutsaren energiaren izaera zein unibertsoaren lehen unean zegoen egoera hobeto ulertzea.